Odontologo baten behatokia

Dudarik ez, medizina jarduerak, bere giza dimentsio zentzudun batetik ikusia, aukera ederrak eman diezazkieke idazle sen eta grinadun medikuei literaturara jauzi egiteko. Ez dira arraroak, izan ere, munduko literaturan, medikuntzatik etorririko idazle bikainak. Alaa Al Aswaniri ere behatoki paregabe suertatu zaio El Kairoko Jakobian eraikineko bere hortz-klinika, Egiptoko gizartearen hagin minez, bihotzerreez, mota askotako ajeez eta oro har ezinegonez jabetu eta haien inguruan begirada kliniko sakoneko narrazioak harilkatzeko. Atzo egin nion beheko iruzkin hau papereko Berrian.

Δ Δ Δ

Egiptoren irudikapena dugu Jakobian eraikina, neokolonialismo garaietatik Faruk erregearekin, 1990eko Golkoko Gerra arte, Nasserrek eginiko iraultzatik eta haren ondorengoen diktadura usteleko urteetatik pasatuz. 1930ean eraiki zuen milioiz okituriko Jakobian jaunak, garai hartako europar arkitektura ereduei jarraituz, goi burgesiarako ezin luxuzkoago etxebizitzak bertan paratuz. 1952ko Gamal Abdel Nasserren iraultzarekin bat, mendebaldeko bideetatik barna ihes egin zuten kapitalista haiek, eta erregimen berriko elite militarrek eta goi kargudunek hartu zuten Jakobian eraikina bizileku. Hurrengo hamarkadetan, Egiptoko egoera sozioekonomikoa gainbeheran eta erregimen bera ustelkerian eta larderiazko molde politikoetan gero eta sakonago sartu ahala, maldan behera ere hasi zen gaurko nobela honi izena ematen dion gure eraikina, bai haren itxura eta barne-mantentzeari, bai haren erabiltzaileen mota eta mailari dagokienez. Etxe gainean, adibidez, esku-hutsik landatik hiriburura etorritako jendea metatzen da, bizitoki estu eta eskas bihurturiko garaiko trastelekuetan alokaturik.

Idazle errealista dugu Alaa Al Aswani, odontologo lanbidez