Dena ezabatu nahi nuen

Urte eta erdi daramat kafetegi honetara etortzen, eta, nola esan… Bai, modu oso sinple batean esango dut: zerbitzariak ez dira nitaz fidatzen, ez naute maite. Sartzen naiz, “hola” esaten dut, eta, oro har, agurtu ere ez naute egiten. Duela ez asko, sartu nintzen, begiradak gurutzatu genituen zerbitzarietako batek eta biok, “hola” esan nion, eta ez zidan erantzun. Haren ondotik pasatzerakoan, nahita, “hola” esan nion ia-ia belarrira, eta beldurtuta bezala, “hola!!” erantzun zidan. Horrek, zer nahi duzue esatea, mindu egiten nau.

Azkeneko urte eta erdian egunero etorri naiz hona. Hasieran zer nahi nuen galdetzen zidaten. Hasiera hartan geroaxeago eta orain bertan baino askoz ere adeitsuago jokatzen zuten nirekin. Kontua da ohitura finko samarrak dituen animalia naizela, eta beti gauza bera eskatzen dudala kafetegi honetan. Orduan, bigarren hilabeterako-edo galdetu ere ez zidaten egiten. Orduz geroztik, zerbitzaria berria ez den bitartean behintzat, ondoko sekuentzia errepikatu da: etortzen da zerbitzaria mahaira, uzten dit eskatutakoa mahaiaren bazter batean, “gracias” esaten diot beti, beti, eta tarteka, oso tarteka, gogo txarrez bezala esandako “de nada” bat aditzen dut. Horrek tristatu egiten nau, eta neure buruari galdetu izan diot ea inoiz itsusi jokatu ote dudan haiekin.

Tristatzen nau, beste bezeroekin hala jokatzen ez dutela ikusten dudalako egunero. Nirekin hasieran bezala, kafetegian aurrenekoz ikusi dudan jendearekin adeitsuak dira zerbitzariak. Ados. Baina badira ni neu bezala egunero etortzen direnak, eta haiekin jator jokatzen; irribarre egiten diete eta jarrera beste bat da.

Haiek, ordea, mexikarrak dira.

Lotsa sentitu dut idatzi berri dudana irakurtzerakoan, eta den-dena ezabatzekotan egon naiz. Baina ezin dut: sentitzen dudanarekiko zintzo jokatu beharko dut ba…

Hasiera pentsatzen nuen zakar samarrak zirela espainola nintzela pentsatzen zutelako. Beraz, haien burutazioetatik pentsamendu hori aldentze aldera, kokoteraino nengoen batean sakelako bidez euskaraz nahiko ozen hitz egiten hasi nintzen. Simulazio bat zen, bakarrik hitz egiten ari nintzen. Patetikoa. Noski, ez zekiten, ez zuten zertan jakin aditzen ari zirena euskara zenik.

Trikimailu patetiko hark ez zuen arrakastarik izan.

Duela hilabete batzuk, erreportaje baterako emakumezko mexikar baten iritzia behar nuenean, zerbitzarietako batengana jo nuen laguntza eske. Udan izan zen. Jator jokatu zuen. Aipatu nion PAIS VASCO-ko komunikabide batentzako zelako, eta oztoporik jarri gabe erantzun zituen nire galderak. Bide batez, besteek ere jakin ahal izan zuten PAIS VASCO-koa nintzela, hari proposatu aurretik beste bi zerbitzariri esan esan eta ezetz erantzun zidatelako.

Hortaz, iazko udatik badakite ez naizela espainola, PAIS VASCO-koa naizela. Baina hala izanda ere, jokabidea ez da aldatu. Ondorioz, haien nirekiko jarrerak ez dauka zerikusirik espainola, australiarra edo japoniarra izatearekin.

Zerekin, ordea…

Ogia ere erosi izan dut, erosten dut batzuetan, kafetegi honetan. Apal moduko batean daude, denontzat eskuragarri antza, eta handik hartzen nituen hasieran. Ba ez, ez da hori egin behar, eta, agian horregatik beragatik haien geroztiko nirekiko jokabidea. Auskalo… Hori ez dela egin behar dakit, behin, ogi bat hartu nuenean, kargu hartu zidalako zerbitzari batek. Jakinarazi zidan berak egin behar zuela… “Lasai, ez da ezer gertatzen, nik neuk hartuko dut”, esan nion irribarretsu. Mindu egin nuen, ordea. Izan ere, mexikarrak, oro har, ORO HAR,  haien eskemen barruan jokatzen duzunean, bai, oso-oso atseginak dira, are melengak. Bestela…

Joño! Oraintxe bertan ondorio batera iritsi naiz. Ez dutela nirekin normal jokatzen, nire jokabidearekin haien eskemak apurtzen dizkiedalako. Eskemak apurtzen dizkiet, ez dudalako inoiz protestatzen, ez ditudalako gauza batekin edo bestearekin mareatzen, ez diedalako esaten edo “Hola!!!¿Que tal?? ¡¡Buenas tardes!! ¡¡Cuanto me alegro de verte!” edo, bestela, alde egiterakoan, ” ¡¡Ohh!!¡¡¡Estaba buenísimo!!!¡¡¡Muchisimassss gracias!! Que tengan buena noche, que descansen“.  Hala egin beharko nuke?

