Idazlea bere buruarena egiten

Ene ustez, 2007.eko euskal literaturaren uztako produktu kitzikagarrienetako bat izan genuen Patziku Perurenaren Dakiguna ikasten. 2007.eko azaroaren 18an eman nuen argitara, Berrian, beheko iruzkin hau.

Δ Δ Δ

Oso ezaguna da idaztearen eta striptease-aren arteko analogia. Euskarazko idazleez mintzo, inorengan egia bada, Patziku Perurena dugu inor hori. Oroitu hamalau urte duela Marasmus femeninus saiakeraz, nola iritsi zen muturreraino striptease ariketetan, eta zer kritika erauntsi bortitza etorri zitzaion zirimolaka, gainera. Onartu al du egileak urrunegi joan zela harako hartan? Horrela dirudi, EIEren webgunean ez baita liburu hura agertzen goizuetarraren bibliografian. Edonola ere, ordutik hona luzatuz joan da haren obren lista, eta eutsi egin dio Perurenak bere joerari, idazkien bitartez bere arimaren biluzgorritasuna agerian uzteko horri. Gustukoa du aho bilorik gabe adieraztea pentsatu eta sentitzen duena, bere buruari buruz doala edo hurkoari buruz. Oraingo Dakiguna ikasten ez da salbuespena.

Arriskutsua da, arriskutsua denez, striptease lana. Erakusten duzunarengatik ez ezik, erakusteko moduarengatik ere bai. Balio handiko ikuskizun artistikoa lor dezakezu zenbat ere arrunt diren erakusgai dituzun sekretuak, baina erraza da labaintzea, barregarri gelditu edo ikusleengan higuina probokatzeraino, tentuz egiten ez baduzu. Nago hori gertatu zaiola liburu honetako artikulutxoren batean. Izan ere, gauzak kontatzerakoan, mikro-historia deiturikoarekin dago maitemindurik Patziku Perurena, eta badaki lotzen pasadizoak ideia edo sentsazio orokorragoekin, badaki istorio xeheetan oinarritzen ustekabeko gogoeta bati heltzeko. Baina erraza da mikro-historiatik ere reality show generora irristatzea, pasarteren batean egin duen bezala. Ezer ere ez zukeen liburuak galdu, eta bai, ordea, gehiago irabazi holako gutxi horiek plazaratu ez balitu.

Izan ere, zer gozatu baitu liburuak, berez. Plazer bizia da haren orrialdeetan murgiltzea, Perurenak ohi duen euskara aberats eta adierazkor hori belarrietan, ezusteko gogoeta paradoxiko horiek gogoan, hitzen arimaren inguruan intuizio semantiko eta etimologiko horiek dastatzen, haren begien bekaizti gureak ikusten ez jakiteagatik bide bazterreko zirrikituetan gure idazleak ikusten dituen zertzeladak. Bikaina, hari horretara, liburuaren sarrera, “Ze merkea den atsegina” izenburuko mendi ibilaldia. Hori da, hori, mendian ibiltzen jakitea!

Irakurlearekin zakar agertzea du gustuko, xamur eta maitez beterik, halaber, naturarekin eta hizkuntzarekin. Gorroto ei dio artifizio orori, sofistikazio hiritar orori, ez zaiolarik inporta gogoeta bakoitzean trapu bat gehiago kentzea bere gorputzeko xoko-moko ezkutuenei. Nahasketa bitxia berea: Frai Antonio Gebarakoren Menosprecio de corte y alabanza de aldea ekartzen dit burura, baina guztiz bertzelako izpiritu batekin, fraidearen purrustada moralistetatik at, Nietzscheren nahimen-indar hausleetan murgildurik: nihilismoraino eramateko gai litzatekeen izpiritu batekin, ez balitz izanen naturako parajeetan eta hitzen zirkiluetan babesa eta heldulekurik aurkitzen duelako. Itxuraz, bederen.

Estimurik ez adiskidetasunari, sano deritzo gorrotoari, bere

Berantiarron aukera

Hizkuntza hura berandu heltzen zen gaurkotzeko behar historiko guztietara. Horretan al zetzan, beharbada, haren azken itxaropena: berandu ere heltzean hizkuntza guztien holokaustoaren egunera?