Eztietan eta ozpinetan, eskuzabalak gero liberalak, dirua jasotzeko!
Month: iraila 2008
Kafkaren sugetzar sintaktikoak
Nahiz eta, batzuetan, idazle batek bere obran izan duen konfiantza irmoari esker aukera izan dugun geroko belaunaldietakoek haren lanak dastatzeko eta haren garaikideen iritzi estetikoen mugak deitoratzeko, bertze batzuetan, aldiz, idazlea bera agertu da bere obraren batez damuturik, bere obraren bat desagerrarazi nahian, harekin sute bat elikatu guran, geroko belaunaldietakoek haren ustezko zentzugabekeriak (?) ezagut ez ditzagun. Idazle horietako bat dugu Kafka: bere obra garrantzitsuenekin, argitaratu gabe artean, sute inkisitorial bat egiteko agindu zion Max Brod bere lagun leial eta testamentu betearazleari. Bertzeak bertze, Prozesua, Gaztelua eta Amerika bezalako harribitxiak galdu ziratekeen guretzat, lagunak hitza eman ostean traizioa egin izan ez balio. Zorioneko traizioa! Ipuin bilduma honek Kafka bizi artean argitaraturik suertatu ziren guztiak bildu ditu euskaraz, Naroa Zubillagaren itzulpen lanari esker. Honako iruzkin hau egin nion Berrian, 2007.eko abenduaren 16an.
Δ Δ Δ
Nietzschek filosofia ilustratua hankaz goratu zuen, XIX. mendeko azkenaurreko hamarkadan. 1900ean, antropologia hasi zen jartzen hankaz gora Freud, ametsak psikologikoki interpretatzean. Handik bortz urtera, unibertso fisikoaren zientziei iritsi zitzaien txanda, Einsteinen eskutik. Alerik ere ez zen tente gelditu hortik aitzina. Eta ezagutzaren iraultza hura sormenaren arlo guztietara hedatu zen hurrengo urteetan. Bertzeak bertze, literaturara. Hiru idazle erraldoi aipatuko nituzke nik bereziki: Joyce, Proust eta Kafka, alegia, XX. mendeko bigarren eta hirugarren hamarraldietan, ordura arte aldez edo moldez burgesiak hierarkizaturiko estetikaren umea izan zen narratiba osoa desegituratu zutenak, paradigma berriak eraikiz mendebaldar literaturarentzat. Nork bere modura. Kafkak Ilustrazioak sorturiko munduaren zentzugabetasuna, absurdoa eta eromena jarri zituen begi-bistan, horretarako bere idazkera bera ere sugetzar ero baten gisa jantzirik.
Umezurtz gaude oraindik irakurle euskaldunok sormen mundu berriaren obra fundatzaileak irakurtzeko orduan. Oker ez banago, Proustengandik ezer ez dugu oraindik, eta, Joyceri dagokionez, Artistaren gaztetako portreta eta Dublindarrak baino ez. Zorionekoagoak gara Kafkarekin, Metamorfosia (bi bertsiotan), Prozesua eta zenbait ipuin (itzultzaile desberdinen gustu-azareen arabera hautaturik) aspaldian baititugu euskaraz irakurgai. Ez dakit noraino ibil daitekeen buru tente gure hizkuntzazko literatura, Proust eta Joyceren lan nagusiak euskaraz bizitzeko aukera ez izan arte, arazoak arazo. Orain berri, ustekabe atsegina eman digu Naroa Zubillagak, irizpide metodiko batekin Kafkaren Bizian argitaratuak ipuin bilduma hau euskaratzean.
Zaila izan behar du Kafka edozein hizkuntzara itzultzeak. Haren idazkeratik euskarara ekarritako ipuin hauetan gogo biziz murgildu naizen honek ezer ez daki alemanieraz, eta ezin neurtu, beraz, zer galdu den pasabidean. Baina Kafkaren zale amorratua naizenez, aldera ditzaket elkarrekin ipuin hauetariko gehienen gaztelerazko eta euskal itzulpenak. Konparatu, eta harro gelditu naiz, irakurle euskaldun bezala, Naroa Zubillagaren emaitzaz.
Ezin aipatu orain ipuin bilduma honen pizgarri literarioak. Baina bi gauza gutxienez bai. Lehenbizi, liburu honetako zenbait ipuinek, euren laburrean, Kafkaren obra zentraletako balio nagusiak eskaintzen dizkigutela: atari ederra dugu Kafkari euskaraz irakurtzen treba gaitezen. Eta bigarrenik: deskripzioak eta arrazoibideen sigi-sagak direnez egile honen lanen betegarri nagusiak, korapilatsuak direla deskripzioak, gauzak eta mugimenduak perspektiba anitz eta etengabe aldakorretatik ikustarazten dizkigun espazio mugikor batean kokaturik; eta korapilatsuak direla protagonisten arrazoibideak, alde guztietatik hel dakizkiekeen hariak behin eta berriz deslotuz eta katramilatuz, ondorio zehatzetara inoiz ere ez iritsi eta bizimodu absurdo horretan etsitzeko azken buruan. Bada, korapilo horiek adierazte aldera, funtzio berezia betetzen du Kafkaren idazkerak: deskripzio eta arrazoibideen enbor eta adarrei atxiki zaie sintaxia, sugetzar baten antza, sigi-saga amaigabeetan garatuz pasarteak, perpaus nagusien atzetik menpekoetako tren luzeak jarriz, azken hauek berriz ere elkarrekin hierarkizatuz… Horrek zailtzen du itzulpen lana, hitz- edo metafora-jolasek baino hagitz gehiago. Eta neke horretatik atera da airoso Naroa Zubillaga: Kafkari irakurtzeak beti eskatuko dizkigu ahalegin sortzaileak, baina kasu honetan ez dizkio euskarak oztopo handiagoak jarriko irakurle gogotsuari.
