Irakurtzen jarriz gero, irakurketa etenak bultzatzen dituen garaietan gaude. Balirudike, kasurako, errazago irakurtzen direla ipuinak eleberriak baino.
Ez dakit. Niri dagokidanez, agian lehenagokoa naizelako, aiseago irakurtzen dut eleberri bat narrazio laburren bilduma bat baino, printzipioz. Behin sartuz gero nobelak sorturiko giroan, pertsonaiengan, narrazioko zertzeladetan-eta, berez doakit, joan, irakurketa, direnak direlakoak egileak diseinaturiko bihurguneak −are bihurrikeriak ere, ez gutxitan.
Ez zait berdin gertatzen ipuingintzan. Aldatuz doaz ipuinez ipuin, gehien-gehienetan, atmosfera, gaiak, pertsonaiak, narrazioen bidaiak, erritmoak, erregistroak, bai eta zenbaitetan estiloak ere, eta horrek egokitzapen ahalegin etengabeak eskatzen dizkit. Atentzio etengabea eskatzen dute irakurketa etenek, horra kontraste ezerosoa.
Hortaz irakurle honek ematen dien garrantzia, ipuin bildumetan, liburuaren egiturari, ipuinen arteko lokarriei, bildumaren batasun ageriko edo ezkutuari. Ez dakit zein neurrian den gomendagarria irakurtzeko modu hori −guztiz libertario nauzue leitu eta interpretatzeko mota anitzei dagokienez−, baina hori izan ohi dut buruan ipuin liburuetan barna abiatzen naizenean, narrazio bakoitzaren xarmaz, mundu bereziaz eta lorpenez gain.
Tabakoaren kontrako legeak eta mentalitatea orokortzen hasi direnetik, metafora egokia dugu erretzaileen eremuarena gure bazterretako hainbat pertsonaien bizimoduak, norberak hautaturikoak edo jasanikoak, adierazteko. Horrelako pertsonaia eta egoeren galeria bat dugu, hain zuzen, Jon Alonsoren Erretzaileen eremua narrazio laburren bilduma. Horrek ematen dio batasun agerikoa liburuari. Baina ardura berezia hartu du egileak arkitektura ordenatu bat emateko oinarrizko batasun horri, bertzela ere guztiz zilegi izanen litzatekeen zaku bat barazki fresko bete baino zerbait egituratuagoa eskaini nahian. Lehenbiziko narraziotik hasi eta azkeneraino, badago ordenamendu landu bat.
Gizarte bat −are Euskal Herria ere− eraikitzeko mota baten isla izan daiteke lehen narrazioa, zeinean gainbeheran dagoen auzolaneko jardunean eta horren inguruan hitz aspertuetan murgiltzen diren lagunak