Banoa. Eskerrik asko!

Toki guztietara ohitzen zara azkenean, baina horrek ez du esan nahi, inondik ere, toki hori maite duzunik. Egon zaitezke gustura antzean leku batean, baina horren ondorioa ez da edonon eta edonoren aurrean leku hori gomendatuko, are laudatuko duzunik. Nik neuk, hemen idatzitako sermoien bidez askotan, gehienetan, badakit, kontrakoa adierazi dudan arren, duela hilabete batzuk, itzulera data zehaztu nuenean hain zuzen, ondorio bat atera nuen: Mexiko Hirian, finean, ondo pasatu dudala azkeneko urte eta erdian. Hori bai, inori ez nioke aholkatuko hemen bizitzea. Bolada baterako? Ez nioke inori gomendatuko, ez dudalako, oro har, hemengo bizimodua atsegin; sutu egin nazakeelako, tristatu. Baina tira, ejem, persona irekiak gara, eta Jesus Mari Garralda irakasleak zera esaten zigun: bakoitza den bezalakoa da eta nahi duen bezala jaisten ditu eskailerak.

Hasiera-hasieratik konturatu nintzen zirku basati hau ez nuela maite, baina beti egon naiz ekilibristarena edo pailazoarena egiteko prest. Hartu nuen erabaki bat, etorri nintzen, eta norberaren duintasun hutsagatik soilik baldin bada ere, borrokatzea deliberatu nuen. Behin etorrita, zer egin nezakeen…

Baina ez dut hemen aterrizatu aurretik kontatu zidatenarekin topo egin. Hasteko, eta ez daukat inori ezer leporatzeko asmorik, baina nahiko bakarrik sentitu nintzen, zentzu batean behintzat. Tira, leporatuko banie ere, ez lukete ulertuko… Kostatu zitzaidan onartzea bakarrik aurre egin beharko niola egoera berri bati, baina tira, batzuetan baldarki, beste batzuetan, bai, zergatik ez, trebetasunez, ba hartu nien neurria egoera batzuei, eta, batez ere, hartu nion neurria neure buruari.

Baina ez ezazue pentsa, zirku honetan izan ditut-eta bidaideak azkeneko urte eta erdi honetan. Nire lagun maiteak, esaterako, kapitulu, sarrera oso bat merezi du. Harengatik etorri nintzen hona, eta haren ausentzian ez dut uste hemen hamazazpi hilabete igaroko nituenik. Ala bai? Auskalo…  Bestela, hor egon da beti Gorka Larrañaga Iranixe laguntzar azkoitiarra. Bere etxeko ateak ireki zizkidan elkar ezagutu eta berehala, eman genion konfiantza elkarri, eta hitz-aspertu ederrak egin ditugu. Iruditzen zait, gainera, bai nik eta baita berak ere gogoan, edo inkontzientean, behintzat, bagenuela ba hor, Azkoiti eta Urretxu arteko punturen batean, Elosun, Gorlan, Aizpurutxon edo Oletan geundela, huntaz eta hartaz serio antzean edo barrez mintzatzen ginen bitartean. Horregatik guztiagatik, eskerrik asko, Gorka.

Mikel lagun herrikideari (eta baita Sabinari ere) ere eskerrak eman beharrean nago. Hemen zegoen bitartean, banekien beharra izanez gero hor egongo zela, gauza askotan elkar ulertuko genuela. Izan ere, antzeko ingurune batean jaio eta hazi bazara, antzeko heziketa jaso baduzu, antzeko bizipenak eduki, ba hori nabaritzen da gero, bai. Halere, neure burua justifikatzeko, ondokoa esango: uste dut hala dela…

Begira, elkartu etxe batean zazpi mexikar, sei espainiar, lau euskaldun eta bi frantziar, eta bai, hasieran denak nahastuta ikusiko dituzu, ija eta aja, baina jo ditzatela trago batzuk, igo dezatela musikaren bolumena, has daitezela dantzan, bestela mundua konpotzen, eta espainiarrak espainiarrengana bilduko dira, mexikarrak mexikarrengana, euskaldunak euskaldunengana, eta bi frantsesak elkarrekin hitz egiten ikusiko dituzu. Hori frogatu nuen New Yorken, eta hori frogatu ahal izan dut hemen. Normala da, ezta?

Eta ez ezazue pentsa, esan dizuedan LEGEZ morroi aski irekia naizenez, egin ditut-eta lagun mexikarrak. Tira, ikusteko dago lagunak, ezagunak, edo, azkenean etsaiak ote diren… Izan ere, harreman batzuek, batez ere rolak oso markatuta daudenean eta testunguru jakin batean sortzen direnean, epe luzera eta beste testuinguru batean ez dute funtzionatzen.

Testuingurua aipatu dut, eta, hain zuzen, hiria bera da maite ez dudana. Blog honetako sarrerak irakurri baldin badituzue, konturatuko zineten. Ez dut maite, kito. Zer egingo zaio ba… Jokatu nezakeen entusiastaren papera, kalean ikusten duen ororekin, bizi dituen gauza guztiekin emozionatzen edo harritzen denaren rola, baina ezin dut. Egunerokoan gerta daitezkeen eta gertatu zaizkidan gauzekin sutu naiz, ordea, eta ez, kasu horietan ez dut teatrorik egin. Izan ere, eta hau, beste gauza askorekin gertatzen ez zaidan bezala, oso argi daukat: gauza bat da Mexiko Hirian edo Mexikon barrena turista exotikoarena egitea, hango eta hemengo indigenekin pattarra edan eta kafea hartu duzula esatea, eta beste bat hiri honetan, 2015eko azaroan, gutxi-asko huts-hutsetik hastea.

Eta, zer arraio, barrenean eramango dudan gauzetako bat izango da, ba hori, ba beno, izan naizela gai mugitzeko, neure kabuz eta koipekerian aritu gabe gauza batzuk, sikira diru pixkat, lortzeko eta aurrera egiteko. Halako esperientzia batean zeure burua frogatzen duzulako, batez ere.

Orain, hemendik alde egin behar dudenean, sentitzen dudan beste gauzetako bat bitxia iruditzen zait. Ni banoa igandean, maiatza erdialdean berriro hasiko naiz BERRIAn lanean, eta hemen geratzen direnekiko nolabaiteko errukia sentitzen dut. Ez dakit ondo azaldu ote dudan… Ea, euskaldun edo espainiar batzuek esan izan didatenean ez dutela itzuli nahi, hemen gustura daudela, harridura eta tristura sentipen batek ibili izan ditu ene barrenak. Ba nik bai, nik nahi dut itzuli. Zergatik ez dute bueltatu nahi? Garraldak esaten zuena: bakoitza den bezalakoa da eta nahi duen bezala jaisten ditu eskailerak. Halere, lagunok, utz nazazue harritzen hori esaten dutenean…

Agian izango da nik ezin dudalako bat egin hiri honen idiosinkrasiarekin. Ea. Gizaseme baldresa baina pragmatikoa nauzue, eta hemen pragmatikotasunez hitz egiten baldin badiezue, aurpegira barre egiten diezu. Pailazokerietarako joera nabarmena daukat, bai, baina morroi serioa nauzue nire gauzetan, aizue. Eta hemen… Konpromiso faltak sutzen eta tristatzen nau, eta hemen… Horixe ba, grosso modo; ezin denean, ezin da. Eta bestetik, nahiz eta askori, beharbada, apeta burges bat iruditu, ba oso gogoko dut itsasoa 35 kilometrora edukitzea, ordenatua nauzuen neurrian kutsadura akustiko-bisual-ingurumenarena ez nozitzea, mendira joatea, azaroa eta apirila bitartean ahotik lurruna botatzea, abrigoak janztea, bizikletan ibiltzea, neguko eguerdi igande eguzkitsuetan ardoa edatea, beldurrik gabe eta balantzaka etxeratzea, Pitillo-renean kafea hartzea eta periodikoak leitzea, bat agurtzea, bestea egurtzea… Horixe dena.

