Dei batek aztoratzen zaituenean…

Ondo gogoan daukat. 2002ko urria. Kilometroak festa Urretxun, eta Andoitz eta biok, txosnan turnoa egin ondoren, Etxaburutik behera herrirantz. Eta kontatu zidan neska bat oso gustuko zuela, hor-hor zegoela kontua. Elena zen hura, nire kale bereko neska. Ia hamabost urte geroago, Ane lau kiloko haurtxo ederra jaio da. Zorionak bioi!

Eta kontuz, Andoitz ez baita edonor. Izan ere, Euskal Herrian, are munduan, gutxi izango baitira Zoncolaneko aldapatzarra (Italia) 39x28ko garapenarekin, Mendiz etxeko bizikleta batekin, igo dutenak. Tourmalet eta Luz Ardiden igotzera joan ginen beste batean. Hasiera batean Mont Ventoux-era joatea zen gure asmoa… Tira, Luz Saint Sauver-etik igotzen hasi eta berehala, mapetan existitzen ez diren bidezidorretan barna galdu zen Homer, eta Biainek eta biok ezin izan genion, noski, Andoitzen gurpilari eutsi. Iritsi ginen ba azkenean Bian eta biok gora. “Eta Andoitz?”. Han agertu zen, bai. Luz Saint Sauver–tik goraino igo eta gero, La Mongie-ra jaitsi eta mendatearen azkeneko 4-5 kilometroak berriro igo zituela esan zigun puzkarra bakardadean botatzen duenaren lasaitasunarekin. Jo eta bertan akabatu nahi nuen… Garagardo pare bat edan genituen tontorreko tabernan, eta arratsaldean Luz Saint Sauver-eko kanpineko igerilekuko txirristan umeen gisara ibili ginen. Askotan gogoratu izan dugu asteburu eder hura… Txirrindularitza zalea da Andoitz, baina batez ere txirrinduan ibili zalea. Eta betidanik izan da hala; ez dela, alegia, azken urteotan ugaldu den den zikloturista erdi-profesionalen kastakoa.

Txikitan, futbolean abil samarra izaki, Larrañaga deitzen genion Juan Antonio Larrañaga Realeko libero historikoaren omenez (ikusi, ikusi bideo hau 30. segundutik aurrera: nola mozten duen Larrañagak Oviedoren erasoa, nola pasatzen dion baloia Carlos Xavierri, maisu portugaldarraren pase ametsezkoa eskuin oinaren kanpoaldearekin, Kodroren desmarkea… Gozamena. Hamaika aldiz ikus dezaket jarraian). Isio deitzen diogu orain, Pipi ere batzuetan… Tira, bera ere trebea da ba besteentzako ezizen surrealistenak aukeratzerakoan: Kartoffel, Katxuli, Buker… Kuadrillako koipeztatzailea da, saltseroa, eztabaidatu zalea, justiziaren defendatzailea, eta nik neuk, pertsonalki, egon izan ez denean faltan bota izan dut, txispa pizteko kapaza baita. “Dontzu hoi!”. Duela gutxi esan zenidanez, apirilaren 26an, zure urtebetetzean, Larrañagak, hain zuzen, aurrenekoz Liga irabazi zuen egunean, afalduko edo meriendatuko dugu.

Baina zer diren gauzak. Albiste oso pozgarri bat, are hunkigarri bat, jaso, eta hiruzpalau minutu geroago zenbaki ezezagun batetik deitu didate telefonora. Zenbaki hori Mexikokoa ez zela konturatu naiz, eta, hortaz, “ejem… bai?” esanez erantzun dut. ETB 2-ko Equipo de Redacción programakoak ziren. Emakumezko batek, jatorki, azaldu dit zeri buruzkoa den saioa, eta nirekin harremanetan jarri direla jakin nahi dutelako ea badudan Mexikon gertatzen diren express bahiketa-ren baten berri. Aho bete enpaste geratu naiz, eta erantzun diot ezetz, edo ez dudala gogoratzen behintzat. Eta oroitu dut Maria Villar Galaz bizkaitarrari gertatutakoa. Joan den irailean bahitu, bortxatu, txikitu eta hil zuten, express bahiketa baten bidez. Zer da express bahiketa bat? Ba, gutxi asko, bahitzen zaituztela, eramaten zaituztela kutxazain batera, eta zeure kontu korrontetik dirua ateratzera behartzen zaituztela. Datu bat: 2014 eta 2016 artean, Mexiko Hirian bizi ziren (edo diren) hamabi espainiarrek jasan behar izan zuten express bahiketa bat.

Delorean taldekoak ere baihitu zituzten Mexikon duela lau urte, baina ordukoa bahiketa birtuala izan zen. Zorionez ez zen ezer gertatu, baina ordu batzuk guztiz beldurtuta igaro zituzten Ekhi Lopetegik-eta. Ondo aski ezagutzen dut, gainera, gisa horretako bahiketa bat jasan zuen kataluniar bat… Hura ere onik atera zen.

