Erosotasuna, edo auskalo zer den…

Zer iruditzen zaizkizue leku jendetsuak? Niri geroz eta estresagarriagoak eta itogarriagoak. Nola sentitzen zarete horietatik ateratzen zaretenean? Nik arindua sentitu ohi dut. Galdera horiek plazaratu dizkizuet, lagunok, lehengo larunbat eguerdi-arratsaldean Mexiko Hiriko zentro historikora eta haren ingurumarietara joan behar izan genuelako, lagunak eta biok, enkargu bat egitera.

Mexiko Hirian makina bat museo daude, baina ene uste apalean, hiri honen zentro historikoak berak ez dauka parekorik museo antropologiko eta soziologiko gisa.

Lagunilla izeneko geltokian atera ginen metrotik, eta irten eta berehala azoka batekin topo egin genuen; azoka bera geltokiaren sarrera-irteeran integratuta dago, egia esan. Eta ez ezazue pentsa azken urteotan Euskal Herrian modan dauden Erdi Aroko azoken antza duenik aipatutako azoka moldeak; inondik ere. Lagunillako metro geltokiko sarrera-irteera kale batean dago, eta, bai, kale horrek badauka espaloi bat, baina ezin duzu horretatik joan, ez dakizu zein zabalera duen, azokako postuek okupatzen dutelako. Beraz, errepidetik joan beharra daukazu, eta beste askotan esan izan dizuedan LEGEZ, oinezkoa etsaia da hemengo gidarientzako…

Iritsi ginen Republica Argentinara, larruzko jakak-eta saltzen dituzten kalera. Norabide bakarreko kalea da, eta postuak, esker-eskuin, bata bestearen segidan jarrita daude. Baina konturatu nintzen kalea okupatzen zuen jende saldoaren artetik ibilgailuak ere pasatzen zirela. “Nola da posible…”, hausnartu zuen ene ni mendebaldarrak… Eta kalearen sarreran, noski, horretara sartzen zen ibilgailu bakoitzari dirutxo bat kobratzen zion morroia ikusi genuen. Txoferrek txanpon batzuk ematen zizkiotenean tipoak egiten zituen keinuei erreparatzea nahikoa zen une horretan jaun eta jabe sentitzen zela ondorioztatzeko.

Azoka horiei Tiangis deitzen zaie hemen, eta Lagunilla-koan egonda nengoen; hori bai, aspaldi. Izan ere, behin harrapatuko nauzu, bi aldiz ere bai, baina gehiagotan ez… Osasuna zaindu beharra dago, badakizue. Izan ere, postu horietako langileek esaten-galdetzen dizute “que se le ofrece“, eta nik, behinola, eskuarekin esaten nien ez nuela ezer nahi, eta irribarre egiten nuen. Lehengoan ere hamaika aldiz, postu batean, hurrengoan, eta azkenekoan, esan-galdetu zidaten gauza bera, eta suediarrarena egitea erabaki nuen, nahiz eta jakin hori egitea irribarre egitea baino itsusiagoa izan daitekeela, agian, mexikar beti, nola ez, ondo hezitakoentzat. Irribarre egiten baldin baduzu, gainera, beharbada pentsatzen dute interesatuta zaudela, eta… Ingurura begiratu eta pentsatzen nuen neure artean: “Hau da hau kutsadura akustikoa… Hau da hau gainestimulazioa…”. Gero, noski, etxera iritsi ginenean, akituta geunden laguna eta biok, eta sofan eseri ondoren ordu erdi igaro genuen paretari begira elkarri hitzik esan gabe.