Hemen, Mexikon, azken mendeetan zerbitzatzera ohitu dira zoritxarrez, eta, horren arabera, zerbitzariak paper bat jokatzen du eta zerbitzatuak beste bat. Gidoi horixe du pelikulak, eta ilehori zarpail honek ezin du gidoia aldatu edo toki baten idiosinkrasia irauli, baina ez ditu ez dagozkion edo deseroso sentiarazten duten rolak jokatu nahi. Baina ez badituzu rol horiek jokatu nahi, pelikulatik kanpo geratzen zara…

Ilehoriarena diot, Mexikon ilehoria eta normala izatea edo normala izan nahi izatea ez baita abantaila bat, hain zuzen. Horri buruz mahai baten bueltan edonorekin eta edonon eztabaidatzeko prest nago.

Ustez ilehori eta europar bezala dagokizun rola jokatu nahi ez baduzu, susmagarria izango zara. Susmagarria azokan, zu zeu joaten zarelako erosketak egitera; susmagarria azokan, langileetako bati esaten diozulako ez dagoela erosketak poltsan sartzeko beharrik; susmagarria auzoan, kalean, 20 litroko ur botila bizkarrean hartuta oinez ikusten zaituztelako; susmagarria lagunen, ezagunen eta beste piztia batzuen aurrean, garraio publikoan mugitzen zarelako, adibidez

Baina ez duzu susmorik piztuko hiritik bi ordura etxola batean bizi den emakumezko indigena bat etxea garbitzeko edo sukaldatzeko kontratatzen baldin baduzu; zeure txofer pribatuari deitu eta “mekagodios! non ostia zabiltza!” esaten baldin badiozu; hilabetero asteburu pasa Acapulcora edo Karibera joaten baldin bazara. Orduan ez, orduan hilehori mendebaldar gisa dagokizun papera jokatzen ari zara, eta erabat integratua sentitzeko pausoak ematen ari zara.

Hona etortzen diren mendebaldar gehienek zera esaten dute: “Mexikon dena dago egiteko”. Zer dago egiteko? Trenbide sareaz ari zara? Karibean europarrok soilik proposatu ditzakegun esperientzia “ahaztezinak eskaintzeaz”? Esplotatuta dagoen gizarte bat are gehiago esplotatzeko mekanismoak asmatzeaz? Luxuaren eta estatusaren izenean geure askatasuna murrizten duten zerbitzuak mexikar gizarajoei “prezio onean” saltzeaz? Zer demontretaz ari gara, zein logikatik hitz egiten dugu, “dena dago egiteko” esaten dugunean?

Begira, oraintxe bertan morroi bat pasatu da kafetegiaren paretik. Ni egoten naizen alderdiaren eta kalearen artean ez dago kristalik. Ba morroi hori deika-edo hasi zait: “Güero??E! Güero!! Business???”. Ba gaur txantxerako-edo ez nagoenez, zera esan diot irmotasunez: “Zer??? Zer???”. Alde egin du. Bai, behingoz nire papera jokatu dut.

Dudarik gabe: asko, den-dena dago egiteko.

Lotsa sentitu dut idatzi berri dudana irakurtzerakoan, eta den-dena ezabatzekotan egon naiz. Baina astelehen iluntzea da, lagunok…

Apuntetxoa (I): Ostiralean ez ditut kafetegiko zerbitzariak agurtuko.

Apuntetxoa (II): Ken Loach-en I, Daniel Blake  pelikula ikusi genuen atzo, eta astelehenarekin gaude.

Kantua: Goazen iparraldera, utz dezagun atzean asfaltoa.

4 thoughts on “Dena ezabatu nahi nuen

  1. Egia asko eta gordinak esan dituzu, rubio. Europako progre batzuei gaizki irudituko zaie, baina errealitatea errealitatea da: zuk deskribatzen dezun esklabo mentalitate horrek gauza asko esplikatzen ditu. Zentro eta hego Amerikari buruz analisi politiko asko irakurtzen ditugu, baina analisi makroak (ekononomia, politika, migrazioak…) eta oso gutxi oinezko jendearen izaerari buruzkoak, eta nago azken hauek askoz baliagarriagoak direla herrialde horien egoera ulertzeko, eta baita haien arteko diferentziak ere, zeren eta iruditzen zait oso bestelakoa dela errealitatea Argentina eta Mexikoren artean, esate baterako. Salud!

  2. Eskerrik asko pieza hau ezabatu ez izanagatik.
    Hire txokoa ezagutu nianetik, arreta beste atseginez jarraitu diat hire kontakizuna.
    Izan ere, duela 20 bat urte D.F.n bertan emandako urratsak eta burutazioak ispiluan irakurtzea bezalakoa duk sarritan. Gako nagusietako batean jo dualakoan gaurkoan, zorionak!

    Eta gaur hire mahai bueltako edonorekin eta edonorako erronka on-hartuz,
    neurekin eta (Bizkaiko) Durangon egiteko gonbidapena luzatu, nahi baduk eta ahal duanean.

    Heuk esango, fin segi bitartean,
    Josu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude