Kazetari baten idazle sena

Onak izan daitezke erreportaje asko, baina bereziki eskertzekoak dira kazetari baten gogoetak, a posteriori, bere erreportajeen inguruan, gogoeta teorikoak izan beharrik gabe. Beheko iruzkin hau argitaratu nuen atzoko Berrian, Alberto Barandiaranen molde horretako azken liburuaz.

Δ Δ Δ

Titulitisak gero eta jotago dagoen gizarte honetan, zeinean titulu akademiko batek, zenbat eta beharrezkoagoa izan arren, hainbat gutxiago balio duen lan baldintza duinak lortzeko, badago lanbide bat gaixotasun horretatik libre: idazlearena, alegia. Ez dago idazle titulu akademikorik. Falta genuena: intrusismo salaketak idazle jardunean ere! Askatasun horren ordainez, izki-minak zaurituriko anitzek idaztearekin zerikusirik duten lanbide eta titulazioetara jo behar dute, beraien grina literarioa asebetetzeari ekinen badiote jateari utzi gabe. Kazetaritza dugu idazle batzuen jantoki.

Alberto Barandiaranen kasua, ene ustez: bere lanik profesionalenetan ere badu askotan halako ukitu bat, zeinaren atzetik idazle sena nabaritzen zaion. Bai bere erreportaje hutsetan, bai orain arte kaleratu dituen liburuetan. Postkronikak izenburuko hau zuzen-zuzen kazeta-lana izan arren, idazle sena duen kazetari batena dugu: erran nahi baita, kazetaritzak inposatzen dituen muga profesional hertsietatik haratago zerbait gehiago ikusi, sortu eta adierazi nahi duen batena. Horixe liburu hau: aurretik kaleraturiko erreportajeen inguruko kontuak, bere garaian bildu baina alboraturikoak -erreportaje genero soilaren tirania!-, eta orain liburu formatuan argitaratzeak aukera eman diona, kazetari eta aldi berean idazle den aldetik, bere frustrazioak hala hola berdintzen saiatzeko.

Bortz erreportajetarako harturiko oharrak, karpetetan gordetakoak, landu ditu: topaketa berri bat lan haietako pertsona eta zertzeladekin. Auschwitz, lehen frankismoaren mendeku grina, Videlaren Argentina, trantsizio espainiar garai nahasiak eta 2004ko martxoaren 11ko Atochako lehergailu sarraskigileak, horiek dira liburu honetako bortz testuinguruak. Lautan, biktima suertatu ziren euskaldun bana, eta haien peskizan kazetariak egindako ibilerak; biktimen ezagun eta senideen bila izandako harremanak, askotan frustratuak, jorratzen ditu horietan. Bortzgarrenean, kazetariaren inpotentzia sentipena Madrilgo sarraskia bertatik bertara ikusi eta informazioa bidaltzerakoan.

Erreportaje generoa da, agian, idazle bizi nahi izanen lukeen kazetari bati aukera gehien ematen diona bere sen narratiboa garatzeko. Eta kazeta-lanetatik kanpo gelditu behar diren hainbat urrats, gogoeta eta bizipen lehengai interesgarriak izan dakizkioke horrelako idazle bati: nolabaiteko meta-kazetaritza egiteko abiapuntua. Alberto Barandiaranek egin duena postkronika hauetan. Estilo soila, irakurterraza, baina zorrotz sartzen dakiena detaile xumeetan, itxuraz bigarren mailakoak diren horietan; halarik ere, erreportaje nagusian txertatu ez izan arren, esanguratsuak oso. Gutunak, mezu elektronikoak, elkarrizketa saioak, telefono deiak, artxiboetako aztarnak, bidaiak… horrelako lehengai objektiboen bidez, haien itxurazko hoztasuna eta guzti, lortu du giro bat sortzea, lodia eta egokia ere irakurle bakoitza gero bere subjektibotasunarekin bertan murgil dadin.

Lehenbiziko bi postkronikak aipatuko nituzke nigan sortu zirrararen aldetik: Lutxen argazkia eta Nicolasaren gurutzea alegia, bi emakumezko ia guztiz desagerturik, baita denen -senideak barne- memoriatik ere. Horiek bezain soil, eta are itxuraz lehorrago ere, garatu du Cordobako senidea izenburukoa, bikain lortuz komunikatzea, ordea, ikerkuntzako hari baten galerak idazlearengan sortu zuen ezinegona.

Kontuan hartzekoak baldin baziren erreportajeak euren garaian, are aberasgarriagoak deritzet haien inguruan a posteriori mamituriko kronika berri hauei.

Δ Δ Δ

Barandiaran, Alberto: Postkronikak. Elkar, 2009.