Aita Islaren biktimak

ETB1ean ikusi zintugun atzo, nire izenkide hori, Nafarroaz eta gure euskaltasunaz mintzo mahai inguru batean, gaurko Nafarroak Euskal Herriarentzako proiektu politiko batean parte hartu beharko lukeen ala ez, hor nonbait gaia. Ez zinen batere fin ibili, egia erran. Behintzat eta beharrik, aldamenean zenuen Juan Kruz Lakasta, serio demonio, hor entzun ziren hainbat gauzaren aurrean erran beharrekoak gogorarazteko.

Hunkiturik ikusi zintudan CDNkoak Nafarroaren bikaintasunak eta loriak errepasatu zituenean. Autarkiaren esne-mamitan txoratzeko zorian jarri zinen, hura entzunik gelditzen zen bide bakarrera jotzeko prest ia: Nafarroaren independentziara, Euskal Herritik kanpo, Espainiatik kanpo, Europatik kanpo, are planetatik kanpo ere. Baina, baina, hura aditzean, ez ote zinen oroitu XVIII mendeko Aita Islak izkiriatu zituen Grandes Horas de Navarra haiekin? Diputazioaren enkarguz, eta pozik bai pozik gelditu ziren Patres Patriae haiek emaitzarekin; konturatu gabe, euren katetotasunean, erretoriko hura espainierazko literaturaren gailurra izan zela bere garaian hiperbole sarkastikoetan eta Nafarroari buruzkoa haien harribitxi bikainenetariko bat suertatu zitzaiola. Atzoko CDNkoak, ziurrenik, ez du Aita Isla ezagutzen, baina Diputatu haietako bat izan zitekeen.

Ez, zalantzarik gabe, telebista ez da bizi-giro zuretzat, Bixente!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude