Autore bat pertsonaia bila

Jenderen ehiztari dugu edozein idazle. Zer eginen dion gero ehizakiari, zer zatiak probestuko dituen, haren larrua agian pertsonaia bati itxura emateko, edo haren atalak mugiarazteko, edo haren begiak munduari so egiteko, edo haren erraiak metabolizatu eta nortasun berri bat eraikitzeko, horren beldur dabiltza sarritan idazleen lagun eta ingurukoak, ehizaki horiek zer bihurturik ikusiko duten euren burua idazlearen izkribuetan. Atzo, ekainak 29, ikusi zuen argia Berrian Asel Luzarragaren Abaraska narrazio labur bildumak ehundu duen eleberriari buruzko beheko ene iruzkin honek.

Δ Δ Δ

Pirandelloren antzerki obra hartan autore bila zebiltzan sei pertsonaiak alderantziz ikusiz, Asel Luzarragaren Abaraska eleberri honetan idazle-gai bat doa pertsonaia bila munduan zehar; baina, ziriari zotza sartuz, idazle izar batek pertsonaia bat gehiago bihurturik ikusiko du bere burua idazle-gaiak eta, Unamunoren Nieblako Augusto bezala, kontu eske ibiliko zaio nonbait idazleari: produktu hau

Elur isilgarria

Hezur eta haragizkoak garenez irakurle guztiok, geure geografia eta historia pertsonaletatik, geure bizipen, kezka eta interesetatik, gure zilborretik neurri batean, irakurtzen dugu beti irakurtzen duguna. Hala, Orhan Pamuk-en Elurra eleberri honetan eta bazterturiko Kars hirian murgiltzean, ezin izan nuen gogotik baztertu gure nafar periferia honetan bizi gaituen hainbat sentsazio. Aldeak alde, zer erranik ez. Otsailaren 10ean argitaratu nuen Berrian beheko iruzkin hau.

Δ Δ Δ

Elurra, mara-mara eta isilean, uniformatzaile eta isilgarria. Mugaldean bazterturiko hiri bat, Kars, Ararat mazizoaren inguruetan, Turkia osoko arazoen isla: laizismoa eta islamismoa, mendebalde zaletasuna eta tradizionalismoa, nazionalismo anitz kaxa itxi batean… Elurteak estaliriko agertoki horretan, estatu-kolpe jakobino teatral bat, antzokian bertan eta telebistako kameren aurrean hasia, aktore batek bultzatua, hiru egun iraunen duena, atxiloketa, tortura eta hilketen parafernalia osoarekin, baina biztanle gehienek antzezlana izanen balitz bezala ikusiko dutena. Elurtu, izoztu, bakartu eta isilduriko hiri galdua dugu Kars, ez dago tragediaren berririk mugaldeko bazter horretatik kanpo.

Hirian, tragediako protagonistengandik aparte, lekuko bat dago, Elurra eleberriko Ka protagonista alegia, bertakoa jaiotzez, baina Alemanian erbesteratua hamabi urte duela, Istanbula itzuli berria eta, kazetari gisa, Karsa etorria hauteskunde kanpaina batez eta neskato belodun batzuen suizidio harrigarriez erreportaje bat egitera. Kazetari bainoago poeta dugu Ka, ospe oneko poeta, aitortua, profetak ez bezala, baita bere jaioterrian ere. Ospe horrek emanen dio aukera hiru egun horietan batzuekin eta bertzeekin hitz egiteko, bitartekari lanean jarduteko borrero edo biktima diren alde desberdinetakoen artean.

Bertzalde, maitemindurik dugu protagonista, bi planotan -politiko eta pertsonala- eraiki delarik eleberria, hain ongi loturik bata bertzearekin non ulertezinak izanen bailitzaizkiguke plano bateko bizipenak bertzekoetatik at. Lekuko, bitartekari, maitale jeloskor, mendebalde zale baina tradizionalisten sentimenduekiko begirunetsu, sentibera dugu Ka; alta, horren guztiaren gainetik, poeta da, etorrera handikoa, bere bizipen guztiak idazgai bihurtzen dituena. Sufritu, sufritzen du Kak, baina lasaitu ere poemak lortzen baditu. Izatez, poeta gogoetatsu eta hotza dirudi, elur maluten kristal-egituraren antzekoa ikusi nahi du bere burua, egitura horren simetria hotzean kokatzen ditu bere poema guztiak: Turkiako arazoen sinbolo isilgarria baldin bada elur geruza, elurraren barnea dugu poetaren izaeraren sinbolo.

Ez ditugu poemak ezagutzen, galdu baita haiek jaso zituen azal berdeko koadernoa. Haien inguruan Kak berak egindako hainbat gogoeta baizik ez dugu ezagutuko, narratzaile orojakileak ekarririk; Orhan narratzaileak, orojakile, nola ez?, berak lortu baititu ohar horiek eta zenbait gutun, berak arakatu artxibategiak eta berak bildu dituelako Karekin ibilitako lagun anitzen testigantzak, Ka bere lagunaren bizitzaz eta gorabeherez idazteko asmoz. Orhan, dudarik ez, Pamuk bera dugu, Hitchcock bezala bere obran sartzen delarik, diskretuki hasieran, gero eta sarriago eleberria aurrera joan ahala, azkeneko atalean protagonista nagusi izateraino, eleberri osoan Ka izan den bezala. Orhan, bada, Karen isla, amaieran; Ka, bere aldetik, Pamuken isla, eleberriaren enborrean.

2006ko Nobel saridunaren bermea du liburuak autoretzaren aldetik. Euskal bertsioak ere Monika Etxebarria eta Fernando Reyren lana du berme, jakin-gose gelditzen bada ere irakurlea zein hizkuntzatatik ekarri duten: turkieratik ez, noski; gaztelaniaz eta frantsesezko bertsioak ibili dituztela pentsatu beharko. Luzera, pertsonaia ugari eta gertakari korapilatsuak gorabehera, irakurterraza da denbora linealean garaturiko eleberri hau, oso interesgarria hain hurbil izan eta hain urrun sentitzen ditugun jendeen kezka eta ikuspuntuak ohikoa baino begirada zorrotzago batekin ikusteko.

Δ Δ Δ

Pamuk, Orhan: Elurra.
Itzultzaileak: Monika Etxebarria eta Fernando Rey. Jatorrizko izenburua: Kar.
Elkar, 2007.

Ez adiorik

Zapalak hegalak, lanak dituenak. Lanak zapaldurik, datozen asteotan ezin hegan egin gogoak, ez bada aldizkako eta ezusteko jauzika. Noiz arte, batek daki. Halaz ere, ez adiorik.

Mitoen magma sortzailea

Aiako jeinuaren inguruko zertzeladak irakurri ahala, borroka eta egoera horiek, indar magikoen pean garatzen direnak, marrazki bizidunetako magian iradokitzeko joera nagusitu zait. Animatuko ahal da norbait hain gureak eta unibertsalak diren istorio hauek produzitzera! Atzo, ekainak 15, egin nion Berrian beheko iruzkin hau Aiako fantasiazko eleberriari.

Δ Δ Δ

Herri legendak eta haien arrasto mitologikoak, haien atzetik antzeman daitezkeen sinesmen ilunak, mendeetan zehar herri-ipuin, folklore, abesti eta poemetan belaunaldiz belaunaldi transmititurikoak, lehengai iradokitzaileak izan daitezke eta dira fantasiazko sormen literaturarako.

Jatorrizko