Fededun izan behar kristo guztia aurretik eramateko prest agertzeko.
Month: abuztua 2014
Espekulazio hegalaldien kutxa beltzak
Victorien Salagnon protagonistaren aita merkatari da, bi kontularitza-liburu daramatzana, edozein ikuskarik egiazkotzat hartu behar duena batetik eta egiazkoa bertzetik. Baten batek salatu du merkataria, eta Victorien gazteari agintzen dio egiazkoarena egiten duen liburua berrikus dezala, ilunabarrean espero duen ikuskaritza gainditu ahal izateko. Oturuntza ere, ardo bikain batekin lagundurik, prestatu du ikuskarientzat, badaezpada ere. Ez du Victorienek bere burua oso argi ikusten bat-bateko lan horrentzat. Aitaren galdera:
«–Erraidazu, Victorien, zertarako estudiatu, lan egin beharrean? Zertarako, ezta egiazkotzat jotzeko moduko kontularitza-liburu baten ardura ere zure gain hartzeko gauza ez bazara?» [Alexis Jenni: L’Art Français de la guerre, Gallimard, 2011].
Ikasketek liburuak eskatzen dituzte, ezinbertzez. Berdin, kontularitzak. Baina ba al dago merezi duen libururik, kontabilitatea itxuratzeko balio duten horietatik aparte? Espekulatzaileen munduan, horiexek balioko ikasketak: A kutxetako liburuak ikuskariei irakurrarazteko eta B kutxetako misterioak gordetzeko jakinduria bila.
Hegazkinetan kutxa beltzek egia euren sabelean eramaten omen dutenen antzera, negozioetan B kutxetako liburuak dira benetako hegalaldiaren zertzeladak erregistratzen dituztenak. Istripurik ezean, inork ez du kutxa beltza irekiko. Azken finean, espekulazioak zerumuga zabaletara hegaldatze airosoak eskatzen ditu.
Humanismo neoliberala
Neoliberalismoaren humanismo gaindiezina: pertsonak, norbanakoak, ez du preziorik. Eta ezin neurtu sistemaren giza kostuak.
Maitasun aberritik erbestera
Ironia puntu maltzur batekin dio Josetxo Azkonak, poema batean:
“Nolabait erran, maitasun gaian inor ez da
ez poloniar, ez tibetar, ez euskaldun,
ez aimara.
Maitasun gaian denok gara nazio berekoak.
Gerora datoz ertzak, fronterak, erbesteak…”.
[Josetxo Azkona: “Betiko gaiari buruz”, in: Galdeak eta baleak, Pamiela, (Iruñea, 2014)].
Maitasun aberritik erbesteratzeak misoginia edota misoandria ekar al ditzake? Aberrigabeak, bai behintzat, sortzen ditu. Eta non aurkitu aberrigabe hauek aterpe? Zein kontsul(tar)engana joko dute, behar izatekotan?
Baina, agian, maitasun aberria bezala, desamodio aberria ere bada. “Nazional” izan ohi direnez artxibo nagusiak, non artxibatuko lirateke, bertzela, desamodio kronikak, eskelak, gutunak, opari abandonatuak, irudiak…, hainbat poeta eta ipuinlariek hautsa harrotu ohi dieten fetitxe ugari horiek?
Duda azoka
Adituen dudak, aberasgarrienak. Alta, gure duda merkeagoak ere onuragarriak adituentzat, oinak lurrean finka ditzaten: haien egiak saltzerakoan, demagun.
Paradisu galduaren arkeologia
Futurismoaren antipodetan dugu Luis Garderen poema bilduma hau, hona gaur dakardan poema adibide bat gehiago da. Makinetan-eta ikusi nahi zuen Marinettik etorkizuneko paradisua, arte, poesia eta musika berriarena, gizaki berriarena, indarrak aurrera eramana. Marinettik gurtu zituen mugimendu politikoek ekarri zuten XX mendeko hondamendirik handiena, makinen indar hutsarekiko konfiantzak eta makinen mekanizismoa gizarteratu nahiak hara eraman zuten gizaki zaharra, gizaki berriaren ametsa Holokaustoko labeetan aireratuz.
Gero, mundu berria ez, lehengo mundua berreraikitzeari ekin behar izan zioten makinek, luze kostata baina bai gaina hartuz hondamendiari ez ezik, lehenagoko munduari ere, harik eta berriro hasi ziren arte munduaren jabe berriak paradisu berri baten inguruan espekulatzen, hain burbuilatsu espekulatzen ere, non makinen produkzio ahalmenari ere gaina hartu baitzioten eta burbuilen produkzioari ekin, munduak behar zituen ondasunen produkzioari baino gehiago. Gaur, mundua suntsitzeko makinek bakarrik jarraitzen dute beren indarra garatzen, eta poema honetan bezala ikus ditzakegu ondasunak produzitzeko diseinatuak:
“Begira itzazu indusmakina horiek.
