“Traduttore…”

Hitz egiten zuen erara idatzi zuen, eta kale egin. Pentsatzen zuen moduan idatzi zuen, eta kale gorrira jo. Temati ibili baina aitortu zuen azkenik kaleko hizkeraren bizia eta barne errekako pentsaeraren isuria idazkeran kopiatu ez, antzeztu beharko zuela, eta horrek baduela hizkuntza batetik bertze batera itzulpenak bezalako zera: alegia, hizkera eta pentsaeraren zein-bere adierazkortasunari ahalik eta gutxien traditu beharrekoa, idazkeraren adierazkortasunarekin.

Aurrerapenaren endekatzea

Giza arrazaren historia behialako Urrezko Arotik gaurko Gorotz Arora endekatze prozesua delako ideia, usain txarreko, atzerakoi da definizioz. Alta, Aurrerapenaren Alderdiak biltzen bide ditu orain Norvegian arrakasta handiz endekatze ideian fededun direnak. Arrazoi, ote, eta Gorotz Arora heltzen ari gara?

Tolerantzia, bifido

Betortz irmo maltzurrak, pozoi hilgarrikoak, dira intolerantearenak. Mihi higikor bifidoa, sardetua, irudika dezakegu tolerantearena: mihi-sardeko ezker hortzari listua balerio bezala toleragarriaren aurrean, eskuineko hortzak zaporeak sailkatuko balitu bezala, zein bere lekuan jarriz.

Jainkozaletasuna

Kristau mundu noblean, modu anitz egon da zeru-sail batean inbertitzeko. Zaharrenetako bat, lur-sailak ebastea. Ahalik eta lur-sail anitzen, zerukoa hagitz garestia baita. Zenbat obra on zerurako inbertsio gisa eta lur-ebasketei esker buruturik harako jainkotiar estamentu-gizarte molde hartan!

Gaur, hainbat obra on, hainbat GKE, hainbat fundazio filantropiko eta kultural, lurtarrago dugu, jatorri dituen espekulazioa eta gaurko ebasketak ere bezain lurtar. Ez hain jainkozale, ordea? Jainkozaletasun moldea ere lurtarrago: gaurko jaunek, nork bere burua jainko.

Gure baitako Nemesis

Patu eta askatasunaren inguruko eztabaidan, gogotsu eta guratsua berez, mendebaldeko filosofiak aspaldi bihurritu zion lepoa patuari, zorionez, baina horrek ez zigun ekarri askatasunaren garaipena, bistan dena. Gehiago dirudi kanpotik, edozein Olinpotatik zetorren patuaren ordez, guk geuk arlo sozialean edo indibidualean eraikitako bertze patu espezie baten mende paratu garela. Honen erakusketa literario guztiz narratibo bat dugu atzo paperezko Berrian komentatu nuen eleberrian. Nire irakurketaren ildotik betiere, barka.

Δ Δ Δ

Philip Roth, AEBetako gaurko narraziogileetan nagusietako bat, ezaguna zaigu dagoeneko euskal letretan, Nagore Tolosa euskaratzaileari esker, Suminez eleberria dela medio. Orain, Nemesis eskaini digu argitaletxe berberak, baina Be