Gustukoa dut berez erdaldun diren lekuetara joatea. Ezinegona sortzen dit, aldiz, euskaraz aritzea espero egiteko den lekuetara joan eta gehien bat erdaraz entzuteak. Baina badute hauek eskubiderik nahi bezala egiteko…, erresumintzeko nik adina eskubide.
Month: otsaila 2009
Zenbakizko nortasuna
Zenbakiek ematen digute gaurko munduan banakotasuna: nortasunik gabekoa, eiki, ez bada kreditu-txarteleko diruzorroan biltzen den zenbakiena.
Genero baten ohorezko hasiera
Arrakasta komertziala duten genero literarioetan guztietan bezala, suspense eleberrigintzan ere erabili eta zakarrontziratzeko produktu zenbatu ezinak daude. Azken genero honek, dena dela, aukera politak eman dizkio hainbat idazleri bere dohainak erakusteko. Gaurko nobela luzea izan omen zen generoari hasiera eman ziona eta, alafede!, jakin izan zuen egileak bere ahalmenak gauzatzen. Atzoko Berrian atera zen beheko ene iruzkin hau.
Δ Δ Δ
Harrapakeria kolonialaren istorio indibidual bat; harrapariari altxor material hutsa zaiona euren sinesmen eta tradizioei eginiko laido jasanezin zaie harrapakeriaren biktimei. Hori dugu suspense eta detektibe generoko eleberri honen abiapuntu: bi zibilizazio arteko talka; mendebaldeko kume baten materialismoa batetik, ekialdeko balio espiritual, magiko, erlijiosoak (esoteriko eta arrotzak guretzat) bertzetik. Azalpen filosofiko edo antropologikorik gabe nobelaren garapenean, generoari dagokion bezala: istorioaren kontakizuna izanen da, bere hutsean, osagai kultural, zibilizaziozko, mental edo direnak direlakoak atzetik dituela adierazten diguna. Baina funtsezkoa da talka hori, narrazioari kutsu berezia ematerakoan. Protagonistak eta ikuspuntuak mendebaldekoak dira; ekialdekoen ikuspuntuen berri edo zantzuak antropologoaren planta egiten duen esploratzaile batek, Murthwaite jaunak alegia, emanen dizkie protagonistei eta irakurleoi.
Sare horretan sartuak, narrazioaren bihurguneetan begi bistakoen agertzen diren ildoak: gaizki ulertuez beteriko maitasun istorio korapilatsu bat, hots, Ilargi-harriaren lapurrari jaurtiriko madarikazioa nola edo hala egokituko zaion bikote batena; harribitxi sagaratu horren inguruko zertzeladak; goi mailako gizatalde itxi baten gorabeherak eta gainbehera; familia baten zerbitzura dabiltzan morroien afanak; detektibe baten usaimena, lana eta frustrazio-sublimatze moduak… anitz dira narrazioaren lehen planoetako osagaiak.
Lerro hauen irakurleak uler dezakeen bezala, osagai horiekin guztiekin saltsa lodia, lodiegia, lortzeko arriskuan jarriko litzateke detektibe-generoko gaurko idazle arrunt eta komertzial bat. Wilkie Collinsek, aldiz, erabilitako narrazio-teknika eta egiturari esker, jakin izan digu azpil zabal, gose-zirikatzaile, sendo eta digerigarria aurkezten literatur bazka zaleoi. Suspense istorioetan ohi den bezala, puzzle bateko piezak dira ikerleak eta irakurleak ongi egokitu behar dituen datuak, zantzuak, susmoak, hipotesiak, istorioari batasunik emanen badio. Arruntean, detektibea dugu bidegile, eta egilea bera bide nahasle (intriga interesen arabera). Collinsen honetan, hamabi narratzaile ditugu, nork bere berriak emanez gutun edo txosten idatzietan, nork bere maila sozialetik edo kulturaletik, bere eginkizun eta bizimodutik, bere sentikortasunetik, bere bizipenetatik. Puzzleko piezak pixkanaka elkarri egokitu artean, abestalde halako batek kantatzen dizkigu, ederki kantatu ere, goian aipaturiko hala osagai agerikoak nola ezkutuagoak. Bereziki kitzikagarria da Betteredge etxezainaren ekarpena, luzeena, estilo ingeleseko morroi-neskameen buru leial burutsuarena, zeinaren Biblia Robinson Crusoeren gogoetak baitira; eta Ezra Jenningsenen opiomanoarena, pertsonaia misteriotsua berau, Wilkie Collins idazlearen beraren isla dena: biek ala biek, pertsonaiak nobelan eta egileak bizitzan, garaiko osasun terapia dela kausa opioari ekin behar izan zioten, droga horren menpean akiturik amaitu arte.
XIX. mendeko idazle dugu Wilkie Collins, emankorra, eta arrakastatsua bere garaian, Charles Dickensen lagun eta lankide hainbat gauzatan. Antton Olano itzultzaileak eginiko Hitzaurrean aurki ditzake irakurleak zehaztapen interesgarriak. Ederra itzulpena, argitaletxeari egotzi beharreko zenbait deskuiduk haren distira lausotu arren.
Detektibe eta suspense eleberrietatik lehena omen, ohorezko hasiera izan zuen generoak, gero T.S. Eliot eta Borges bezalako irakurleak liluratu zituen jaiotze distiranta.
Δ Δ Δ
Collins Wilkie: Ilargi-Harria.
Jatorrizko izenburua: The Moonstone. Euskaratzailea: Antton Olano.
Alberdania & Elkar, 2008.
Terapia patetikoa
Terapeutiko izan dakigukeela ahanztura? Bai eiki. Baina edozein galtzagorrik oroitaraz diezaguke geure historia. Aukeran, ahanzturatik autoengainura pasa gaitezke orduan
Ezta pentsatu ere
Pentsamendu bakarra? Pentsamendu izanen balitz, pentsamendu berriak loratuko lituzke.
Gureak egin du
Makro eta mikrokosmoez ezagutza absolutua lortu eta
Hizkuntzen musika
Badute zerikusi elkarrekin gramatikak eta musikak. Baina gramatikak, bizia izanen bada, gehiago du jazzetik, Bachen pieza kanoniko batetik baino.
Paleolito berria
Ekologismoa, neolito zale? Are atzerago eramanen gaitu garapen zalekeriak azkarrago: paleolitora.
Fresko ustela
Freskura darie ustelkeria kontuetan airoso dabiltzanei.
Konspirazio isilgailua.
Hori pagotxa konspirazio teoria, konspirazioen susmo guztiei (serioenei batik bat) barre egiten diena! Konspiratzaileen esku-liburuko atal bat da, euren biktimak isilarazteko.