Victorien Salagnon protagonistaren aita merkatari da, bi kontularitza-liburu daramatzana, edozein ikuskarik egiazkotzat hartu behar duena batetik eta egiazkoa bertzetik. Baten batek salatu du merkataria, eta Victorien gazteari agintzen dio egiazkoarena egiten duen liburua berrikus dezala, ilunabarrean espero duen ikuskaritza gainditu ahal izateko. Oturuntza ere, ardo bikain batekin lagundurik, prestatu du ikuskarientzat, badaezpada ere. Ez du Victorienek bere burua oso argi ikusten bat-bateko lan horrentzat. Aitaren galdera:
«–Erraidazu, Victorien, zertarako estudiatu, lan egin beharrean? Zertarako, ezta egiazkotzat jotzeko moduko kontularitza-liburu baten ardura ere zure gain hartzeko gauza ez bazara?» [Alexis Jenni: L’Art Français de la guerre, Gallimard, 2011].
Ikasketek liburuak eskatzen dituzte, ezinbertzez. Berdin, kontularitzak. Baina ba al dago merezi duen libururik, kontabilitatea itxuratzeko balio duten horietatik aparte? Espekulatzaileen munduan, horiexek balioko ikasketak: A kutxetako liburuak ikuskariei irakurrarazteko eta B kutxetako misterioak gordetzeko jakinduria bila.
Hegazkinetan kutxa beltzek egia euren sabelean eramaten omen dutenen antzera, negozioetan B kutxetako liburuak dira benetako hegalaldiaren zertzeladak erregistratzen dituztenak. Istripurik ezean, inork ez du kutxa beltza irekiko. Azken finean, espekulazioak zerumuga zabaletara hegaldatze airosoak eskatzen ditu.