Gutxi-asko ezagutu, edo batere ez, Estonia bezalako herri bateko abertzaletasun moldea, zaila egiten zaigu hura ulertzea euskaldunoi, areago abertzaletasun ezkertiar iraultzaile moldeetan hezi garenoi, gure esperientzia historikoak hain estoniarrenez bertzelakoak izan direnez. Behean iruzkin egiten diodan nobelan (atzoko Berrian papereraturik) badu euskal irakurleak zertan harritu, Hans Pekk pertsonaiak iradokitzen duenarekin. Baina, kontu horretaz aparte eta haren testigantza-balioa ezertan ere gutxietsi gabe, bertze alderdi asko du eleberriak ikuspegi literario huts batetik. Hauetan zentratu nintzen nire atzokoan.
Δ Δ Δ
Badaude teoriak bakoitzaren gogara. Batzuen ustez, sormen lan bat bere osoan ulertzeko, ezinbertzekoa da egilearen bizipenen ezagutza. Bertzeen ustez, gutxi inporta du ezagutza horrek, obrak berak azaleratu behar ditu bere erraiak gure adimenarentzat. Ni neu bigarren uste honetatik gertuago nauzue, baina egileak bere burua nola edo hala sartu baldin badu pertsonaien artean, susmoa dut haren bizipenen ezagutzak ez ote digun emanen giltza gehiagoren bat, gero irakurleok irakurketa autonomoak aberasteko.
Gure gaurko honetan, zeharka sartu du bere burua egileak narrazioan; hirugarren planoko Talvi pertsonaiaren bidez, alegia: Estoniako alaba, sobietar garaietan eta giroan jaioa, Finlandiak erakarria eta hartara ezkondua, baina Estonian gelditu amarekiko eta horrek sortzen dizkion kezkekiko loturak hautsi ez dituena. Sofi Oksanen nobelagile finlandiarraren ama, izan ere, Talvi bezalatsukoa da.
Irakurle anitzen ustez, batik bat finlandiar eta estoniarren artean, epopeia halako bat omen da narrazio hau, Estoniako independentziaren aldeko borrokarena. Eta horri esker lortu bide zuen arrakasta itzela Finlandian bertan nobelaren aurreko bertsioak, antzerki obra gisa burutua 2007an (gero etorri zen, 2010ean, gure esku arteko eleberria, bertzeak bertze bi sari handi lortu zituena urte berean: Danimarkak, Finlandiak, Islandiak, Norvegiak eta Suediak bat eginik fundatu Iparraldeko Kontseiluaren Literatur Saria lehenik eta Urteko Nobelarik Onenaren Europako Saria gero). Estoniar mundutik urrunago bizi garen irakurleok ez gaitu, ene kasuan behintzat, harrapatzen ildo horrek, bertze batek baizik, hagitz literario hutsagoa berau: historia baten kontaketa, non pertsonaia nagusietan benetako hezur haragizko bi dauden. Aliide Truu bata, alarguntsa zaharra, bereak eta bortz sufritu eta egin dituena bere burua