Bigarren Trantsizioa ala Trantsizioa bigarrengoz?

Oroitu egiten dira tokiko zaharrenak (barka iezadazue erramoldea, hain urrun gelditu zaigunez hura) Trantsizio garaiez. Historialari batzuentzat, 1982.ean bukatu zen, PSOEk (antifrankistek) boterea hartzeak demokrazia sendotu zuelakoan; bertze batzuentzat, 1978.ean, Konstituzioa indarrean ezarri zenean; nik ez dakit ez ote zen itxi 1981.ean, Tejerazorekin eta honek ekarri zuen atzerakada autonomikoarekin. Trantsizio hark maila apaleko sistema demokratikoa ekarri bazuen, denboraren poderioz sakondu beharrekoa, Tejero zartailu izan zuen bunker politiko-militarrak agerian jarri zituen prozesu haren mugak, biluztu egin zuen Trantsizioaren funts demokratiko eskasa.

Gogoan dituzte tokiko helduek (psikologikoki urrun gelditu zaigu hau ere) Lizarra-Garazikoak sorturiko itxaropenak, Bigarren Trantsizio batean sartzeko, Leheneko hari moztuak birlotu eta ederrago ehuntzeko. Bertze bunker bat sortu zen, ordea, harako politiko-militarraren ordez, bunker politiko-judizial-mediatikoa alegia, frankismoaren kumeek eta garai bateko antifrankista askok osaturik, Lizarra-Garazikoa pikutara bidali ostean. Eta bunker berri hau dugu gaur egun, eskubide politiko eta zibil franko bahitu dituena, Prozesu berri honetan ehundu nahiko genukeen brodatuari hari guztiak lapurtzeko prest.

Zertan geldituko ote zaigu Bigarren Trantsizioa, honen alde gauden guztiok batera esnatu ezean? Lehen Trantsizioarekiko ametsetan? Bigarrengoz Lehen Trantsizioa jorratzean?…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude