Etxekotu gaituen hiria

Txantxetan baino gehiago, jolasean ibiltzeko gonbite kilikagarria egiten digula irakurleoi Patxi Zubizarretak Txantxa.quick nobelan, erranen nuke nik.

Demagun, irakurle hori, denbora libre eta ohitura finkoak dituzula. Telebista ikusteko ere ordu franko, tele-zaborraz aspertzeraino. Hiriko ibiltari amorratua zara, kale eta bazter berberetatik egunoro. Ez zara paisaiaren deskribatzaile horietako bat, baina gustukoa duzu ikusten dituzun etxeak, leihoak, balkoiak, atariak, kaleak, dendak, parkeak, semaforoak, zebra-pasabideak, trafiko seinaleak, autobus geltokiak-eta, eskenatoki gisa imajinatzea, egunoro ikusten dituzun pertsonak pertsonaia bihurtzea, haien istorioak asmatzea: telebistako istorioez, reality-sow-en itxura-txarkeriaz nazka-nazka eginda, bertze era bateko istorioak asmatzen dituzu, pertsonaia horien bizipenak zure erara elkar lotuz, gurutzatuz.

Eskenatokiak ezinbertzekoak dituzu, baina, deskribaketa fisikoek bizitasuna kenduko lieketelakoan istorioei, argazkiak atera dituzu eta zure asmakizunen artean txertatu. Pertsonaiak arruntak dira berez, baina denok dugun alde morbo zale antzeko hori igartzeko gai zara, telebistaren estiloak nolabait eta gogoz kontra agian kutsaturik. Ez zara sartuko pertsonaien nolakotasuna deskribatzera ere: haien hitzak, hizkerak, hizketaldiak, haien grabaketak eta koaderno-oharrak, haien aitorpenak, izanen dira ispilu, erretratu bizi, arin eta nahiko. Koadro bizidun inpresionista, edo mosaiko biziduna, lor dezakezu: pintzelada edo tesela bakoitza autonomo, baina distantziaz elkar loturik, elkarri besarkadak, muturrekoak, ezustekoak edo aitorpenak ematen, eta mundutxo oso bat osatuz.

Patxi Zubizarretak edo argitaletxeko aurkezleak, irakurketa errazte aldera, etxe bateko gela ezberdinetan aurkeztu nahi izan dizkiote pertsonaiak irakurleari, hauen zerrenda eta ezaugarriak ordenatuz. Nik, pertsonalki, kontra-azaleko aurkezpen hori irakurri gabe ikusi dudana, etxeko gelak bainoago, etxekotu gaituzten hiriko bazterrak eta ibilbideak dira. Merezi du nobela leitzea azalpen horiek ezagutu gabe. Eta nire azalpentxo hau ere kontuan hartu gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude