Galduriko maleta biribila

Inor gaztaro ustez galduaz damu hasten denean, orduantxe hasten da zahartzen, orduantxe galdu du gaztaroa betiko, oraindik gazte baldin bada ere. Eta alferrik ibiliko da gazte haren peskizan, inoiz ez du berreskuratuko ez haren agertokirik ez haren nortasunik. Irakurketa horren harira egin nion atzo beheko iruzkin hau, papereko Berrian, Villa Triste eleberriari, non Patrick Modianok 33 urteko gazte malenkoniatsu bat jartzen duen 18 urteko ezkutuko eta nortasun faltsuko haren bizipenak, berauen ustezko biribiltasuna, birbizitzeko ahaleginean.

Δ Δ Δ

Patrick Modianoren euskaraturiko bigarren eleberria dugu Villa Triste. Lehena, Udaberri alua izenburupean itzulia (Chien de printemps jatorriz), Pello Lizarraldek ekarri zigun hiru urte duela. Bigarren hau Joseba Urteagak. Eta bi-biak Igela argitaletxeak. Jatorrizko frantsesetik obra anitz itzuli da gaztelaniara, gure gaurko hau barne, baina ez Lizarraldek gurera ekarri ziguna, gure argitaletxearen ohorez diot.

Halako topiko bat bihurtu da egilea ezagutzen dugunontzat beti liburu berbera idatzi duela Modianok bere narraziogintza luzean. Modianok berak ireki zizkion ateak topikoari 1978an Goncourt sari frantses ospetsua jaso zuenean Rue des boutiques obscures nobelari esker. Hiperbole halako bat izan zen, jakina, Modianorena, sormen pertsonaleko idazle guztiak ibiltzen direlako azken finean obsesio berberen inguruan jirabiraka. Alemaniar okupazioa (berak zuzen ez ezagutu arren) izan zen bere gai obsesiboa lehen lanetan, eta gai hari zeharka utzi gabe, identitate pertsonalaren eta hala haur nola gaztaroko denbora galduaren bila abiatu da gehienbat geroko eleberrigintzan. Villa Triste dugu bi epeen arteko mugarri, bigarrenaren hasiera.

Gauza xume eta txikiak, hutsalak itxuraz, kontatzen ditu, baina giro berezia eraiki eta arazo sakonetan sartzeko gaitasun aparteko idazlea da. Gaurko honetan, 1960ko hamarraldi hasieran giroturik, Aljeriako gerrarako errekrutamendutik ihesi nahi du protagonistak