Zer erran dezake erregeak res publicari buruz?
Month: abendua 2009
Konstante gogor bat
Konstantziarik eza, giza konstante bat: betiko eskarmenturako hil zizkiguten gureak harako gogor hartan, eta hartatik ezer ikas ez dezagun dabiltza gaur lehen bezain gogor.
Autoritate-argudioa
Eskubidea duzue niri ez sinesteko, baina inondik ere ez zuek arrazoi izateko.
Plazeboak
Den-dena irudikapen, osasuna barne; erran nahi baita, plazeboak botikarik onenak diren bezalaxe, holaxe diskurtsoak ere: urardoturikoak, sinestekoenak.
Eskubiderik ez
Borrokalari paregabea zen: eskubideren bat lortzen bazuen, garaipentzat ez, tranpatzat jotzen zuen borrokari utz ziezaion.
Eskubide gogorrak
Eskubideak guztiak ez ditugu zilegi bezain goxo erabiltzen. Euskaraz aritzekoa, abortuarena bezain desatsegina, ote, hainbertze euskaldunentzat?
Pinguinoaren sindromea
Hegazti ergel deitzen badiegu guk lurrean, haien ingurumenetik kanpo, dorpe ibiltzen direlako, nola deituko ote digute beraiek, euren ur-ingurumen hotz-hotzean mugitzen ikusten gaituztenean? Ez da eztia Andrei Kurkovek asmaturiko metafora, pinguinoarena alegia, Ukrainako gizarte postsovietarra nola ikusten duen adierazte aldera. Fabula beltz eta hotz-hotza eskaini digu eleberri honetan. Atzoko Berrian egin nion beheko iruzkin hau.
Δ Δ Δ
Andrei Kurkov errusierazko idazle ukrainarra arrakastatsua da bere eleberrien itzulpenetan. Idatzi dituen erdiak itzuli dira, eta gaurko hau, euskaraturiko lehena, hogeita hamahiru hizkuntzatan dasta omen daiteke dagoeneko. Piknika izotzetan izenburua nahiago izan du Olga Mtz. de Marigorta euskaratzaileak, nahiz eta Kurkovek 1996an, eleberriaren lehen argitalpenean, bertze izenburu bat jarri zion, Arrotz baten heriotza euskara genezakeena. Edonola ere, Kurkovek berak ere aldatu zion titulua hurrengo inprimaketetan, hain juxtu euskaratzaileak hautatu honetara pasatzen. Gure inguru kulturaleko erdaretan zorte anitzetako izenburuak aurki ditzakegu: Picnic sobre el hielo gisa ere atera zuen lehenbizi Plaza & Janesek, baina Muerte extra
“Si vis bellum, habe pacem”
Gerra hotza, bake sainduan gerra prestatzeko bakealdia izan zen.
“Homo homini rex”
Monarkia izatekotan, neu errege.
Egiaren okerra
Zer okerragoa, egia bat baino, pentsamendu politikoki zuzenaren erresuman?