Orain eta hemen

Denbora neurtzen hasi eta oraina egotzi genuen geure bizitzetatik. Denbora-pasak baizik ezin ditugu asmatu izan, orainari eustearen plantak egiteko. Horixe plantak egiteko baizik ez. Galdutzat eman du oraina J.R. Makusok bere Oraina galdua saiakeran, baina galerak utzi digun hutsunea galdera markez bete egin du. Beheko iruzkina egin nion atzo, 27, Berrian, J.R. Makusoren liburuari.

Δ Δ Δ

Filosofia eta poesia airoso ibili dira sarri besotik elkarri helduak. Parmenidesen poema dugu, kasurako, mendebaldeko filosofiaren poema fundatzailerik handiena; edo Platonen leize-zuloaren mito ospetsua, arazo filosofiko baten adierazpen poetikoenetako bat dena, Juan Ramon Makusorentzat ere bai; Makuso ez dakit poeta filosofoa dugun, ala filosofo poeta. Edonola ere, poeta bezain filosofo ageri zaigu. Eta eskuartean dugun liburua, Oraina galdua, saiakera bat da, baina bere zama poetikoak xarma berezia ematen dio. Victor Gomez Pinek argi dio hitzaurrean:

Yeatsen belatza Niger gainean

Jakin minak objektua konkistatzera eramaten gaitu, nolabait. Horren dudarik ez uztearren agian, fisikoa izateraino heltzen da konkista hori, herri batek bertze bat ezagutzerakoan. Egia erran, alderantziz da: konkista aurrera doan heinean uste du konkistatzaileak ezagutzen doala konkistatua, ohartu gabe ezagutzen doana ez dela jada herri bat, hondamendira gainbeheran doan herri bat baizik. Niger ibai ertzetako herri baten hondamendia kontatzen digu Gainbehera dator dena eleberriaren egile kolonizatu batek, kolonizatzailearen hizkuntzan eta haren jakinduria itu. Berrian, 2007.eko azaroak 4, plazaratu nuen beheko iruzkin hau.

Δ Δ Δ

W.B. Yeatsek bezala, Bigarren Etorrera halako bat espero al zuen Chinua Achebek eleberri honetan? Anarkia hutsaren ondoren, Afrikan zerbait berririk sortuko zelakoan jarri ote zion titulu hori, Gainbehera dator dena, poeta irlandarraren The Second Coming poematik harturik? Baliteke, baina eleberriak kontatzen diguna gainbehera hutsa da, Afrikako herri kultura baten desegituraketa, europar kolonizatzaileen kulturarekin topo egitean jasanikoa. Halarik ere, zeharka baizik ez izanik ere (horrelako testuartekotasunaren bidez, hots, poema tragiko baina esperantzatsu horretatik hartzeagatik titulua), susma dezakegu nolabait Achebek, Yeatsek bezala, jaiotza berri bat espero duela kaosaren, erabateko hondamendiaren ondoren.

Idazle mezularia dugu Chinua Achebe bere ibilbidean. Mezu bat helarazi nahi du beti narrazioen bidez; inolaz ere ez, kasu!, panfleto literarioen bidez. Narratzaile soila, zuzen-zuzen doana irakurlearengana, bera lekuko duen errealitatea eskaintze aldera, prediku moralistetatik urrun: kontakizuna bera da mezularia. Idazle gisa ez ezik, Chinua Achebe pertsona ere mezulari eta engaiatua dugu Afrikako bizitza politiko eta kulturalean. Alberdania eta Elkar argitaletxeen lankidetzaren fruitu den Literatura Unibertsala bildumak ohiturik gaitu, hitzaurre efikazen bidez, euskaraturiko egile bakoitzari buruzko berririk funtsezkoenak jasotzera, hala biografikoak nola literarioak. Itzultzaileek beraiek egin ohi dituzte aurkezpen horiek, eta, kasurako, Alberto Martinez de la Cuadraren hamalau orrialdeko hitzaurrea interesgarria suertatuko zaio irakurle jakin-goseari, aise jabe dadin Achebek jokatu duen paper kultural eta politikoaz, Nigerian, Biafran, Afrikan eta mundu zabalean.

Eleberri honen tituluari ez ezik, egiturari ere erreparatuz gero, Yeatsen poemako belatzaren hegaldia eta aztoramena, euren segidan, etorri zaizkio irudimenera irakurle honi. Hiru zati nagusi ditu narrazioak, hamahiru atalekoa lehena, zazpikoa bigarrena, bortz dituelarik, aldiz, azkenekoak. Lehen zatian, hain zuzen, astitsuago doa bizitza eta haren deskribapena, iboen erkidego txiki batena, honen egunerokotasun, bizimodu, gizarte-antolamendu, kultura eta kosmogoniaren inguruan biraka, belatzaren goi hegaldi dotorearen antza. Mundu hori, alabaina, ez da mundu idiliko bat, bizia eta mugikorra baizik, eta, haren baitako dinamikaren ondorioz, aztoramena etorriko zaio protagonistari, dardara eginen diote bizi-erreferentziek eta