Ez pentsa, halere, kalbario bat bizi izan dudanik; inondik ere. Hemen oso ondo jaten da, adibidez. Ezetz! Txantxetan ari naiz, ez nuen hain axalekoa izan nahi. Tira, ondo jaten dela egia borobila da. Bestela? Begira, ni sekula ez naiz izango Mexikoren gida turistiko bat; esan bezala, ejem, ez da nire asmoa hain axalekoa izatea. Baina argi eduki: mexikarrek umore ona dute, hizketarako pronto daude orokorrean, badakite disfrutatzen, oso-oso irudimentsuak dira… Eta bizitzari baikortasunez begiratzen diote. Hori nabarmenduko nuke, eta uste dut asko dela, kontuan hartzekoa bai behintzat. Baina lagunok, nik ez nuke hemen bizi nahi; ezta neskamea, txoferra eta rantxoa edukita ere. Ala bai?

Baina tira, pasatu direla hamazazpi hilabete eta nahikoa dela. Hemendik hilabete batzuetara askoz ere hobeto ikusiko dut zer eman duen urte eta erdi honek, baina coach-ek eta gisako XXI. mendeko apaizek esaten duten bezala pertsona bezala hazteko balio izan baldin badit, ba primeran, gustura, nahikoa. Ez dut Mexikorik behar, ordea.

Eskerrik asko, familia.

Eskerrik asko kuadrilla, betiereko helduleku hori, eta eskerrik asko lagun minei.

Eskerrik asko, Buru.

Eskerrik asko BERRIAko lankide eta lagunei eta beste komunikabide batzuetakoei nire lanak argitaratzeagatik.

Eskerrik asko Carlos Corral handiari, Carlos Ramirezi, Sergiori, Michelleri, Nachori, Xabier Santakiteriari, Josu Landari, Edurneri, Ricardori, Migueli, Paolari, Brunari, Imanol Lopezi, Txeskosi, Zapatari, Maiderri, Daiset eta Karinari, Marianari, Lourdes eta Joxeani, Juliari, Diegori eta Diegori, Edgarri, Clarari, Carlesi, Beatrizi, Luis eta Ameliari, Nahikori, Caradura-ri…

Mila-mila esker zuri, irakurle, sermoi hauek agoantatzeagatik, sarrera hauek irakurtzeko adorea erakusteagatik.

Eta eskerrik asko lagunari, noski.

Gora gu!

Kantua:

 

Dena ezabatu nahi nuen

Urte eta erdi daramat kafetegi honetara etortzen, eta, nola esan… Bai, modu oso sinple batean esango dut: zerbitzariak ez dira nitaz fidatzen, ez naute maite. Sartzen naiz, “hola” esaten dut, eta, oro har, agurtu ere ez naute egiten. Duela ez asko, sartu nintzen, begiradak gurutzatu genituen zerbitzarietako batek eta biok, “hola” esan nion, eta ez zidan erantzun. Haren ondotik pasatzerakoan, nahita, “hola” esan nion ia-ia belarrira, eta beldurtuta bezala, “hola!!” erantzun zidan. Horrek, zer nahi duzue esatea, mindu egiten nau.

Azkeneko urte eta erdian egunero etorri naiz hona. Hasieran zer nahi nuen galdetzen zidaten. Hasiera hartan geroaxeago eta orain bertan baino askoz ere adeitsuago jokatzen zuten nirekin. Kontua da ohitura finko samarrak dituen animalia naizela, eta beti gauza bera eskatzen dudala kafetegi honetan. Orduan, bigarren hilabeterako-edo galdetu ere ez zidaten egiten. Orduz geroztik, zerbitzaria berria ez den bitartean behintzat, ondoko sekuentzia errepikatu da: etortzen da zerbitzaria mahaira, uzten dit eskatutakoa mahaiaren bazter batean, “gracias” esaten diot beti, beti, eta tarteka, oso tarteka, gogo txarrez bezala esandako “de nada” bat aditzen dut. Horrek tristatu egiten nau, eta neure buruari galdetu izan diot ea inoiz itsusi jokatu ote dudan haiekin.

Tristatzen nau, beste bezeroekin hala jokatzen ez dutela ikusten dudalako egunero. Nirekin hasieran bezala, kafetegian aurrenekoz ikusi dudan jendearekin adeitsuak dira zerbitzariak. Ados. Baina badira ni neu bezala egunero etortzen direnak, eta haiekin jator jokatzen; irribarre egiten diete eta jarrera beste bat da.

Haiek, ordea, mexikarrak dira.

Lotsa sentitu dut idatzi berri dudana irakurtzerakoan, eta den-dena ezabatzekotan egon naiz. Baina ezin dut: sentitzen dudanarekiko zintzo jokatu beharko dut ba…

Hasiera pentsatzen nuen zakar samarrak zirela espainola nintzela pentsatzen zutelako. Beraz, haien burutazioetatik pentsamendu hori aldentze aldera, kokoteraino nengoen batean sakelako bidez euskaraz nahiko ozen hitz egiten hasi nintzen. Simulazio bat zen, bakarrik hitz egiten ari nintzen. Patetikoa. Noski, ez zekiten, ez zuten zertan jakin aditzen ari zirena euskara zenik.

Trikimailu patetiko hark ez zuen arrakastarik izan.

Duela hilabete batzuk, erreportaje baterako emakumezko mexikar baten iritzia behar nuenean, zerbitzarietako batengana jo nuen laguntza eske. Udan izan zen. Jator jokatu zuen. Aipatu nion PAIS VASCO-ko komunikabide batentzako zelako, eta oztoporik jarri gabe erantzun zituen nire galderak. Bide batez, besteek ere jakin ahal izan zuten PAIS VASCO-koa nintzela, hari proposatu aurretik beste bi zerbitzariri esan esan eta ezetz erantzun zidatelako.

Hortaz, iazko udatik badakite ez naizela espainola, PAIS VASCO-koa naizela. Baina hala izanda ere, jokabidea ez da aldatu. Ondorioz, haien nirekiko jarrerak ez dauka zerikusirik espainola, australiarra edo japoniarra izatearekin.

Zerekin, ordea…

Ogia ere erosi izan dut, erosten dut batzuetan, kafetegi honetan. Apal moduko batean daude, denontzat eskuragarri antza, eta handik hartzen nituen hasieran. Ba ez, ez da hori egin behar, eta, agian horregatik beragatik haien geroztiko nirekiko jokabidea. Auskalo… Hori ez dela egin behar dakit, behin, ogi bat hartu nuenean, kargu hartu zidalako zerbitzari batek. Jakinarazi zidan berak egin behar zuela… “Lasai, ez da ezer gertatzen, nik neuk hartuko dut”, esan nion irribarretsu. Mindu egin nuen, ordea. Izan ere, mexikarrak, oro har, ORO HAR,  haien eskemen barruan jokatzen duzunean, bai, oso-oso atseginak dira, are melengak. Bestela…

Joño! Oraintxe bertan ondorio batera iritsi naiz. Ez dutela nirekin normal jokatzen, nire jokabidearekin haien eskemak apurtzen dizkiedalako. Eskemak apurtzen dizkiet, ez dudalako inoiz protestatzen, ez ditudalako gauza batekin edo bestearekin mareatzen, ez diedalako esaten edo “Hola!!!¿Que tal?? ¡¡Buenas tardes!! ¡¡Cuanto me alegro de verte!” edo, bestela, alde egiterakoan, ” ¡¡Ohh!!¡¡¡Estaba buenísimo!!!¡¡¡Muchisimassss gracias!! Que tengan buena noche, que descansen“.  Hala egin beharko nuke?

Hemen, Mexikon, azken mendeetan zerbitzatzera ohitu dira zoritxarrez, eta, horren arabera, zerbitzariak paper bat jokatzen du eta zerbitzatuak beste bat. Gidoi horixe du pelikulak, eta ilehori zarpail honek ezin du gidoia aldatu edo toki baten idiosinkrasia irauli, baina ez ditu ez dagozkion edo deseroso sentiarazten duten rolak jokatu nahi. Baina ez badituzu rol horiek jokatu nahi, pelikulatik kanpo geratzen zara…

Ilehoriarena diot, Mexikon ilehoria eta normala izatea edo normala izan nahi izatea ez baita abantaila bat, hain zuzen. Horri buruz mahai baten bueltan edonorekin eta edonon eztabaidatzeko prest nago.

