Chiviteren feminismoa

Bagenekien, jakin, zer den ideologia Chiviterentzat: hirurogeigarren urteetako kontsumismo berri eta kaskar hark liluratu zuen espainiar jendartearentzat altzari artisanal historikoak zirena alegia, zabortegira botatzeko zerbait, formikazko mahai, aulki, armairu eta apalategi merkeek ordezkaturik. Bagenekien Chivite eta ideologia kontzeptua elkartezinak zirena. Ez genekiena zen edozein ideiak, den bakar eta premiazkoenak ere, puzten zizkiona neuronak, ideologia oso batek lehertzeko zorian jarriko lizkiokeen bezalaxe. Baina holaxe da: Chiviteren buruan, ideia bakar batek ere ez du lekurik; bat sartu ei zitzaion behin batean, eta obsesio bilakatu behar, aginteari buruzko ideologia baten hazi bihurtuko ez bazen. Bere aldamenean ideia bat, eulitxo xume baten antza, hegan hasi denean, elefante-ehizaldi bat antolatu du.

Bagenekien, jakin, feminismoak, historian, oztopo gogaikarriagoak aurkitu dituela emakumeengan, gizonezkoengan baino. Ez da fenomeno ezohikoa, ideologia askatzaile guztien eskarmentua da, kolore horiko sindikalismoaren arrakasta historikoa lekuko. Bagenekien sultan baten zerbitzu zorionekoan mende luzeetan emakumeengan haziriko haren-izpiritua izan dena matxismoaren aliaturik zoragarriena. Ez genekiena zen haren politiko berezi bat zuela paraturik Chivitek: elefante-ehizaldian, amazona-partida atera erazi du ehiztari-talderik itxurosoena.

Bagenekien, jakin, karguetan-eta diskriminazio positiborako emakume portzentu bat eskatzen duen legea boluntarista dena, efiziente bainoago. Erran nahi dut: efizientzia gutxiko legea, ez emakumeen efizientziarik ezagatik ─gizonezkoona historian ikusita, nola erran horrelakorik?─, baizik eta matxismoaren zerbitzura eraturiko haren-izpiritua biziegia dagoelako oraindik ere. Ez genekiena zen Chivitek horren era berezian ulertuko zuenik legea: emakumeentzako portzentu bat gorde beharra, alegia, emakumeak euren kabuz zerbaitetan saiatzeko ahaleginen debeku-tresna gisa ulertuko zuenik. Baina bai: Ainhoa Aznarez dugu, Chiviteren ustez, diskriminatzailea, emakumeek bakarrik osaturiko talde batean parte hartzeagatik.

Aukera bat emanen diot, dena dela, Chiviteri: azken oker honetaz ez ote da gure sultana damu? Behintzat, Elena Torres eta bere haren politikoko emakumeak ez ditu diskriminatzailetzat salatu.