Δ Δ Δ
Kafka, Franz: Bizian argitaratuak. Itzultzailea: Naroa Zubillaga. Alberdania / Elkar, 2007.
Aurkaria mirailtzat jo
Jarrera baten aurka jo nahian haren alderantzizkoa paratzen badugu, miraileko kopia gurea: aurkakoa, eredu.
Ideal kosmopolita
Hiri lokal batetik du amets kosmopolita bakoitzak bere kosmos politena.
Ezinari ekin nahi
Errealitatearen zigorra:
Totelka erranik
Hitzen bahitzaileak eta suntsitzaileak baino, totelak nahiago ditut: kosta ahala kosta, hitzen bila doaz beti hauek.
Euskaldun fededun
Magian fededun izan behar, uste izateko uso zuriak hegan aterako direla lehergailuetatik.
Hitzetan larri
Hitzak: bahitu nahi dituzte batzuek; bertze batzuek, inork haiek askatzea baino, leherrarazi eta txiki-txiki egin nahiago. Eta horrela gaude gainerakook: ez eta hizkiak ere aurkitu ezinean eta totelka baizik ezin ibili.
Amesgaiztoko titulua
Kritika gogorra egin nion ipuin bilduma hau argitaratu zuen frantses argitaratzaileari, edo egilearen ondorengoei edo dena delakoari (Berria, 2007-12-02). Ez, baina, ipuinak bildu eta argitaratu izanagatik, baizik eta bilduma osoari jarritako izenburuagatik eta ipuin bakoitzari ere aldatu ziotelako jatorrizko titulua, horrelako esku sartzeak, ene ustez, deskokatu baizik ez baitu egiten irakurlea. Hala eta guztiz ere, merezi du, eta ongi merezi ere, ipuin hauen irakurketa.
Δ Δ Δ
Irakurle kritikoaren interesa pizte aldera, erran dezadan, hasteko, niri ez didala erakutsi liburu honek nola egiten duten amets emakumeek, hau da, ez gaudela Ikas ezazu ordu gutxitan auskalo zer moduko tituluak dituzten liburu sasi pedagogiko horietako baten aurrean; nahiz eta Kressmann Taylorren ipuin bilduma honi jarritako izenburuak horrelako zerbait adierazten duen, marketin ikuspegi batek tristeki faltsutu duelarik ipuinen mami sortzailea. Zorionez, emakumeek ez dute bilduma honetan agertzen diren kontuekin bakarrik amets egiten.
Izan ere, bortz narrazio labur biltzen du liburuak, baina ez du egileak obra berezi gisa atondu, argitaletxe frantses batek apailatu ditu ipuinak, idazleak proiektaturiko obra biribil bat izanen balitz bezala. Lau ipuinetan emakume bana dugu protagonista, gizon bat bortzgarrenean. Argitaratzailea ez da mugatu titulu nagusi desegokia asmatzera, ipuinen jatorrizko izenburuak ere aldatu ditu, pertsona izenak jarriz bakoitzaren buruan, protagonistenak, narrazioen funtsari ez, bildumagilearen marketin asmoei men eginarazi nahian bilduma osoa. AEBkoa da Kressmann Taylor idazlea eta amerikar ingelesez idatzi zituen lan guztiak. Joxan Elosegiren euskarapena, argitalpen frantsesarena da.
Ahazturik zegoen Kressmann Taylor liburu merkatuan, eta, zorionez, Editions Autrement etxeak berraurkitu zituen haren balioak, duela urte gutxitatik hona Holokaustoari buruzko jakin-mina zabaldu deneko giroan. Izan ere, Ezezaguna helbide honetan eleberri laburrak (Ramon Etxezarretari esker irakurgarria euskaraz 2003tik) lagin paregabea, bisturi literario zorrotz eta zehatz batez aukeraturikoa, eskaini zuen Holokaustoaren aurreko alemaniar giroaz eta geroko hondamendi humanoa (ezen ez humanitarioa) iragarri. Harako hartan, 1938an argitaraturik, muturreraino eraman zuen Kressmann Taylorrek narratzailearen desagerpenaren teknika literarioa, gutun sorta bat ordena kronologikoan sailkatzera, artxibozain arretatsu baten betekizunera mugatuz sormenezko bere esku-sartzea. Emaitza, erabateko mailukada irakurlearengan.
Lehen begiradan, arras bertzelakoak dira ipuin hauek, 1935-1963 artean plazaratuak aldizkari banatan. Bortz pertsonaiaren gogoetan, haien pasioetan, frustrazioetan, desiretan, bizipenetan sartu da: hala nola aurreneko maitasunaren zirraran; maite-harremanen haustura mingarrian; bizi-proiektuen eta zure jatorrizko bizimoduko sentimenduen deiadarren arteko kontraste korapilatsuan; zahartzaroko isolamendutik bertze sasoiko bizipenak berpiztu nahian komunikazioaren bidez; udaberriko odol beroaldi batean, nekazari adindu eta serio batengan pizturik, protagonista maskulino bakarraren bizitza gogaikarria alda izan zezakeena baldin eta
Esponentzialki hedakorra
Babes eta eraso tresnen parafernalia osoaz gain togaz ere polizia janzten denean, Einstein eta Hubblesen Unibertsoa bezain hedakorra da hiritar zigorgarrien unibertsoa.