Ustez ilehori eta europar bezala dagokizun rola jokatu nahi ez baduzu, susmagarria izango zara. Susmagarria azokan, zu zeu joaten zarelako erosketak egitera; susmagarria azokan, langileetako bati esaten diozulako ez dagoela erosketak poltsan sartzeko beharrik; susmagarria auzoan, kalean, 20 litroko ur botila bizkarrean hartuta oinez ikusten zaituztelako; susmagarria lagunen, ezagunen eta beste piztia batzuen aurrean, garraio publikoan mugitzen zarelako, adibidez

Baina ez duzu susmorik piztuko hiritik bi ordura etxola batean bizi den emakumezko indigena bat etxea garbitzeko edo sukaldatzeko kontratatzen baldin baduzu; zeure txofer pribatuari deitu eta “mekagodios! non ostia zabiltza!” esaten baldin badiozu; hilabetero asteburu pasa Acapulcora edo Karibera joaten baldin bazara. Orduan ez, orduan hilehori mendebaldar gisa dagokizun papera jokatzen ari zara, eta erabat integratua sentitzeko pausoak ematen ari zara.

Hona etortzen diren mendebaldar gehienek zera esaten dute: “Mexikon dena dago egiteko”. Zer dago egiteko? Trenbide sareaz ari zara? Karibean europarrok soilik proposatu ditzakegun esperientzia “ahaztezinak eskaintzeaz”? Esplotatuta dagoen gizarte bat are gehiago esplotatzeko mekanismoak asmatzeaz? Luxuaren eta estatusaren izenean geure askatasuna murrizten duten zerbitzuak mexikar gizarajoei “prezio onean” saltzeaz? Zer demontretaz ari gara, zein logikatik hitz egiten dugu, “dena dago egiteko” esaten dugunean?

Begira, oraintxe bertan morroi bat pasatu da kafetegiaren paretik. Ni egoten naizen alderdiaren eta kalearen artean ez dago kristalik. Ba morroi hori deika-edo hasi zait: “Güero??E! Güero!! Business???”. Ba gaur txantxerako-edo ez nagoenez, zera esan diot irmotasunez: “Zer??? Zer???”. Alde egin du. Bai, behingoz nire papera jokatu dut.

Dudarik gabe: asko, den-dena dago egiteko.

Lotsa sentitu dut idatzi berri dudana irakurtzerakoan, eta den-dena ezabatzekotan egon naiz. Baina astelehen iluntzea da, lagunok…

Apuntetxoa (I): Ostiralean ez ditut kafetegiko zerbitzariak agurtuko.

Apuntetxoa (II): Ken Loach-en I, Daniel Blake  pelikula ikusi genuen atzo, eta astelehenarekin gaude.

Kantua: Goazen iparraldera, utz dezagun atzean asfaltoa.

Aste Santuan, soseguz

Pentsatuko duzue, bai. “Ostiral santua, eta morroi hau beroa ematen”. Ba bai, baina ez ezazue pentsa, hemen ere ospatzen da Aste Santua, eta, hortaz, ospakizun egunetan nik neuk ere merezitako atsedena, deskantsua, hartzeagatik, herenegun arratsalde-iluntzean idatzi nuen sarrera hau.

Lagunak jai du astelehena arte, baina ez gara inora joango, ez gara hiri-zirkuaren bihotzetik urrunegi ibiliko. “Ez, ez, gara kanpora joango. Hemen ibiliko gara, egunpasak egingo ditugu”. Maite dut ezer ez eta dena esaten duen justifikazio itxurako egindako esaldi hori. Euskal Herrian makina bat aldiz entzundakoa naiz. Izan ere, Andoni Aizpuruk bere programan (hori ez baita eguraldiaren parte hutsa) esaten duen bezala, “aprobetxatu” behar dira egunak, eta ia-ia delitua da ezer ez egitea. Tira, nahiz eta kanpora ez joan, nahiz eta egunpasarik ez antolatu, kosta egiten zait ba etxean gelditzea… Beraz, isilik egotea hobe izango dut.

Zergatik dira Aste Santuak opor egunak? 2017an? Beste hark esango zukeen moduan: really? Niri harrigarria iruditzen zait, baina, tira, gero gustura asko hartzen dugu jai Aste Santuan, eta Pazko Astean ere “egun batzuk” hartzea gogoko dugu.  “Deskonektatzeko…”. Aste Santuari zergatik eusten diogun jakitea gustatuko litzaidake. Eta ez dut uste beti bezala EAJk agintzen duelako denik, inondik ere. Batzuetan ahaztu egiten dut gurea herri kontserbadorea dela; finean, esanak esan, kontserbadoreak garela, eutsi zaleak… oraingoz behintzat.. Halere, egutegi ofizial bat-edo egituratzerakoan ez legoke lekuz kanpo Aste Santuko opor egunak beste nonbaiten kokatzea. PSEk, boterean egon zenean, hauspotu zuen Euskadi Eguna edo dena delako horterada hori, eta 2011tik 2013ra jai izan genuen egun hartan… Enrollatu ziren, bai, sozialistak… Nago ni zuetako gutxik dakizuela, buruz, noiz ospatzen genuen… Urriaren 25ean, lagunok.

Bederatzi, hamar, 11 edo hamabi urte genitueneko Aste Santuak gogoratzen ditut. Lagunari kontatu nion atzo gauean grisak zirela bai espirituz eta baita eguraldiari dagokionean ere, hala oroitzen ditut behintzat, baina egun haietan sosegu moduko batek blaitzen zuela Pagoeta ingurua (Urretxu), orduan guretzako mundua zena; hala esan baldin badaiteke behintzat. Erdi-behartuta zela pentsatzen dut, baina lagunok mezetara joaten ginen ostegunean eta ostiralean. Mezetara, baina bihurrikeriak egitera, zertara bestela. Izan ere, haurrak jolasa behar du… Ondo gogoan daukat lagun bati apaizak oinak garbitu zizkiola Ostegun santuan eta guk, mezetara joaten ginen ia bakoitzean bezala, ezin izan geniola barreari eutsi. Beste batean, eliza barruan, ospakizunaren erdi-erdian eta ia denen aurrean, zer okurrituko eta sekulako zarata ateratzen zuten aulki batzuekin jolastea. Bota zuen batek bat lurrera, gero beste bat besteak… Eta baita nik neuk ere, gauzek hausterakoan edo beste zerbait ukitzerakoan ateratzen duten zaraten zalea, oso zalea, izaki. Orduz geroztik, eta izango dira jada 25-26 urte, bizilagun batek ez dit aurpegira begiratu ere egiten… Aste Santuko kontuak, lagunok, Aste Santuko espiritu kristau onbera hori.

Gure espirituak, elizatik atera bezain pronto, futbolean jolastera joateko agintzen zigun, eta han joaten ginen, aldapan gora, geure kanpofubol kuttunera. Oraindik ere, handik pasatzen naizen aldiro hunkitzen naiz…

Gristasuna eta sosegua nahasten ziren Aste Santu haietan, eta oraindik ere ez zitzaigun tokatzen geure burua besteen aurrean justifikatzea eta “ez, ez, gara kanpora joango. Hemen ibiliko gara, egunpasak egingo ditugu” esatea. Aiogeroartebaiaiobenobengaaioagur!!!

Camilo lagun txiletar estimatuaren aholkuak jarraituz, testuinguratu dut ba gaurko kontakizuna.

Eta soseguz ari natzaizue idazten. Izan ere, Mexiko Hirian egin ditut egin beharrekoak zegozkidan lanei dagokienez, eta arindua hartu dut. Kristau eredugarri LEGEZ, ez dut erabateko arindua sentitu lan guztiak behar bezala bukatu ditudan arte.

