Barkamen eske

Ezabatu dut atzoko nire JELetik gelera?, errore baten fruitu izan baitzen. Akatsa ez zen nirea bakarrik, jelkideek sostengaturiko hedabide sareko egunkari batek, bere lehen orrialdean, titular batean, PNV sartzen zuelako burkaren kontrako gurutzadaren alde, Madrilgo Senatuan. Baina nirea ere bazen akatsa, titularrarekin gelditu nintzelako, gero barneko berria irakurri gabe, eta horretan ongi ikus zitekeen titularraren akatsa.

Barkamen eskatu behar dut, beraz, desenkusarik gabe.

Gure gazte ozpinduak

Kontua bertatik bertara ezagutuko balu bezala paratu digu Lander Garrok eleberri hau, atzo Berrian komentatu nuena. Bertatik bertara, eta ez gurasoen ikuspuntutik, gaztearenetik baizik; hain haren ikuspuntutik, non askotan lehen pertsonan idatzitako kontakizuna delako inpresioa jaso baitut, hirugarrenean egon arren, narratzaile orojakilearena egiten. Soilik horrelako narratzaile batek atera diezaioke, segurik, gatz puntua horrelako protagonista batek bizi duen zenbait egoera barregarriri: bertzela auto-ironia izanen litzateke lehen pertsonan idatziz gero, sinesgaitza Oliveira bezalako gazte/nerabe ozpindu batengan.

Δ Δ Δ

Eskola porrotaren kumea, ez, baina, eskuleku faltagatik ikasketetan interesa pizteko: irakurtzeko zaletasuna ez da bide malkartsuegia ume eta nerabe bat eskola-programetan sarrarazteko, hauen gidariak gehiago arduratuko balira ikasle bakoitzaren baitan pizten joaten diren gaitasunaz, programa hertsiak betetzeaz baino. Idazle izan nahi du protagonistak, baina asperdura baizik ez du bizitzen eskola-orduetan. Berdintsu bere lagun banaezina, xake zale amorratua berau.

Orain, 20 urteko adinean, asfaltoko izakiak dira, gau-txoriak, orduak eta orduak pasatzen dituztenak taberna ziztrin batean xake partidetan, botilak garagardo etengabe husten, gero nor bere etxera joateko. Oliveira protagonistak, ama alarguna aurkituko du etxean edo eskailerak jaisten goizeko ordu txikietan arrandegiko lan arruntera doala. Komunikazio falta erabatekoa bien artean, ez bada amaren presioarena seme alfer eta baldarrak lan eta diru-iturriren bat lor dezan.

Pertsonaiak ez dira errebeldeak, ez behintzat borrokalariak, Orereta bezalako herri batean espero genezakeen bezala. Jende ozpinduak dira, beren inguruko mundua kontrariotzat jotzen dutenak, eta kontrarioa funtsean euren barnean daramate. Xake partida bat bezala ikusten dute bizitza, eta haiek ez dira bertako fitxak, piezak baizik, jokaldietan ez, mugimenduetan ibiltzen direnak: xakea ez da, hain zuzen, joko bat, bizitza bera da. Auto-estimu eskasa: