Zorretan nabil
Month: uztaila 2009
Iraultza, bai, eta gero zer?
Batek daki zer iraganeko bizipenak, zer oroitzapenak, egunez eguneko zer kontuk, zer irakurketa berrik edo irakurketa zaharraren baten zer oihartzunak eragiten gaituen aforismo edo dena delako genero horren zaleok flash horietako bat gehiago papereratzerakoan. Hitzen erra(nah)iak izenburuduna (
Progreso xarmangarria
Hamelinen txirularen xarma bezalakoa, agian, Progresoarena: arratoiak desagerrarazi, txirulariaren kontratatzaileek, ospakizunetan mozkorturik, ordaintzeari uko egin, eta haurrak liluratuko ote ditu Progresoaren xarmak mendekuz, arratoien bidetik eramanez etorkizuna.
Arrazoi hegemonikoak
Hegemonia nahiago badute biziraupena baino (Chomsky), Kanten kategoriak ez, Freuden tresneria behar dugu Arrazoia aztertzerakoan.
Osasun utopia
Eri hiletsiak uharte bat aurkitu zuen, han gelditu eta, bertzerik gabe eta ezustean, sendatu egin zen. Eri gehiago hasi zen gero hara joaten, eta berdin. Panazea bataiatu zuten uhartea, eta mapetan kokatu.
Potentzia farmazeutikoak horretaz ohartu arte. Mapetan ikusi bezain laster, hura babestu, hesitu eta izena aldatu zioten uharteari: Plazebo birbataiatu eta luxuzko turismo-gune bihurtu zuten.
“…ergo sum”
Nahi dutenera baizik ez badut begiratzen eta nahi dutena soilik ikusten badut, orduan bakarrik ematen didate existentzia.
Gaurko sormen errealista
Errealitate birtualak ez du errealitatea ordezkatu: errealitatea sortu du.
Jabetza publikoaren gozamen pribatua
Jabetza publikokoa da askatasuna, pribatua haren gozamena baizik ezin daiteke izan. Hain zuzen, bertze guztioi lapurtzen digu askatasuna, haren jabe bihurtzen denak.
Izen bila gabiltzala…
Euskadi, amets batek asmatu eta iratzargailuak zapuzturiko izena dugu. Baskonia edo Nafarroa, historia-minak berreskuraturikoak. Jarrita, hobe dugu, agian, eustea guztizko gezurra den Euskal Herria izenari.
Magiazko akuriak
Inkaminari batek desagerrarazi nahi gaituen euskaldunak gara nafarrok.