Beraz, gaur goizerako lan guztiak eginak edukiko nituela jakinda, pasa den astean hitzordua egin eta gaur eguerdian ilea moztera jo dut Cynthiarenera, hiriko ileapaindegi cool eta estilosoenetako batera. Garagardo bat atera didate, eta ilea mozten zidan bitartean hitz eta pitz aritu gara. “Oh… Asko pozten naiz Euskal Herrira itzuliko zarelako…”. Ordaindu eta propina utzi ondoren, eguzkitan eta bakardadean bazkaltzea erabaki dut. Futbola, Bayern Munich eta Real Madrilen artekoa, ikusteko gogorik ere ez nuen… Ikusiko dut laburpena Kirolez Kirol-en. Beraz, terraza batera eguneko menu bat, menu corrido bat, jatera.

Lepo zegoen Metrobusa auzora itzuli naizenean, 16:30-etan, baina gaur ez, gaur amorrurik ere ez dut sentitu. El Chorrito azokako garbitokira gero, arropa garbiaren bila, eta behin zakuarekin etxera iritsita, galtzontzillo guztiak ote zeuden egiaztatzera. Ez, ez ezazue pentsa konponbiderik ez duen gaitz bat denik nirea, ez. Kontua da urte eta erdi honetan bizpahiru aldiz itzuli behar izan dudala Tonyren garbitokira, galtzontzilloren bat falta zelako. Tony deitzen diogu, baina auskalo nola deitzen den… Erreberentzia egiten didan morroia da. “Para servirle“.

Eta hona, kafetegira, nentorren bitartean, gogoratu dut asteazkena dela eta Ricardori euskara eskolak ematen egon beharko nukeela. Baina ez, duela bi aste eman nituen azken euskara eskolak. Kito. Izan ere, batzuetan besteetan baino gehiago, baina hasieran behintzat kosta egiten zitzaidan etxetik ateratzea, garraio publikoa hartzea, kafetegi batera, ezleku batera heltzea, arbela eta errotulagailuak ateratzea eta bi orduko eskola ahaztezin bat ematea. Onartu beharra daukat, halere, klasea hasi eta segituan berotzen nintzela; batetik, gogoko dudalako-edo, hori uste dut behintzat, didaktikoa izatea; eta bestetik, ikasleek erantzuten zutela, kontzeptuak barneratzen zituztela, ikusten nuelako. Hotzean pentsatuta, hemengo egonaldiak eman didan gauza onenetako bat izan da hori, euskara eskolak ematea. Arrazoiak, ordea, oso pertsonalak dira… Ondo gogoan daukadana da Ricardok behin esan zidana: “Baduzu pazientzia…”. Hortxe urtu nintzen ia… Abuztuatik martxoa bukaera arte asteazkenero eman dizkiot eskolak, eta tipoak ez du hutsik egin. Hutsik ez egitearena nabarmendu dut, hori ez baita ohikoena hemen. Abizen euskalduna du, aitona zuen bilbotarra, Musikenen egin nahi ditu gitarra ikasketak, gogoz prestatzen ari da hautaketa probetarako, eta lehen kolpean oso-oso lotsatia izanagatik, ikasle aparta izan da. Mila esker, Ricardo. Kafe bat hartzeko geratu behar dut harekin, eta ziur nago agurtzerakoan hunkitu egingo naizela… Horrelakoak gara erromantikoak, lagunok…

Nereari ere eman dizkiot eskolak; iazko urtarriletik, larunbat goizero, bere amaren etxean.  Amak esaten dit, hain zuzen, Trumpen semea naizela…Tira, batzuetan huts egin izan du Nereak, eta hilabete batean bi aldiz segidan huts egin zuen batean irmoki mintzatu omen nintzaion, bere hitzetan “erdi beldurtu” egin nuen… Izan ere, lagunok, hemen ez da hilabetero ordaintzen, klaseagatik baizik. Eta kontu krematistikoak kontu krematistikoak dira, aizue. Ez dut egun hura gogoratzen, baina orduz geroztik ez du kale egin. Aita zuen euskalduna, eta haren esanetan bere bizitzako zutarri nagusietako bat da euskara. Lotsa apur bat ematen dit hemen esateak, baina bueltatu behar nuela jakinarazi nion egunean negarrez hasi zen. Egia esan, ez nekien zer egin, zer esan… Kontua da gauza pertsonal asko kontatzen zizkidala klaseko atsedenaldian, hustu egiten zela nirekin…

Eta ni pozten naiz, zera idazteko eta esateko kapazak direlako: “Igor tonto samarra da. Klaseak ematen ditu astero, etxeko lana bidaltzen digu, materiala eman, baina oso serioa da klasean. Igorrek esaten du entrenatu bezala jokatzen dela. Halere, eskerrik asko klaseak eman dituzulako”.

Arrazoi askorengatik, eskerrik asko zuei. Saiatuko naiz zuentzako beste irakasle bat topatzen…

Gainera, beste bi ikasle eduki ditut. Tira, bati eskola bakarra eman nion, iazko urtarrilean. Esan zidan otsailean bi astez behin nahi zituela eta martxoan astero hasiko ginela. Atzetik ibiltzeaz aspertu eta irmoki mintzatu nintzaion. Erantzun ere ez zidan egin. Mexikarrek ez omen dute gatazka gogoko, hori dio herri jakinduriak.

Besteari larunbat arratsaldeetan eman nizkion eskolak, azaroa eta urtarrila bitartean. Bost bat klase izan ziren guztira, baina Gabonetatik bueltan, larunbatero zerbait zuenez, azken orduan abisatzen zuenez, eta beti haren atzetik ibili beharra neukanez, ba klaseak etetea erabaki nuen.

Baina beno, balioko zuen ikasteko…

Pena bakarra daukat: hemengo ikasleekin ez dut New Yorkeko Euskal Etxean izan nituenekin bezainbeste gozatu. Han zortzi-hamar pertsonari ematen nien, eta hemen, aldiz, bakarka. Hori batetik. Eta bestetik, ba ez dut hainbeste konektatu. Oraindik ere gogoan dauzkat New Yorken, Greenpoint auzoan, Lulu’s pubean, Joxean, Vito, Xanti, Lizet eta Timen konpainian edaten nituen garagardoak… Beste zirkunstantzia batzuk, beste jende bat, beste adin bat ikasleena…

Eta utzi nituen Mexikon euskara eskolak, eta arindua sentitu. Egin ditut egin beharreko lan periodistikoak, eta lasaitua hartu. Bakean ari natzaizue idazten Aste Santu bezperan, euria ari du, eta ia-ia behinolako Aste Santu grisetako sosegua sentitu dezaket.

Apuntetxoa (I): Bazkaltzen ari nintzela, tipo bat hurbildu zait. Baimena eman diot, hitz egiten utzi, eta egia esan espirituaz edo ez dakit zertaz aritu zait. “Eskerrik asko” esan diot eta alde egin du. Maite ditut egoera horiek.

Apuntetxoa (II): Laster lebitatzera iritsiko den auzoko yoga irakaslea sartu da duela ordubete-edo kafetegira, eta agurtu egin nau. Ez harritu laster lebitatzen ikusten baldin banauzue…

Kantua: Kantutzar krepuskularra.

Erosotasuna, edo auskalo zer den…

Zer iruditzen zaizkizue leku jendetsuak? Niri geroz eta estresagarriagoak eta itogarriagoak. Nola sentitzen zarete horietatik ateratzen zaretenean? Nik arindua sentitu ohi dut. Galdera horiek plazaratu dizkizuet, lagunok, lehengo larunbat eguerdi-arratsaldean Mexiko Hiriko zentro historikora eta haren ingurumarietara joan behar izan genuelako, lagunak eta biok, enkargu bat egitera.

Mexiko Hirian makina bat museo daude, baina ene uste apalean, hiri honen zentro historikoak berak ez dauka parekorik museo antropologiko eta soziologiko gisa.