Heriotzarako
zehazki lerrokaturiko antxeta erraldoi garaituak,
haizearen oxidoak euren hegaldian geldiarazi
eta metalezko hilerrian isilduta utzi zituen.
Haitzak baztertu,
lurra berrrordenatu,
Paradisu Berria eraiki behar zuten hondeagailu abandonatuek.
Mezu itxaropentsuen eramaile ziren.
Gure neurrirako etxeetarako hilobiak hondeatu zituzten
arduratsu.
Besoak eta eskuak luzaturik
zeruari begira izoztu dira,
jainko ezezagun bati amoina eske”.
[Luis Garde: “Hondeagailuen hondakindegia”, in: Eremuen birkalifikatzea, Pamiela, (Iruñea, 2014)].
Paradisuko hondakinak, paradisutik homo sapiens sapiens lur neurtzailea, agrimentsorea, botata suertatu zenetik, bere antzeko Jainkoak egotzia. Gizakiaren antzeko jainkoa: gizakiak berak bere antza sorturiko jainkoa. Erran nahi baita, gizakiak berak bota zuen bere burua paradisutik, paradisuaren sorgintzea deseginez, desliluratuz, deuseztatuz.
Eta hor gelditu dira paradisu zaharraren atezain mehatxagarri gisa, besoak/hegalak zabalik, hondeamakinen arabesko desitxuratuak. Hondeagailuen hondakindegiak, haien txatartegiak, ditugu gaur paradisu galduaren arkeologia.
“Fiat lux!”.
Metafora dira izenak, aditzak, izenondoak eta aditzondoak. Eta juntagailuek sortzen dute ordena metaforazko anabasa horretan.
Krisian ez dagoen espekulazioa
Xabier Lete II. Poesia Saria jasoa du Luis Garde Iriartek bere poesia bildumetako zazpigarren emanaldi honekin. “Arnasa handiko ahots poetikoa” eta “oreka bereziz”koa “gizarte kritika eta metapoetika” uztartzeko merituak aipatu zituen epaimahaiak. Bitxia da, bai, nola lotzen dituen kritika hori eta metapoesia, aipu hau lekuko:
“Poeta espekulatzailea da,
poeta eremuen birkalifikatzailea da.
Zapaltzen dituen orubeen lurrak,
arnasten dituen eraikinetako giroak
kalifikatu nahian
hainbeste iraultzen ditu
ezen bazterren iraultzailetzat jota
baztertua den”.
[Luis Garde: “Hic sunt dracones”, in: Eremuen birkalifikatzea, Pamiela, (Iruñea, 2014),
Eraikuntza eta lur orubeen espekulaziorako garai zail hauetan, abantaila handia poeta eta filosofo espekulatzaileenak! Harako 2008ko urriaren 9an txantxa bat baimendu nion ene buruari “Espekulazio metafisikoa” titulu eman nion aforismo batean. Bertze angelu batetik, sakonago eta luzeago, begiratzen dio Luis Gardek kontu berdintsuari, eta poetengana ederki bai ederki luzatu.
Erranen dute panfletario dela Luis Garderen liburu hau, eta da, baina indar poetikoz beterik, ironiaz beterik, poesiak berez duen zama espekulatzailea lur espekulazio kalifikatu ezinera eramateari muzin egin gabe, areago ere, hatza begi espekulatzaile horietan jostagarri baina sakon sartu nahian. Lastima lur eta ondare materialen espekulatzaileek ez dituztela horrelako espekulazioak irakurtzen! Erranen liokete, Garderi irakurriko baliote, espekulatzaile hutsa dela, oinak lurrean ez dituela beraiek dituzten bezala.
Baina bai oinak, bai erraiak (hauek goitika botata), baditu poetak lurrean, hain tinko lurrean jarririk non, berak dioen bezala, “bazterren iraultzailetzat jota baztertua den”, poeta.
Hain zuzen ere, zementuaren espekulatzaile fin eta sotilek nahiago lukete poetak bolizko dorreetan ixtea, ez dituzte eraikinak egiten inori burura dakion poesiaz paga ditzaketela. Alta, desabantaila hori du lur espekulazio ekonomikoak espekulazio poetiko eta filosofikoaren aurrean: burbuila ekonomikoa beti bukatzen da lehertzen, krisian, eta borbor poetiko eta filosofikoak, ordea, eguneroko kezkak hegan egitera altxatzeko gai izan daitezke, krisiaren haize-boladak abiarazle.
Garunen baliagarritasuna.
Zergatik izanen ote da probetxagarriagoak direla antxume/arkume/txahal/txerrien garunak, politikari anitzenak baino?
Dudarik gabe
Politikari batek ere ez luke Hamlet izan nahi, baina bere gainean norbait izatekotan, hau Hamlet izatea nahiago.