8 thoughts on “Utzi eskua sartzen

  1. Bai, halaxe da. Ni ados nago Zizek filosofoarekin kapitalismoa demokraziatik urruntzen ari dela dionean. Kapitalismoa ez dago krisian, bere bidea egiten ari da. Gizartea eraman du krisira baina bere interesak aurrera doaz. Zizek esaten du komunistek, erregimenaren gainbehera sozial eta ekonomikoa agerikoa zenean, egun kapitalistek erabiltzen duten aitzakia bera erabiltzen zutela; alegia, gaizki gaude komunismoa bururaino eraman ez dugulako, behar beste garatu ez dugulako. Sistemak bere burua defendatzen du gizartearen aurrean.

    Bukatzeko, beste puntu batean ere ados nago Zizekekin. Esaten du ez direla ekiteko garaiak, pentsatzekoak baizik. Sindikatuak eta abar ideiarik gabe daudela iruditzen zait: ekin, elkartu… ez dute besterik esaten.

    Uste dut horretan arrazoi duela Zizekek. Gizaki post-politikoaren iraultzak pentsamentuzkoa izan behar duela. Jendeak ekiten ez badu, nire ustez, zer eginik ez dagoela pentsatzen duelako da, sekula baino jakitunago garelako gure ekintzen ahuldadeaz.

    Izan ongi

  2. Kapitalisten auto-justifikazioak eta komunista haienak, antzekoak dira, bai, diozun zentzuaz. Bertzelako auto-justifikazioak ere erabiltzen dituzte, kristauek bezala: sistema ona da, txarrak direnak sistemaren hainbat kudeatzaile dira…

    Ekintza eta pentsamenduaren arteko dikotomia hori ez dut batere garbi ikusten: alde batetik, pentsamendua ere ekintza delako. Baina bi ekintza motaren artean bereizi behar badugu, eta holaxe da nik uste, ez dut ikusten elkarren kontra jarri behar direnik, elkarren arteko halako sinergia batean baizik: pentsamendua ez da sortzen ekintzarik ezatik eta ekintzek orobat pentsatzera daramate. Bertze kontu bat da batzuetan pentsatzeari eta bertzeetan ekintzei eman beharko geniekeela lehentasuna.

    Horren arabera, ez dut uste sindikatuek geldirik egon beharko luketenik pentsatzeko laborategian itxirik, baina bai gehiago sakondu beharko luketela zer den aurre egin behar diogun zera hori. Adibidez, ongizate estatuaren gainbeheraren gauzatzeei erreparatzen diete (logikoa, jende arruntok horixe delako lehen planoan ikusten duguna -eta mugiarazten gaituena-), baina gehiago sakondu beharko lukete zergatik datorren gainbehera hori eta horrekin batera demokrazia bera da desagertzen ari dela, hau da, herriaren parte hartzeko bideak-eta, hauteskundeak izan ezik, ixten ari direla; eta hortaz galtzen ari garen eskubideak-eta berreskuratzeko bideak era gero eta itxiagoak, korapilatsuagoak zaizkigula. Honetaz, eta bertze kontu sakon batzuetaz, sakonago pentsatuko balute, estrategia orokorra birmoldeatzeko abiapuntu emankorrago batean kokatuko ginateke guztiok.

  3. Aupa berriz, Bixente. Nire asmoa ez zen pentsamendua eta ekintza dikotomia gisa aurkeztea, lehendabizikoa lehenestea baizik; eta, batez ere, hurrenkeran.

    Eta zergatik lehenetsi pentsamendua? Ba nik behintzat zalantza pila bat dauzkadalako. Kontraesan asko ikusten ditut gizartean:

    1- Euskal Herrian, edo Espainian, ba al dago Lopezen edo Rajoyren larruan egonda troikari aurre egiten aursartuko litzatekeenik? Argentinan Kichnerrek egin zuen bezala eta ez zitzaion gaizki atera.

    2- Aurrekoarekin loturik beste hau: ezkerrekoak (edo proportzioaren aldekoak gutxienez) garenok argi al daukagu guk lehendakari izanda zer egingo genukeen?

    3- Gero eta sumindu edo indignatu gehiago badago, nolatan lortu zuen PPk krisi erdian gehiengo absolutuz irabaztea? Alde batetik doaz gure aldarrikapenak eta bestetik gure botoa?

    4- Bizi esperantza 10 urte igo da Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Gazteak 30 urterekin hasten dira lanean eta orain gutxi arte 50-55 urterekin ere jubilatu izan da jendea. Ezkerrak ere onartu egin beharko du nolabait gero eta diru gehiago behar dela poltsan.

    5- Ez al ditugu nahasten justizia soziala eta norberaren erosotasuna? Ze agian gizartea justuagoa izan dadin denok galdu beharko dugu erosotasun apur bat. Edo dexente martxa honetan.

    Ados. Sistemak bere burua zuritzen du. Baina lehenengo diagnostiko justu eta bateratu samar bat egin beharko da. Eta bateratua diot (ez baita ez posible ez osasungarri denok berdin pentsatzea) suminduak, kezkatuak edo nazkatuak gaudenok pentsamendu garbi samar bat edukitzea ondoiren zein estrategia hautatu jakin ahal izateko.

  4. Dudarik ez, eragile guztiek sakondu behar dute hausnartzen nondik norakoak (nondik datozkigun gauzak eta nora joan daitezke, zerbait serio egiten ez bada). “Justizia soziala”, “norberaren erosotasuna”…, bai, jende asko, agian, bigarrenarengatik mugitzen da gehiago; baina ez dut mugimenduen antolatzaileengan ikusten nahasmen horren kontzientzia faltarik. Erraten ari dira gauza asko etengabeko hazkundean oinarritu nahiko lukeen sistema burugabe eta suntsitzaile honi kritika sendoak egiten.

  5. Bai, Bixente, badaude kritika sendoak. Baina, zure hasierako aforismoarekin jokatuz, zera esango dizut: Ea “Laissez faire” desbideratu horretatik “Faire laisser”-ra pasatutzen garen. Alegia, kapitalismoari bere ibilbide okerra utziaraztera.

  6. Oraingoz bai, hala dirudi. Baina ezkor izanik ere (nitaz diot), beti dago esperantza bat: alegia, jokoan dagoen guztia ez dugula ikusten. Eta auskalo! Bitartean, bururatzen zaiguna pentsatzen/egiten jarraitu behar.

  7. Gure ordenagailutxoa eta soldatatxoa dugunok, gutxienez, badugu erlatibizatzeko aukerarik. Koitaduak, erlatibizatzeko modurik ez dutenak.

    Ahalegintzen gara, behinik behin, sinergia onak sortzen!

Comments are closed.