Lagunilla izeneko geltokian atera ginen metrotik, eta irten eta berehala azoka batekin topo egin genuen; azoka bera geltokiaren sarrera-irteeran integratuta dago, egia esan. Eta ez ezazue pentsa azken urteotan Euskal Herrian modan dauden Erdi Aroko azoken antza duenik aipatutako azoka moldeak; inondik ere. Lagunillako metro geltokiko sarrera-irteera kale batean dago, eta, bai, kale horrek badauka espaloi bat, baina ezin duzu horretatik joan, ez dakizu zein zabalera duen, azokako postuek okupatzen dutelako. Beraz, errepidetik joan beharra daukazu, eta beste askotan esan izan dizuedan LEGEZ, oinezkoa etsaia da hemengo gidarientzako…

Iritsi ginen Republica Argentinara, larruzko jakak-eta saltzen dituzten kalera. Norabide bakarreko kalea da, eta postuak, esker-eskuin, bata bestearen segidan jarrita daude. Baina konturatu nintzen kalea okupatzen zuen jende saldoaren artetik ibilgailuak ere pasatzen zirela. “Nola da posible…”, hausnartu zuen ene ni mendebaldarrak… Eta kalearen sarreran, noski, horretara sartzen zen ibilgailu bakoitzari dirutxo bat kobratzen zion morroia ikusi genuen. Txoferrek txanpon batzuk ematen zizkiotenean tipoak egiten zituen keinuei erreparatzea nahikoa zen une horretan jaun eta jabe sentitzen zela ondorioztatzeko.

Azoka horiei Tiangis deitzen zaie hemen, eta Lagunilla-koan egonda nengoen; hori bai, aspaldi. Izan ere, behin harrapatuko nauzu, bi aldiz ere bai, baina gehiagotan ez… Osasuna zaindu beharra dago, badakizue. Izan ere, postu horietako langileek esaten-galdetzen dizute “que se le ofrece“, eta nik, behinola, eskuarekin esaten nien ez nuela ezer nahi, eta irribarre egiten nuen. Lehengoan ere hamaika aldiz, postu batean, hurrengoan, eta azkenekoan, esan-galdetu zidaten gauza bera, eta suediarrarena egitea erabaki nuen, nahiz eta jakin hori egitea irribarre egitea baino itsusiagoa izan daitekeela, agian, mexikar beti, nola ez, ondo hezitakoentzat. Irribarre egiten baldin baduzu, gainera, beharbada pentsatzen dute interesatuta zaudela, eta… Ingurura begiratu eta pentsatzen nuen neure artean: “Hau da hau kutsadura akustikoa… Hau da hau gainestimulazioa…”. Gero, noski, etxera iritsi ginenean, akituta geunden laguna eta biok, eta sofan eseri ondoren ordu erdi igaro genuen paretari begira elkarri hitzik esan gabe.

Esango nuke mexikarra kontsumista samarra dela, baina inuxente hutsa naizenez, Republica Argentina kalean barna gindoazean galdetu nion lagunari ea beharrezkoa ote zen hainbeste postu egotea, ze nezesidade, ea zertarako, ea postu bakoitzeko jabeak ateratzen ote zuen bizirauteko lain… Eta lagunak erantzun zidan jendeak nola edo hala atera behar dituela babak eltzetik, eta beste aukerarik ezean salerosketara jotzen dutela; bestetik, pentsatzen du baietz, ateratzen dutela bizirauteko lain. “20 milioi biztanle ditu hiri honek…”. Nekatuta nengoen ordurako, ez nekien zer erantzun, eta zera bakarrik okurritu zitzaidan: “Zeinen jakintsua zaren…”.

Di-da batean, munduko beste edozein gizakirengandik bereizten nauen ene pauso azkar, eraginkor eta dotorean alde egin nahi nuen handik, baina indar ezezagun ia-ia paralizatzaile batek poliki ibiltzera behartu ninduen. Museotan bezala, ene baitara bilduta nengoen, eta obra kontzeptual batek gure barrenak astintzen dituenean bezala, galdera pare batek ene gogoa inarrosi zuten: nolabaiteko zerikusirik ba ote du salerosketa basati honek Mexikon urteetan eta urteetan boteredunei, aberatsei eskaini zaien eta eskaintzen zaien zerbitzuarekin?

Iritsi ginen, azkenean, kalearen amaierara, arnasa hartu ahal izan genuen Zocalo plaza erraldoiaren bazter batera ailegatutakoan, eta konturatu nintzen New York Mets baseball taldearen bisera bat neramala jarrita. Esango nuke ba nik ez nuela nire auzoko taldearen biserarik erosi…

Azoketan, azoketan soilik, badakizue, saltzaileen atentzioa gehiegi ez deitzearren, isilik egon ohi naiz, baina Zocalo-ra iritsitakoan hitz egin nahi nuen, galderak planteatu nahi nituen. Berdin zen nori, edonori. Eta han ikusi nuen, geldi, bezero zain, Pedicab bat: bizikleta batean zerbitzu turistikoa zein taxiarena eskaintzen dituen lau gurpileko ibilgailua. New Yorken, bai Central Park-en eta baita Manhattaneko kaleetan ere, Pedicab bezala lan egin nuen hiru hilabetez, eta jakin nahi nuen Mexiko Hirian Zocalo-aren bueltan Pedicab bezala lan egiten dutenek zenbat diru irabazten dute. Kuriositate hutsa. Egin nizkion ba galdera batzuk morroi bati. Hemen, bizikletek ez dute sillinik, eta etzanda-bezala eragiten diete pedalei… Hasteko, galdetu nion ea motorrik ba ote zuen bizikletak. Baietz. “Zenbat diru irabazten duzue hemendik Arte Ederren jauregira bikote bat eramateagatik?”. 40 bat peso; hau da, bi euro. New Yorken, pentsa, 42. kalea / 7. abenidatik 35. kalea/5. abenidara bikote bat eramateagatik, 32 dolar: hasierako tasa, pertsonako, bost dolar; abenida bakoitzeko eta persona bakoitzeko, bi dolar; eta kale bakoitzeko eta persona bakoitzeko, dolar bat. 32 dolar, ezta?? Ba hori: latza… Eta gero galdetu nion zentroan barrena ordu-erdi edo 45 minutuko bidaia turistikoa egiteagatik zenbat peso poltsikoratzen zituzten: 200 bat peso, 10 euro. Han, Central Park-en, ordubeteko bidaia turistikoa-gatik, 100 dolar izan zitezkeen guztira; lasai asko, gainera. Eta orain, hura gogoratuta, lotsa pixkat sentitzen dut. Egia esan, inoiz ez nuen ulertu jendeak nolatan gastatzen zituen 100 dolar bizikleta batean paseo bat emateagatik; are sinesgaitza iruditzen zitzaidan… Baina nik ere babak eltzetik atera beharra neuzkan… Kapritxo inozo samarra iruditzen zitzaidan, eta zait, Pedicab-ean bueltatxo bat ematea edo hori taxi gisa erabiltzea… Baina gustatzen zaigu, antza, zerbitzatuak izatea…

Gustavo erreportariarena egin ondoren, Eje Central etorbide jendetsu eta zaratatsuan murgildu ginen, txokolate batzuk txurroekin jan nahi genituelako bertako kafetegi batean. Lepo zegoen, baina iritsi eta berehala libratu zen mahai bat. Eskatzen ari ginen bitartean, Ubereats zerbitzuko morroi bat ziztu batean atera zen kafetegitik, motxila ondo beteta zuela. Zer da Ubereats? Ba jatetxe bateko janaria edo edaria etxera eramaten dizun zerbitzu bat. AEBetan 30 bat hiritan funtzionatzen du zerbitzu horrek, eta Mexiko Hirian joan den irailean-urrian jarri zuten martxan. Ubereats-en motxila bizkarrean daramaten txirrindulari asko ikus daitezke hirian. Izan ere, esango nuke mexikar estandarrarentzat pagotxa dela halako zerbitzu bat edukitzea…  Janari-edari banatzaile bizikletaduna ere izan nintzen New Yorken ia lau hilabetez, eta, horregatik, nire elkartasuna adierazi nahi diet Ubereats-ekin sos batzuk irabazi nahi dituztenei. Izan ere, irakurri dudanagatik behintzat, bezeroa ez dago eskupekoa ematera derrigortuta. New Yorken, asteazken edo ostegun batean 15:00etatik 23:00etara lan eginda, 100 dolar irabaz nitzakeen eskupekoekin soilik. Han derrigorrezkoa zen: kontuaren %18a gutxienez. Tira, gutxiago ere eman zidaten noizbait eta istiluren bat edo beste eduki nuen, hain zuzen, horregatik… Baina hemen, egin ditzakezu pare bat kilometro bizikletarekin, jar dezakezu zeure bizia arriskuan (eta ez nabil exajeratzen), eta eskupekorik ez jaso.

