Beldurraren inguruko negozio-gizarteetan bizi gara. Merezita, garaiz agertu ez izanagatik beldurpean sartu gintuztenen negozioen beldur.
Month: apirila 2009
Giza portaera bat, noski
Basatikeria, gizakiona baizik ezin daitekeen jokabide hori.
Antropologia zorrotza
Kultura transgenikoa
Mass media zabalenetako kultura sailak: buru-janari transgenikoentzako soroak.
Promesa handienean, kale
Promesatzat jo izan zuten gaztetatik. Batean ere huts egin gabe, gero eta promesa handiagotzat jo eta guztien esperantza handiena zelarik hil zen, adindurik.
Nork bere semantika
Aho hilak dira hiztegiak; hitzen semantika, hiztegietan ez, hitzak irten direneko aho bizi bakoitzean bilatu behar.
Poeta gaixoa
Hilezintasun bila, metafora batean itxi zuen heriotza.
Sator-lana
Artikulugile guztioi eskarmentuak irakatsi beharko ligukeen gauza funtsezko bat, kontzientzia hartze bat da: adibidez,
Bidegabekeriak sarituz
Zeruari deika ibiltzekoa, bidegabekeria hura! Zeruari deitu, bada, eta zeruak ateak zabaldu eta ostatu eman zion justizia ezari.
Emergentzia foralak
Nola uztartu turismoa eta kultura? Turismo kulturala baino kultura turistikoa nahiago du. Kultura eskatzen du hark, errepideak behar ditu bigarrenak. Duda izpirik ez dilema horren aurrean, Kultura eta Turismo kontseilari nafar honentzat, mugikortasun handiko trepa eta foru-kargudun mugiezin honentzat. Gasteizko Hala Bedi irratian leitu nuen herenegun, apirilak 7, beheko artikulu hau.
Δ Δ Δ
Juan Ramon Corpas dugu foru-baratze honetan Turismo eta Kulturako kontseilari. Bi sailak bat egitean, turismo kulturala bultzatuko balu, kulturak turismoa bernizatuko luke behintzat; baina ez, kultura turistikoa bultzatzen temati dabil, folklore foru-katoliko-espainiarraren amildegian erori araziz kultura. Juan Ramos Corpasek badu, bertzalde, bertze meritu batzuk: alegia, PC-EPKren putzuetatik UPNren goi-lautadetara eskalatzen jakin izan du; edo, alegia, Lizarrakoa da, eta aspaldin irakatsi zigun Jose Maria Iribarren etno-bilduma zale bitxi hark Lizarrakoek airea ikusten dutela. Juan Ramon Corpasek, bada, airea ikusten du. Lastima, dohain horrek bere ifrentzua duela: adibidez, airea ikusten ez baduzu, airerik ez dagoelako seinale; eta, hala, Corpasek badu arrisku ikaragarri hori: airerik gabe bizi izatekoa. Ez da harritzekoa, hortaz, bere azkeneko afera: oxigeno faltan, foru-larrialdietako helikoptero batean igo behar izan zuen Beriain mendira, Bardem zinema aktorearekin argazki kultural turistikoa lortuko bazuen.
Egia erran, argazkia lortu ez izanaz gain, larri-larri ibili da helikoptero kontu horretan. Baina badugu foru-baratze honetan bertze kontseilari bat (hiper-kontseilaria, dena erratera baldin bagoaz), Javier Caballero Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria. Bere igoera politiko laburragoan, meritu ikaragarriak lortu zituen Caballerok ETAk haren aita hilotz utzi izanagatik, eta biktimaren semea ere biktima denez, zein egokiagoa bera baino Justizia eta Barneko auziak, hau da, epaileen eta polizien bideak bat egiteko kartera politiko berean? Denok dakigu, ongi dakigunez, injustiziaren biktimak direla egokienak justizia eta polizia kontuak bide zuzenetik beldurrik gabe aurrera eramateko, uztarri bakarraren pean lotuz idi biak.
Baina ez genekiena, bertze kontu bat zen: hots, Javier Caballero, horrezaz gain, Real Academia Espa