Esango nuke mexikarra kontsumista samarra dela, baina inuxente hutsa naizenez, Republica Argentina kalean barna gindoazean galdetu nion lagunari ea beharrezkoa ote zen hainbeste postu egotea, ze nezesidade, ea zertarako, ea postu bakoitzeko jabeak ateratzen ote zuen bizirauteko lain… Eta lagunak erantzun zidan jendeak nola edo hala atera behar dituela babak eltzetik, eta beste aukerarik ezean salerosketara jotzen dutela; bestetik, pentsatzen du baietz, ateratzen dutela bizirauteko lain. “20 milioi biztanle ditu hiri honek…”. Nekatuta nengoen ordurako, ez nekien zer erantzun, eta zera bakarrik okurritu zitzaidan: “Zeinen jakintsua zaren…”.

Di-da batean, munduko beste edozein gizakirengandik bereizten nauen ene pauso azkar, eraginkor eta dotorean alde egin nahi nuen handik, baina indar ezezagun ia-ia paralizatzaile batek poliki ibiltzera behartu ninduen. Museotan bezala, ene baitara bilduta nengoen, eta obra kontzeptual batek gure barrenak astintzen dituenean bezala, galdera pare batek ene gogoa inarrosi zuten: nolabaiteko zerikusirik ba ote du salerosketa basati honek Mexikon urteetan eta urteetan boteredunei, aberatsei eskaini zaien eta eskaintzen zaien zerbitzuarekin?

Iritsi ginen, azkenean, kalearen amaierara, arnasa hartu ahal izan genuen Zocalo plaza erraldoiaren bazter batera ailegatutakoan, eta konturatu nintzen New York Mets baseball taldearen bisera bat neramala jarrita. Esango nuke ba nik ez nuela nire auzoko taldearen biserarik erosi…

Azoketan, azoketan soilik, badakizue, saltzaileen atentzioa gehiegi ez deitzearren, isilik egon ohi naiz, baina Zocalo-ra iritsitakoan hitz egin nahi nuen, galderak planteatu nahi nituen. Berdin zen nori, edonori. Eta han ikusi nuen, geldi, bezero zain, Pedicab bat: bizikleta batean zerbitzu turistikoa zein taxiarena eskaintzen dituen lau gurpileko ibilgailua. New Yorken, bai Central Park-en eta baita Manhattaneko kaleetan ere, Pedicab bezala lan egin nuen hiru hilabetez, eta jakin nahi nuen Mexiko Hirian Zocalo-aren bueltan Pedicab bezala lan egiten dutenek zenbat diru irabazten dute. Kuriositate hutsa. Egin nizkion ba galdera batzuk morroi bati. Hemen, bizikletek ez dute sillinik, eta etzanda-bezala eragiten diete pedalei… Hasteko, galdetu nion ea motorrik ba ote zuen bizikletak. Baietz. “Zenbat diru irabazten duzue hemendik Arte Ederren jauregira bikote bat eramateagatik?”. 40 bat peso; hau da, bi euro. New Yorken, pentsa, 42. kalea / 7. abenidatik 35. kalea/5. abenidara bikote bat eramateagatik, 32 dolar: hasierako tasa, pertsonako, bost dolar; abenida bakoitzeko eta persona bakoitzeko, bi dolar; eta kale bakoitzeko eta persona bakoitzeko, dolar bat. 32 dolar, ezta?? Ba hori: latza… Eta gero galdetu nion zentroan barrena ordu-erdi edo 45 minutuko bidaia turistikoa egiteagatik zenbat peso poltsikoratzen zituzten: 200 bat peso, 10 euro. Han, Central Park-en, ordubeteko bidaia turistikoa-gatik, 100 dolar izan zitezkeen guztira; lasai asko, gainera. Eta orain, hura gogoratuta, lotsa pixkat sentitzen dut. Egia esan, inoiz ez nuen ulertu jendeak nolatan gastatzen zituen 100 dolar bizikleta batean paseo bat emateagatik; are sinesgaitza iruditzen zitzaidan… Baina nik ere babak eltzetik atera beharra neuzkan… Kapritxo inozo samarra iruditzen zitzaidan, eta zait, Pedicab-ean bueltatxo bat ematea edo hori taxi gisa erabiltzea… Baina gustatzen zaigu, antza, zerbitzatuak izatea…