Hura ez zen Ubereats bidez izan, baina behin etxe batera joan ginen kolonbiar eta mexikar batzuei kroketak nola egiten ziren erakustera, eskola gogoangarri bat ematera, eta supermerkatura osagaiak erostera joateko gogorik ez zutenez, Ubereats-en moduko zerbitzu baten bidez erosi zituzten. Etxe horretatik bizpahiru minutura dago supermerkatu bat…. Hona etorri arte, janaria enkargatua gabea nintzen. Hemen, aldiz, bi aldiz egin dut, eta egia esatea nahi baldin baduzue, ez naiz guztiz eroso sentitu etxera pizzak ekarri dizkidatenean. Ustez, ordea, erosotasunagatik egiten dugu enkargua… Erosotasuna izan daiteke, bai, baina nago ni beste zerbait ere badela horretara bultzatzen gaituena… Auskalo… Jada zer esaten dudan ere ez dakit…

Dakidana da duela gutxi banatzaile motordun bat iritsi zela gure pareko pijoen atarira, jo zuela txirrina, jaitsi zela pijoetako bat, eta leporatu ziola banatzaileari, ez oso tonu onean, gainera, berandu zetorrela. Besteak “osfjsdklfjdsakljkl señor” erantzun zion. Motoarekin a toda ostia ibili beharra, eta, pizzerira buelta eskupekorik gabe eta errieta jasota. Zerbitzua, erosotasuna, al da bilatzen duguna?

Beharbada ez dugu jendearekin nahastu nahi; gogaitu egiten gaitu horrek eta geure burbuilatxoan jarraitu nahi dugu…

Apuntetxoa (I): Zinematik bueltan, metro geltokira bidean, tipo bakarti batekin gurutzatu: begian ubeldura, ezpaina hazita, eta begirada galduta. Oso ohikoa hemen…

Apuntetxoa (II): Biolentzia sexistaz ohartarazteko iragarkiak pasatzen dituzte Metrobus-eko monitoreetan.

Kantua: Kantutzar hau gogoratu dut…

Dei batek aztoratzen zaituenean…

Ondo gogoan daukat. 2002ko urria. Kilometroak festa Urretxun, eta Andoitz eta biok, txosnan turnoa egin ondoren, Etxaburutik behera herrirantz. Eta kontatu zidan neska bat oso gustuko zuela, hor-hor zegoela kontua. Elena zen hura, nire kale bereko neska. Ia hamabost urte geroago, Ane lau kiloko haurtxo ederra jaio da. Zorionak bioi!

Eta kontuz, Andoitz ez baita edonor. Izan ere, Euskal Herrian, are munduan, gutxi izango baitira Zoncolaneko aldapatzarra (Italia) 39x28ko garapenarekin, Mendiz etxeko bizikleta batekin, igo dutenak. Tourmalet eta Luz Ardiden igotzera joan ginen beste batean. Hasiera batean Mont Ventoux-era joatea zen gure asmoa… Tira, Luz Saint Sauver-etik igotzen hasi eta berehala, mapetan existitzen ez diren bidezidorretan barna galdu zen Homer, eta Biainek eta biok ezin izan genion, noski, Andoitzen gurpilari eutsi. Iritsi ginen ba azkenean Bian eta biok gora. “Eta Andoitz?”. Han agertu zen, bai. Luz Saint Sauver–tik goraino igo eta gero, La Mongie-ra jaitsi eta mendatearen azkeneko 4-5 kilometroak berriro igo zituela esan zigun puzkarra bakardadean botatzen duenaren lasaitasunarekin. Jo eta bertan akabatu nahi nuen… Garagardo pare bat edan genituen tontorreko tabernan, eta arratsaldean Luz Saint Sauver-eko kanpineko igerilekuko txirristan umeen gisara ibili ginen. Askotan gogoratu izan dugu asteburu eder hura… Txirrindularitza zalea da Andoitz, baina batez ere txirrinduan ibili zalea. Eta betidanik izan da hala; ez dela, alegia, azken urteotan ugaldu den den zikloturista erdi-profesionalen kastakoa.

Txikitan, futbolean abil samarra izaki, Larrañaga deitzen genion Juan Antonio Larrañaga Realeko libero historikoaren omenez (ikusi, ikusi bideo hau 30. segundutik aurrera: nola mozten duen Larrañagak Oviedoren erasoa, nola pasatzen dion baloia Carlos Xavierri, maisu portugaldarraren pase ametsezkoa eskuin oinaren kanpoaldearekin, Kodroren desmarkea… Gozamena. Hamaika aldiz ikus dezaket jarraian). Isio deitzen diogu orain, Pipi ere batzuetan… Tira, bera ere trebea da ba besteentzako ezizen surrealistenak aukeratzerakoan: Kartoffel, Katxuli, Buker… Kuadrillako koipeztatzailea da, saltseroa, eztabaidatu zalea, justiziaren defendatzailea, eta nik neuk, pertsonalki, egon izan ez denean faltan bota izan dut, txispa pizteko kapaza baita. “Dontzu hoi!”. Duela gutxi esan zenidanez, apirilaren 26an, zure urtebetetzean, Larrañagak, hain zuzen, aurrenekoz Liga irabazi zuen egunean, afalduko edo meriendatuko dugu.

Baina zer diren gauzak. Albiste oso pozgarri bat, are hunkigarri bat, jaso, eta hiruzpalau minutu geroago zenbaki ezezagun batetik deitu didate telefonora. Zenbaki hori Mexikokoa ez zela konturatu naiz, eta, hortaz, “ejem… bai?” esanez erantzun dut. ETB 2-ko Equipo de Redacción programakoak ziren. Emakumezko batek, jatorki, azaldu dit zeri buruzkoa den saioa, eta nirekin harremanetan jarri direla jakin nahi dutelako ea badudan Mexikon gertatzen diren express bahiketa-ren baten berri. Aho bete enpaste geratu naiz, eta erantzun diot ezetz, edo ez dudala gogoratzen behintzat. Eta oroitu dut Maria Villar Galaz bizkaitarrari gertatutakoa. Joan den irailean bahitu, bortxatu, txikitu eta hil zuten, express bahiketa baten bidez. Zer da express bahiketa bat? Ba, gutxi asko, bahitzen zaituztela, eramaten zaituztela kutxazain batera, eta zeure kontu korrontetik dirua ateratzera behartzen zaituztela. Datu bat: 2014 eta 2016 artean, Mexiko Hirian bizi ziren (edo diren) hamabi espainiarrek jasan behar izan zuten express bahiketa bat.

Delorean taldekoak ere baihitu zituzten Mexikon duela lau urte, baina ordukoa bahiketa birtuala izan zen. Zorionez ez zen ezer gertatu, baina ordu batzuk guztiz beldurtuta igaro zituzten Ekhi Lopetegik-eta. Ondo aski ezagutzen dut, gainera, gisa horretako bahiketa bat jasan zuen kataluniar bat… Hura ere onik atera zen.

Villar Galazena gertatu zenean ere deitu zidaten ETB 2-tik, eta Adela Gonzalezek gidatutako programa batean parte hartu nuen. Zuzenean sartu, eta Gonzalezek galdetu zidan ea zein zen kasuari buruzko azken ordua. Esan nahi nion azken orduaz haiek nik baino gehiago jakingo zutela (horretarako daukate erredaktore talde bat, adibidez), baina nik hitz egin niezaikeela taxien funtzionatzeko moduaz-eta, esaterako. Ez nion hori esan, noski, oraindik ere ez nago burutik jota, baina taxiez eta hitz egin nien, azken orduaz mintzatzeak zentzurik ez zuela iruditu zitzaidalako.