Villar Galazena gertatu zenean ere deitu zidaten ETB 2-tik, eta Adela Gonzalezek gidatutako programa batean parte hartu nuen. Zuzenean sartu, eta Gonzalezek galdetu zidan ea zein zen kasuari buruzko azken ordua. Esan nahi nion azken orduaz haiek nik baino gehiago jakingo zutela (horretarako daukate erredaktore talde bat, adibidez), baina nik hitz egin niezaikeela taxien funtzionatzeko moduaz-eta, esaterako. Ez nion hori esan, noski, oraindik ere ez nago burutik jota, baina taxiez eta hitz egin nien, azken orduaz mintzatzeak zentzurik ez zuela iruditu zitzaidalako.

Enfin… Esan nahi dudana da inoiz ez didatela deitu Mexikoren gauza onei buruz hitz egiteko. Bai, badakit, ulertzen dut, normala ere bada; ez duzu horri buruzko programa bat egingo, ez du zentzurik egiten diren saio moldeak kontuan hartuta.

Hona etorri aurretik, 2015eko urrian-edo, Adrian eta Mikel lankide estimatuekin nengoen laneko urtebetetze-merienda batean, eta Mexikoz, nire bidaiaz-eta hitz egiten hasi ginen. “Kontuz Chapo-rekin”, “Narkoak elkarrizketatuko al dituzu?”, “Ez ezazu gehiegi bidaiatu”. Halakoak esan zizkidaten, erdi-txantxetan, kariñoz.  Garai bertsuan, kuadrillakoak taberna batean geunden, eta Borjak nigatik topa egitea proposatu zuen: “Tiroz josi dezatela!!”, esan zuen Borjak, txantxetan, basoa edo kopa altxatzen zuen bitartean. Barrez lehertu nintzen, egia esan.

Txantxetan ari ginen, bai, baina, adibidez, nik banuen hemengo iparraldeko estatuetara, Chihuahua-ra adibidez, autoz eta eguzkitako betaurrekoak jarrita joateko asmoa, baina ez joatea gomendatu izan didate hemengo lagunek. Izan ere, han goran ez da giro…   Autobusez gauez bidaia luzeak ez egitea aholkatzen dute, era berean. Kakati bat ote naiz? Horren guztiaren harira, atzo zera esan zidan hemengo ekintzaile sozial batek: “Iraken gaudela dirudi”. Hori ba, ez dudala nik esaten, 60 urte pasa dituen hemengotar batek baizik. Haren ustez, biolentziari dagokionean, Mexiko Hiria oasi bat da errepublikaren barruan. Hala bedi!

Gero, noski, jatorri euskalduneko mexikar bat haserretu egin zitzaidan irrati batean Mexikoz gaizki-edo hitz egin nuelako, haren ustez. Epelak esan zizkidan tipoak guasap-ez… Zein da jendeak munduan Mexikoz duen irudia? Justifikatuta al dago? Komunikabide nagusien asmakizun bat al da? Tira, munduan Euskal Herriaz galdetu eta ez dizute Betagarriz, Sarako kobez edo San Telmo museoaz hitz egingo; agian, Athleticez edo janariaz, baina gehienetan ETAz.

Mexiko, hortaz, ia Latinoamerika osoa bezala, biolentzia egoera batekin lotzen du herritar xeheak; alerta ibiltzearekin, “kontuz”-arekin, hura edo bestea ez egitearekin… Justifikatuta al dago alerta hori, ia-ia psikosi hori? Esango nuke neurri batean behintzat justifikatuta dagoela.

1970etik 2000aren hasierara haien militantzia politiko edo sozialarengatik Mexikoko Gobernuak desagerrarazi zituen ekintzaileen omenezko museoaren zuzendariarekin egon nintzen atzo. 700 baino gehiago izan ziren desagerrarazi zituztenak. 2000tik hona, narkoaren kontrako ustezko gerraren ondorioz, 30.000 persona desagertu dira, 200.000 hil, eta milioi bat baino gehiago dira biolentzia horren ondorioz desplazatutakoak. Horiek dira zenbakiak. Eta ez da, antza, ezer gertatzen. Inpunitatea da nagusi, Tira, hemen, eta mundu guztian; begira, bestela, zer gertatu den Sandra Barrenetxearen tortura salaketekin…

Beraz, ziur nago inoiz ez didatela deituko kontu positiboei buruz hitz egiteko. Eta baditu, e? Eskubide sozial batzuei dagokionean, adibidez, munduko toki aurreratuenetako bat da. Baina gure txokoan gertatzen ez baldin badira, kontu onez ez dugu ia hitz egiten; geuk ere ez.

Tira, Andoitz, Elena, Ane, zuen pozarekin kutsatu nahi dudala eta bahiketa, biolentzia eta halakoak ahaztu nahi ditudala!

Apuntetxoa (I): Primi zakurrak suizidaki gurutzatu behar zuen errepidea, baina etxepean loreak eta eztia saltzen dituen gizonak eragotzi du tragedia.

Apuntetxoa (II):  Jende maingu edo, esaterako, igeltsudun asko ikusten dut egunero… Bai, Jorge, agian Iraken gaude…

Apuntetxoa (III): Gidoi ikastaroan American Beauty ikusi dugu. Ze ona…

Kantua: Delorean aipatu dugunez, haien Into The Plateau (2006) gogoangarriko kantu bat.