Gizona, bai, pare batekin gainera hankartean, eta bibotedun. Aita santua baino papistagoa. Ez ote zaio joan, ba, kontu eske, aita santuari, honek islamaren kontrako laidoen ondoren hala holako desenkusak eskatu dizkielako musulmanei? Ai ene, gure Aznar hau! Hankarteko bere parea gogortu eta mindurik, nola eskatu desenkusak, musulmanek oraindik ere ez badute barkamenik eskatu hamahiru mende duela Espainia inbaditu izanagatik? Horra hor, Aznar katoliko erromatarrak Ratzinger balizko aita ustez santuari eskatu dizkion kontuak.
Ezaguna da Jose Maria Aznarren jakinduria aparta historia arloan: hain apartekoa non, bere esku zegoela nola txertatu unibertsaltasunean Espainiaren destinoa eta Irakeko gerran buru belarri sartu zenerako, batxilergoko historia-ikasketak aldarazi baitzituen, Espainiako benetako historia ez genielakoan ikasleei irakasten. Ordura arte historiaz aditu guztiok nola edo hala sinetsita geundenean XIX mende hasierako liberalak erditu zirela Espainia izeneko nazio ofizial hortaz (noizbait eta inor erditu bazen), hara non etorri zitzaigun Aznar historialari orojakintxua, Historiako Erret Akademiako goseti orojaleei azenarioak kentzeko mehatxu egin, eta hauen txosten txit espainiar eta egiatia astindu zuen Parlamentuko Patres Patriae direlakoen aurrean, LOGSE legea aldatuz. Bertzeak bertze, zera ikasiko zuten ordutik aurrera ikasleek, ongi ikasi behar ere, selektibitatea gaindituko bazuten: Espainia Atapuercan hasi zela alegia, orain milioi bat urte, cromagnongoak baino askoz lehenago, zer diot?, neanderthalekoak baino arrunt lehenago ere, hauen arbasoak izanen ote ziren homo antecessor deiturikoek fundaturik.
Atapuercako ikerketan diharduen Juan Luis Arsuaga aditu mediatikoaren ustez, gaur eguneko gizakiek ez dugu gene batere neanderthaleko gizaki mota hartatik etorria, cromagnongoak eta neanderthalekoak fisikoki gurutzatu ezinak zirelako, erran nahi baita larrua jo agian bai baina ezin zutelako cromagnongo emeek erditu neanderthaleko ar baten hazitik koxkorturiko gorpuzki batez: saioan bertan hil izan ziratekeen emea eta gorpuzkia, hain handiak izaten baitziren seguruenik neanderthalekoen fetuak cromagnongo emeen pelbisentzat. Penaz dio Juan Luis Arsuagak gustura sinetsiko lukeela neanderthal haien generen bat daramala, cromagnongoek transmititurik.
Ba, tira, badirudi Jose Maria Aznarrek bai, Atapuercako homo antecessor gizaki-edo harengandik datorrela zuzen zuzenean, haren bilakaeraren fruitu izan bide zen neanderthaleko gizakia zubi. Ez dakigu, ezin imajinatu, nola ahoskatuko zuten antecessor direlako haiek Espainia izen sagaratua, duda mudazkoa baita hiztunak zirenik. Baina bihotz-bihotzean grabaturik izanen zuten, segurik, izen hori, ezpainetatik noiz jaurtiko zain, askoz beranduago hala hola hiztun bihurtzean: hortaz, agian,