Enfin… Esan nahi dudana da inoiz ez didatela deitu Mexikoren gauza onei buruz hitz egiteko. Bai, badakit, ulertzen dut, normala ere bada; ez duzu horri buruzko programa bat egingo, ez du zentzurik egiten diren saio moldeak kontuan hartuta.

Hona etorri aurretik, 2015eko urrian-edo, Adrian eta Mikel lankide estimatuekin nengoen laneko urtebetetze-merienda batean, eta Mexikoz, nire bidaiaz-eta hitz egiten hasi ginen. “Kontuz Chapo-rekin”, “Narkoak elkarrizketatuko al dituzu?”, “Ez ezazu gehiegi bidaiatu”. Halakoak esan zizkidaten, erdi-txantxetan, kariñoz.  Garai bertsuan, kuadrillakoak taberna batean geunden, eta Borjak nigatik topa egitea proposatu zuen: “Tiroz josi dezatela!!”, esan zuen Borjak, txantxetan, basoa edo kopa altxatzen zuen bitartean. Barrez lehertu nintzen, egia esan.

Txantxetan ari ginen, bai, baina, adibidez, nik banuen hemengo iparraldeko estatuetara, Chihuahua-ra adibidez, autoz eta eguzkitako betaurrekoak jarrita joateko asmoa, baina ez joatea gomendatu izan didate hemengo lagunek. Izan ere, han goran ez da giro…   Autobusez gauez bidaia luzeak ez egitea aholkatzen dute, era berean. Kakati bat ote naiz? Horren guztiaren harira, atzo zera esan zidan hemengo ekintzaile sozial batek: “Iraken gaudela dirudi”. Hori ba, ez dudala nik esaten, 60 urte pasa dituen hemengotar batek baizik. Haren ustez, biolentziari dagokionean, Mexiko Hiria oasi bat da errepublikaren barruan. Hala bedi!

Gero, noski, jatorri euskalduneko mexikar bat haserretu egin zitzaidan irrati batean Mexikoz gaizki-edo hitz egin nuelako, haren ustez. Epelak esan zizkidan tipoak guasap-ez… Zein da jendeak munduan Mexikoz duen irudia? Justifikatuta al dago? Komunikabide nagusien asmakizun bat al da? Tira, munduan Euskal Herriaz galdetu eta ez dizute Betagarriz, Sarako kobez edo San Telmo museoaz hitz egingo; agian, Athleticez edo janariaz, baina gehienetan ETAz.

Mexiko, hortaz, ia Latinoamerika osoa bezala, biolentzia egoera batekin lotzen du herritar xeheak; alerta ibiltzearekin, “kontuz”-arekin, hura edo bestea ez egitearekin… Justifikatuta al dago alerta hori, ia-ia psikosi hori? Esango nuke neurri batean behintzat justifikatuta dagoela.

1970etik 2000aren hasierara haien militantzia politiko edo sozialarengatik Mexikoko Gobernuak desagerrarazi zituen ekintzaileen omenezko museoaren zuzendariarekin egon nintzen atzo. 700 baino gehiago izan ziren desagerrarazi zituztenak. 2000tik hona, narkoaren kontrako ustezko gerraren ondorioz, 30.000 persona desagertu dira, 200.000 hil, eta milioi bat baino gehiago dira biolentzia horren ondorioz desplazatutakoak. Horiek dira zenbakiak. Eta ez da, antza, ezer gertatzen. Inpunitatea da nagusi, Tira, hemen, eta mundu guztian; begira, bestela, zer gertatu den Sandra Barrenetxearen tortura salaketekin…

Beraz, ziur nago inoiz ez didatela deituko kontu positiboei buruz hitz egiteko. Eta baditu, e? Eskubide sozial batzuei dagokionean, adibidez, munduko toki aurreratuenetako bat da. Baina gure txokoan gertatzen ez baldin badira, kontu onez ez dugu ia hitz egiten; geuk ere ez.

Tira, Andoitz, Elena, Ane, zuen pozarekin kutsatu nahi dudala eta bahiketa, biolentzia eta halakoak ahaztu nahi ditudala!

Apuntetxoa (I): Primi zakurrak suizidaki gurutzatu behar zuen errepidea, baina etxepean loreak eta eztia saltzen dituen gizonak eragotzi du tragedia.

Apuntetxoa (II):  Jende maingu edo, esaterako, igeltsudun asko ikusten dut egunero… Bai, Jorge, agian Iraken gaude…

Apuntetxoa (III): Gidoi ikastaroan American Beauty ikusi dugu. Ze ona…

Kantua: Delorean aipatu dugunez, haien Into The Plateau (2006) gogoangarriko kantu bat.

 

Aurrenekoz ikusi dut pertsona

Lehengoan, nire bularrean negar egiten zuen bitartean, pertsona sinesgarria iruditu zitzaidan aurrenekoz, eta morroi oso sentsiblea naizenez, nik neuk ere busti nituen begiak, umeari nola belarrira “lasai, ez da ezer gertatzen” xuxurlatzen nion bitartean. Ordubete eskas lehenago iji eta aja zebilen artista, izarra, ostiral gaueko ekimen “iraultzailearen” antolatzailea, baina lagunaren eta bioi hurbildu zitzaigunean, agian espero baino lehenago bakarrik geratu zenean, txikituta agertu zen gure aurrean, eta ederki hustu zituen barrenak performer eta “sortzaile eszenikoa” dela esaten duenak.

Artista mota batek neurririk ez duela ondorioztatu nuen: subidoi uneetan mundu guztia, den-dena, zoragarria iruditzen zaie, eta edozerk eman diezaieke haien hurrengo pieza epatatzailerako aitzakia, edo hori esaten dute, behintzat; bajoiarekin dabiltzanean, ordea, egiten duten oro hutsaren hurrengo dela sentitzen dute, eta nekez altxatzen dira ohetik.

Pasa den ostiral gauean nire bularrean negar egin zuen pertsonak artista iraultzailetzat-edo dauka bere burua. Duela ia bi hilabete, bajoietik subidoierako bidean zegoen batean, etxean egon zen kafea hartzen, eta sermoi latza bota zigun lagunari eta bioi; pulpitutik ari zela eta haren elizako akolitu bihurtu nahi gintuela zirudien. Jupiter eta Saturno arteko punturen batean, zehazki ez dakit non, bizi da persona hau, eta adierazi zigun askeak garela, bizitza honetan nahi duguna egin behar dugula, bulegaria izatea denbora galtzea dela, edozertarako kapazak garela. Bajoiaren eta subidoiaren arteko bideko edo bidaiako ajeak medio, ba adierazi  zidan kazetari bikaina nintzela eta sekulako bihotza dudala; lagunari esan zion, berriz, “krak bat” dela. Pozten naiz ba, baina egin dudanari edo egiten dudanari buruzko arrastorik ere ez du.

Ez dut oso ondo gogoratzen zer erantzun nion, baina lagunak segituan nabaritu zuen ez nengoela ados esaten ari zen txorrada barregarri bezain negargarri saldoarekin, eta iruditzen zait sortzaile eszenikoak berak ere nabaritu zuela gogaitzen ari nintzela.

Ez nengoen ados, egiten duena ez zaidalako ez sinesgarria ez erakargarria egiten, eta Jupiter eta Saturno arteko puntu itxura batean happy horretatik lezio galanta ematen ari zitzaigula iruditu zitzaidalako. Artista transgresoretzat-edo dauka bere burua, baina egiten dituen ekintzat erridikuluak, are fisikoki arriskutsuak direla pentsatzen dut gehienetan. Ekintza orori, gainera, pentsamendua, laugarren mailako filosofia dosiak gehitzen dizkio. BERRIAk herenegun argitaratu zuen Gorka Erostarbe laguntzarrak Koldobika Jauregi artistari egindako elkarrizketa interesgarria, eta halako batean zera dio Jauregik: “Nik uste dut artean fantasma asko dagoela. Gaitasun gutxiko asko dago. Arteak ez dio inoiz kenduko espazioa filosofiari edo jakinduriari. Bakoitzak du bere esparrua. Artean materiala beti izango da materiala, gure eragina sufritu ala ez. Teorizazio gehiegi dago, eta ulertu ezin diren milaka gauza esaten dituzte. Zenbait arte argitalpen ez dago ulertzerik ere, ezta artean gabiltzanok ere. Arteak berez dauka estetikoki sekulako indarra, horretarako sortu zen. Guk egiten dugu bizitza laburbildu eta erreproduzitu estetikaren bitartez”.

