Zer gara gutariko bakoitza?

Bere azaleko bakuntasun eta estilo irakurterraztasunean, bi aldiz gutxienez irakurtzeko eleberria dugu hau. Narrazioaren azpitik, ur handietan murgilduriko gogoetak ditugu, beheko iruzkinean atzoko Berrian aipatu nituenak eta are gehiagotan ere, batere sinpleak ez direnak.

Δ Δ Δ

Fantasia, fabulen baliagarritasuna, begirada zorrotz, eguneroko gertaera eta portaeren azpian zerbait gehiago ikusteko adina sakon, adierazpen zuzeneko eta sarkorrak… izan ziren Marie Darrieussecq Baionako eta frantsesezko idazleak bere lehen eleberrian erakutsi zizkigun dohain batzuk. Aukera izan du euskarazko irakurleak hori ezagutzeko, Ahardikeriak izenburukoarekin. Gero, egile honen nobelagintza jada luzeko bigarren bat irakurri ahal izan dugu: Tom hil da, pertsonalistagoa, halako kontu autobiografiko baten gainean eraturiko fikzioa, amarengan seme baten heriotzak sorturiko obsesioen segida errepikariak hari. Horretan ere, idazkera adierazkor eta bilaturiko giroari egokitua. Gaur, hirugarren bat dugu, Herria, argitaletxe berberari baina hirugarren itzultzaile bati esker, Xabier Payari esker, ongi eskertzeko ere. Berriro, lehenean bezala fantasia hegalaria, sinbolo euriteak, begirada sarkorra; eta aipaturiko bietan bezala, perpaus sintaktikoki sinple, motz eta ikuspegi narratiboaren zerbitzuan landuak.

Kontu autobiografikoen gaineko bertze fikzio bat dugu hau, Tom hil da kasuaren antzera, baina dimentsioa askoz kolektiboagoa da, komunitarioagoa, hezur-haragi-gogozko indibiduo batengandik ikusarazi nahi duena. Drama familiarrak, jaioterritik alde egitea, mundu zabalean zeharreko ibilerak eta une batetik aurrera itzulera, jaioterrira, erroetara, euskaldun nahi duen adoptaturiko seme bat eskutik eta alaba batez, Epifania ez kasualki deituko dionaz, erditzera. Gogoeta pertsonalista eta herri zein hizkuntz identitatearen ingurukoez beterik, auzi antropologiko anitz azpitik, baina era guztiz literario eta askotan poetikoan adierazita.

Protagonista bakarra, emakume bat berriro ere Darrieussecqek ohi duen bezala, baina bi planotan eraturiko narrazioa. Bata, lehen pertsonan, bizitzen ari den esperientzia (eta bizi izandakoak) liburu bihurtzeko kaierean isuria. Bertzea, hirugarren pertsonan, autofikzioan distantziamendu maila bat lortu nahian, eta hainbat gako osagarri eskaintzen diguna narrazioaren hariak lotzeko. Izan ere, ezarian-ezarian doaz gorpuzten esperientziak narrazio gisa. Amatasuna, sorkuntza literarioa, alabatasuna, arrebatasuna, hizkuntz-komunitatea, arroztasuna, herrikidetasuna…, dena elkarri loturik oinarri errealista baina giro fantastiko batean: Baiona da hiria, erraz identifikagarria, baina inoiz izendatzen ez duena; euskalduna da hizkuntz-komunitatea, baina yuoangiarra da hizkuntza eta herria,