Zulo bat hizkuntz itsasoan

Testu batean hizki etzanezko hitz bat txertatzen dugunean, arrazoi anitzengatik izan daiteke. Bertzeak bertze, hitz horrek gure hizkuntzan parekiderik ez duenean eta bertze hizkuntza batetik bere horretan hartu dugunean, mintzo berezia dela adierazteko ibiltzen dugu grafia nagi hori. Euskaraz, gero eta gehiago, hainbat perpaus sarri ulertezin bihurtzeraino

Orojakilearen pribilegioak

Atzoko Berrian komentatu nuen nobela honen inguruan, galdera bat egina nintzen neure buruan: alferrik dut galdetzea zer eginen duten pertsonaia hauek euren egoeraren korapiloa askatze aldera, baina bai datorkidala, aldiz, bertze galde hau: zer bururatuko zaio egileari bere pertsonaiak abentura gune bakoitzetik aterarazteko? Nahikoa izan daitekeena ustezko ihesbide literaturzale anitz harrapatzeko, nahiz eta bertze batzuok, horrelako literatur motaren zale izanik ere, nahiago dugun lehen galdera, kasu honetan alferrikako hura. Hortaz azaldu nuen nire duda: serioegi ez ote nuen nik neuk jokatu, egileari irakurlearekin serioegi jokatzea leporatzean.

Δ Δ Δ

Sariak merezitako ipuingintzatik eleberrigintzara egin du jauzi Joseba Lozanok gaurko narrazio honekin. Generoko nobelagintzara, hain garbi ez egon arren zein generotara. Bi zati baitu nobelak eta zati bakoitzak genero baten kanonei jarraitu. Polizia-intrigazkoei lehenak, misterio esoterikoetakoei bigarrenak. Bien arteko loturak, bi motakoak: protagonistenak batetik, eta intrigaren kartak mahai gainean jarri ondoren korapiloaren askaerak mundu esoteriko batera egiten duelako salto bertzetik.

Lehen zatia intriga hutsezkoa da. Bi hari nagusi lotzen dira narrazioaren bilbean: ikerketa polizial profesionalaren errutina protokolozkoa, ezer aurkitzeko gai ez dena, versus krimen ilunen ikerketetan zaleturiko internauta lagun talde baten intuizioa, arrastoen gainean jartzen gaituena, horren kontraste dugu hari bat; bertzea, ikerketa polizialaren arduraduna, profesional ona, omen, baina bere arazo pertsonalak dituena, maitemintzen dela internauten taldeko neska informatzailearekin, beronek ere bere arazo pertsonalak dituelarik: bien arteko harreman berezietan zentratuko da narratzailea, betiere ikerketaren inguruko informazio-trukearen harira. Garapen eta erritmo geldoko zatia.

Bigarrenean biziki azkartuko da gertaeren erritmoa, lausotu eginen da polizia arduradunaren protagonismoa, neskarenak mantendu eta bertze bat pasatuko da neskaren parera, internautetako bertze ikertzaile bat, alegia. Errana doan bezala intrigazko kartak nobelaren erdialdean mahai gainean behin jarriz gero, bertze bide batetik jorratu behar misterioa eta irakurlearen suspensea. Hortaz, mundu esoteriko baten giroan, sekta bat, sinesmenak, erritoak eta hauetarako uniformeak, bilera sekretuak, kripta, soto eta estoldetako bilguneak