Horixe ba.

Performer hau munduaren aurrean agertzen da pertsona glamour-dun baten gisara eta bere burua modurik histrionikoenean nabarmendu nahi izaten du: dela biluztuz, dela festaren antolatzailearen etxean dutxa bat hartuz 03:00etan… Askea dela dio, baina ni oso eszeptikoa naiz haren jarrerarekin.

Egiten dituen ekintza transgresore-en berri ematen du sare sozialetan, eta mundu guztiak goratzen du; mundu guztiak esaten dio baietz, “guau!!”, ondo jarritako bi obario dauzkala, ausarta dela, ikusi nahi dutela, bere artea maite dutela… Baina lehengoan, benetan diotsuet, artista hau bakarrik zegoen, oso bakarrik eta txikituta; ¡eta lepoa jokatuko nuke ez zela subidoiaren ondorengo bajoi estandarrarengatik.

Bi performace eta hitzaldi bat antolatu zituen lehengo ostiral gauean, hiriko terraza nice batean. Haren azken sormen lanak erakustea zuen asmo. Sare sozialetan haren jardunak duen arrakasta ikusita, espero baino askoz ere jende gutxiago bildu zuen ekimenak. Lehen performancea askatasunari buruzkoa zen antza, eta protagonistak eta beste batzuek 20 minutuz errepikatu zituzten hainbat kontzeptu (poesía, fuego, libertad, creación…) neska bat biluzten zen bitartean. Neska horrek gero, noski, nola bestela, parte hartzea bultzatu behar da, purpurina pixkat eman zien eskura inguruan zituenetako batzuei.

Hitzaldia feminismoei buruzkoa izan zen, txantxarik gabekoa. Adituak ziren hizlariak eta gustura egon nintzen.

(Alvaro lagun espainiarra pasatu berri da kafetegiaren paretik eta bi hitz egin ditugu. Tipo jatorra, umoretsua).

Bigarren performance ukitu elizkoiekoa suaren bueltan egituratu zuen, baina hotz antzean utzi ninduen. Eta ondoren ahots kritikoak, adituak, bildu ginen garagardo batzuen bueltan, eta ikusi berri genuen perfomancea aztertu genuen. Baina hori gutxienekoa da.

Protagonista iji eta aja zebilen. DJ bat eta kunbia elektronikoko talde bat ere gonbidatuta zeuden festara, baina jende gehienak nahiko azkar alde egin zuen handik. Eta orduan, Ruper maisu lagunak elkarrizketa batean behin esandakoarekin gogoratu nintzen: “Gure artean entzun dira musikariak kexatzen, gutxienekora ez heltzeagatik. Badakigu hori hala dela, eta lehenago ere ikusi izan dut. Ez dut uste protekzionismo sare batekin hori konpon daitekeenik. Beste garai batzuk bizi ditugu. Toreatzaileak bezalakoak gara. Lehen, joaten ziren ondoko herriraino trenez, eta han alokatzen zuten Dodge bat, taxi dotore bat, eta toreatu behar zuten herriraino horretan; izan ere, maisua ezin zen trenez iritsi zezen plazaraino [umorez]”.

Artista, antza, itxurak egitera behartuta dago. Performer hau, adibidez, Mexikon ematen diren Ariel zinema sariketetara joan zen eta alfonbra gorrian argazkiak egin zizkioten. Ez galdetu gero nola dagoen bere etxea, zer jaten duen, zorretan itota ote dagoen… Performer honek toki guztietan irribarretsu agertu beharra dauka bere egoa puzteko, baina esango dizu askeak garela, edozertarako kapazak garela, bizitza honetan nahi duguna egin behar dugula… Han eta hemen egon beharra dauka, ordea, eta ezin ahuldaderik erakutsi, Mexikon, Euskal Herrian eta Mongolian ahulek ez baitute deus balio

Baina Jauregik esaten duenaz gain, sarritan galdetzen diot ene buruari artista horien bizimodua ez ote duen, zoritxarrez, beste pertsona batzuen, haien mitoen, bizitza emulatzeak gidatzen. Izan ere, performer honen kasuan behintzat, erreferentzia filosofikoak kategoriakoak izan ohi dira, eta aipatzen dituen pertsonen artean beti daude celebrity aski ezagunak izandakoak edo egile kultuzkoak. Nik, ordea, ez diot ezer sinisten, jenioak bizpahiru izango dira-eta. Bestela, badakigu zer dagoen atzean: lana. Eta behiak ezin du denentzako esnerik eman…

Nire bularrean negar egiten zuen bitartean, bere buruari galdetzen zion ea zer ari zen egiten, ea nor zen, nora zihoan… Badakizue. Haren lagun direnek ume bat bezala tratatzen dutenez, harekin sintzeroak ez direnez eta gero, egunik garrantzitsuenean desagertzen direnez, ba zalantzak.

Negarrez jarraitzen zuen, eta ilehori honek, tipo zorrotza izaki, aholku bat eman nahiean-edo, esan zion agian ordena pixkat behar zuela. Ba hori, ordutegi batzuk edukitzea, elikadura ohitura batzuei eustea, ibiltzea, etxea ordenatzea… Aberatsentzako aldizkarietan aholkuak ematen dituen  coach aspergarri horietako bat sentitu nintzen, baina konbentzituta nago aipatutakoek laguntzen dutela desiratzen dena oreka bat denean. Baina berak esaten zidan zaila zela…

Ilehori honek ez zion ezer esan  parean zuenaren atsekabea ez areagotzearren. Baina esan nahi nion baietz, badakidala ordenak ez duela glamour-ik, baina baliagarria izan daitekeela; idolotzat dituen artistek ordena bat zutela ziurrenik, gauzak ez zituztela egiteagatik egiten, lan egiten zutela, artea edo dena delakoa egitea, filosofia korronteak sortzea lan bat zela haientzako, ez kapritxo edo nabarmentzeko nahi hutsa. Nik zer dakit ba!

Harengatik errukia sentitu nuen, eta artista edo, Jauregik esan bezala, “gaitasun gutxiko” horiekiko elkartasuna-edo. Baina neurri batean poztu ere egin nintzen, aurrenekoz hemen nagoenetik performer pertsonarekin hitz egin nuelako, haren tragedia azaleratu zuelako eta horrek, orain bai, errespetagarri-edo bihurtzen duelako nire begietara.

Gero, tokia itxi zutenean, eta egunero losintxatzen duten inor ez zegoenez jada, guk geuk lagundu genion trasteak jasotzen, eta Dodge autoen ausentzian, taxi bat eskatu genion etxeratu zedin. Ez zuen, ordea, etxera joan nahi, ez zuen bakarrik egon nahi… Hala esan zigun. Eta sentitu nuen errukia areagotu zen.

Apuntetxoa (I): 17:30etan espaloiean botata zegoen tipo baten ondotik pasa, eta munduko gauzarik normalena iruditzen zaigu. Horretara iritsi gara.

Apuntetxoa (II): Zesta-punta partidak ikuastera joan ginen pasa den larunbatean pilotalekura. Han zegoen, bere bakardadean, gure ginasioko ugazaba. Aditua da tipoa: hirugarren partida hasi aurretik hanka egin zuen.

Apuntetxoa (III): Larunbatean zentrora jo genuen enkargu batzuk egitera, eta ez zen giro. Metroan oso begiratua sentitu nintzen, oso. Ostiralean mexikar batek galdetzen zidan ea ilehoria eta azal zurikoa izanda ez zaidan biolentoa egiten metroan ibiltzea…

Kantua: Eta larunbatean metroan gindoazen bitartean, musikari mexikar beterano batek kantu eder hau jo eta abestu zuen.