Ez nau haien moral faltak kezkatzen: haien moralek kezkatzen naute.
Month: uztaila 2013
Ohiturazko foruak.
Mugen garestia.
Besarkada guztiek, euren mugak: larrutik pagatu behar berez mugen urratzea.
Memoriaren zama ezkutua
Izan, ahaztu zaigun hori ere bagara.
Kleptomania lotsagarria.
Lotsa kleptomano ni: auzo-lotsa guztiak lotsagalduen ezkutuan poltsikoratzeko mania hau!
Konpentsatzeko ala?
Bizitza gehiago dago maitasunean, maitasun baino bizitzan.
Birfindegia
Zure kontra egonen banintz ez nituzke zure ideiak eztabaidatuko, badaezpada ere: zure argumentuak birfinduko ez ote zenituzkeen beldur.
Anitz, zure kezkak ere.
Ez biezazu apal kezka nagusiak kezka apalagoez arduratzeko joaira, kezka bakarrak ez bazaitu zu zeu kezkagarri bihurtuko.
Sinergia.
Aldakuntzen ziurgabetasun printzipioaren froga ziur bat: guk mundua aldatzea lortu ahala, munduak aldatuko gaitu gu.
Hanpatuegiak lotsariak?
Lotsakorrak paraje hauetako gizon puskak, omen, lotsariak hankartean ez ezik, euren barren osoan izanen balituzte bezala. Baina Sanferminetako giroa, inibitzaile, bistan dena: hankartera doitzen dizkie lotsariak giro horrek. Eta hankarte aludunen ehizara gero, barren osoa lotsagaldu!