Foru-larreko harakiria

Auskalo jaunaren negozioak? Ustelkeriaren kiratsaren jario luzeak? Anbizio pertsonalak? Nazionalismo espainiarraren erro sakonak? Euskal mamuen beldur, obsesioraino?… Zer dago PSNren jitoan ibiltze honen atzetik? Batzuek kontu horietako bati erreparatzen diote, bertzeek bertze bati, abertzale askok nahiago dute nazionalismo espainiarra kokatu lehen planoan. Nik uste, denetarik dago eta antzua deritzot edozein sailkapen saioari. Baina bertze osagai bat gehituko nieke horiei guztiei: alegia, Estatu eremuko alderdi-bitasunaren ametsa (PP eta PSOErena), nazionalismo espainiarraren fruitu dena eta ezin hobe ezkontzen dena bertze elementuekin guztiekin: negozio gosearekin, ustelkeria elkarri toleratuarekin, anbizio pertsonalekin, eta, jakina, beraiek deituriko separatismo guztiekiko beldur obsesiboarekin.

Alderdi-bitasunaren ametsa diot, bai, zeren eta ezinezkoa baitute hori gauzatzea Estatuko bazter bizienetako bitan, EAEn eta Katalunian. Bi hauetan, espainiar alderdi bikotekideek galdurik dute hasieratik bien arteko txandakatze sistema, eta bi aukera baizik ez dute: ala biak ohe berean sartu euskal eta kataluniar nazionalismoekin lehian ibiltzeko (baina ikusirik dute haien porrota horrelakorik saiatu dutenean), edo bietako batek lika zabaldu tokian tokiko nazionalismo gorrotatuari. Kasu honetan, noski, PSOE dugu dohain lerdenenak dituena.

Baina EAE eta Kataluniatik aparte, badituzte bertze bazter batzuk non, alderdi bikotekideek euren arteko txandakatze sistema gauzatuko badute, bikotekide batek tokian tokiko bertze ohe-kide batekin bildu behar duen, eta, hara non!, ohe-kide horiek ere, hau espainiar abertzalekeriaren patua!, tokian tokiko separatismoaren gidariak dira. Hala nola, Galizian, Balear Uharteetan eta Kanarietan.

Ez naiz peskizan jarriko zer portzentua duten bortz komunitate autonomo horiek Estatuko hauteslerian, baina gehiegi da, dudarik ez, neo-canovista hauek espainiartasunaren bizkarrezur politikotzat jo nahi duten alderdi-bitasunari itxura airosoa emateko. Dena dela, kontuz, ez dira elkargo autonomo horiekin bukatzen alderdi-bitasunaren ahulezien erakusleihoak. Ezin dugu ahaztu Aragoi (Xunta Aragonesista) edo Andaluzia (Partido Andalucista), non batzuetan ere neo-canovismoaren eskemak pikutara jo baitu. Eta bertze bitan, Valentzian eta Nafarroan, hutsetik asmaturiko eta tokian tokiko mozorro folkloriko bat hartu behar izan du muturreko espainiar nazionalismoak bertako naziotasun historiko-kulturalei aurre egiteko (bertakoei, hau da, kataluniar eta euskal nazionalismoari hurrenez hurren).

Eta, hara non!, Nafarroa atera zaie mutiri orain. Foru-Hobekuntza deiturikoa gauzatzerakoan hainbat eta hainbat ahalegin eta fineziak egin ondoren euskaltzaleak betirako baztertzeko gobernu-aukera guztietatik, bigarren indar gisa azaldu zaie euskaltzaletasuna, alderdi-bitasunaren bikotekide baten gainetik eta honi aukera eman ohe-kide bihurtzeko. Hau buruhauste hau PSOErentzat! Bertze elkargo batean ere alderdi-bitasuna eta txandakatze sistema apurtu? Eta hor dabil, jitoan, zer egin jakin gabe, edo, hobe erran, nola egin jakin gabe.