Elektoralismoak

Zaindu beharreko abere baten odola dastatuz gero, bazka bihurtzen omen zaie artzakurrei hazienda. Holaxe jotzen bide dute espainiar nazionalistek euren hautesleria: euskal haziendaren artzakurtzat. Euskal zauriaren odola dastatzera eman artzakurrari eta berau euskal haziendari xaxatuz, hauteskunde-bazka bihurtu ei gaituzte espainiar nazionalisten elektoralismo lehiakorrek.

4 thoughts on “Elektoralismoak

  1. Ematen du burutazio original eta interesagarria egin baino nahi duzuna izan da hautesle espainarra txakurren parean jarri, edo segurutzat jo artzakurrak aberen odolez bezain erraz itsu dakiokeela euskal kontuak baliatuz. Agian ez da zure asmoa izan, baina ulertu daiteke izugarrizko mespretsuz begiratzen dituzula ez bakarrik politikari espainarrak, baizik eta hauek jasan behar dituzten hiritar apalak. Ez dut uste horrek ondo hitz egiten duenik zutaz, ez.

  2. Inolako mespretxurik ez nire aldetik espainiar hautesleriari dagokionez, nik berriro egiten dudan irakurketaren arabera behintzat. Alderantziz, pena handi batek motibatu nau: zein erraz onartzen den Euskal Herrian arrazoi elektoralak daudela tartean PSOEren politika (euskal arazoei dagokienez) ulertzerakoan. Ez dakit horrelako arrazoirik dauden, nahiago nuke ez egon eta nahi horri eusten saiatzen naiz. Baina horrelako arrazoiak egonen balira (apunte horretan agertzen diren “bide”, “ei”… partikulek balizkotasun ideia apuntatzen dute, ene ustez), politikari espainiar nazionalistak izanen lirateke artzakurren parean jartzen dutenak espainiar hausteleria eta abereen parean euskal jendea. Horrela irakurtzen dut nik burutazioa.

  3. Pozten naiz ez zenula mespretxurik erakutsi nahi jakitean. Nola nahi ere, uste dut toki askotan daudela politikari asko artzakurtzat jotzen dutenak hautesleria. Bestela begira nola behin eta berriro gogorarazten den, adibidez, Gernikako bonbardaketa, beste gertaera tamalgarri batzuekin. Eta gainera emanten du hainbeste gogoratzekin aspaldiko zauriak berrireki nahi dela, orduko errudunak, gure artean ibiliko balira bezala, gure herrikideengan bilatzera bultzatu nahi bagintuzte bezala ematen baitu. Ba bai, hartzakur eta aberearen odol asko ikusten dute batzuek.

  4. Atzoko BERRIAn, “Hauteskunde-bazka” nire artikulua irakurri bazenuen, ikusi zenuelakoan nago estu-estu loturik dagoela “Elektoralismoak” izeneko apunte honekin. Egia erran, apuntea artikuluaren ostean egin nuen. Artikuluak zuzen-zuzenean PSOE eta PPren elektoralismoa jartzen bazuen ere jomugatzat, kritika ere bertzeen elektoralismoei luzatzen zaie bertan.

    Memoria historikoarenari buruz diozunaz, horretan jada ez nago ados zurekin. Egon, egonen dira zuk diozun asmoarekin gauza horien memoria errebindikatzen dutenak, baina horrek ez dio ezer kentzen errebindikapen beharrari. Frankismo garaiko errepresioaren memoria zabaltzearen aldeko lanetan, nire apalean, sarturik nago neu ere, ahal den neurrian betirako ahaztu arazi nahi dizkiguten injustizia haietaz denok gogoratze aldera.

Comments are closed.