Gustavo erreportariarena egin ondoren, Eje Central etorbide jendetsu eta zaratatsuan murgildu ginen, txokolate batzuk txurroekin jan nahi genituelako bertako kafetegi batean. Lepo zegoen, baina iritsi eta berehala libratu zen mahai bat. Eskatzen ari ginen bitartean, Ubereats zerbitzuko morroi bat ziztu batean atera zen kafetegitik, motxila ondo beteta zuela. Zer da Ubereats? Ba jatetxe bateko janaria edo edaria etxera eramaten dizun zerbitzu bat. AEBetan 30 bat hiritan funtzionatzen du zerbitzu horrek, eta Mexiko Hirian joan den irailean-urrian jarri zuten martxan. Ubereats-en motxila bizkarrean daramaten txirrindulari asko ikus daitezke hirian. Izan ere, esango nuke mexikar estandarrarentzat pagotxa dela halako zerbitzu bat edukitzea…  Janari-edari banatzaile bizikletaduna ere izan nintzen New Yorken ia lau hilabetez, eta, horregatik, nire elkartasuna adierazi nahi diet Ubereats-ekin sos batzuk irabazi nahi dituztenei. Izan ere, irakurri dudanagatik behintzat, bezeroa ez dago eskupekoa ematera derrigortuta. New Yorken, asteazken edo ostegun batean 15:00etatik 23:00etara lan eginda, 100 dolar irabaz nitzakeen eskupekoekin soilik. Han derrigorrezkoa zen: kontuaren %18a gutxienez. Tira, gutxiago ere eman zidaten noizbait eta istiluren bat edo beste eduki nuen, hain zuzen, horregatik… Baina hemen, egin ditzakezu pare bat kilometro bizikletarekin, jar dezakezu zeure bizia arriskuan (eta ez nabil exajeratzen), eta eskupekorik ez jaso.

Hura ez zen Ubereats bidez izan, baina behin etxe batera joan ginen kolonbiar eta mexikar batzuei kroketak nola egiten ziren erakustera, eskola gogoangarri bat ematera, eta supermerkatura osagaiak erostera joateko gogorik ez zutenez, Ubereats-en moduko zerbitzu baten bidez erosi zituzten. Etxe horretatik bizpahiru minutura dago supermerkatu bat…. Hona etorri arte, janaria enkargatua gabea nintzen. Hemen, aldiz, bi aldiz egin dut, eta egia esatea nahi baldin baduzue, ez naiz guztiz eroso sentitu etxera pizzak ekarri dizkidatenean. Ustez, ordea, erosotasunagatik egiten dugu enkargua… Erosotasuna izan daiteke, bai, baina nago ni beste zerbait ere badela horretara bultzatzen gaituena… Auskalo… Jada zer esaten dudan ere ez dakit…

Dakidana da duela gutxi banatzaile motordun bat iritsi zela gure pareko pijoen atarira, jo zuela txirrina, jaitsi zela pijoetako bat, eta leporatu ziola banatzaileari, ez oso tonu onean, gainera, berandu zetorrela. Besteak “osfjsdklfjdsakljkl señor” erantzun zion. Motoarekin a toda ostia ibili beharra, eta, pizzerira buelta eskupekorik gabe eta errieta jasota. Zerbitzua, erosotasuna, al da bilatzen duguna?

Beharbada ez dugu jendearekin nahastu nahi; gogaitu egiten gaitu horrek eta geure burbuilatxoan jarraitu nahi dugu…

Apuntetxoa (I): Zinematik bueltan, metro geltokira bidean, tipo bakarti batekin gurutzatu: begian ubeldura, ezpaina hazita, eta begirada galduta. Oso ohikoa hemen…

Apuntetxoa (II): Biolentzia sexistaz ohartarazteko iragarkiak pasatzen dituzte Metrobus-eko monitoreetan.

Kantua: Kantutzar hau gogoratu dut…