Barkamena eskatu behar diet moderniaosteko tankera batzuetako poetei. Poesia zale naiz, irakurle, baina moderniako eta moderniaurreko tankera anitzekoetan hezia. Alegia, emozio puntu bat eskatzen diot beti poema bati. Emozio hori oso alde desberdinetatik eta oso baliabide askotatik lor daiteke. Emozio iturriei dagokienez, oso irekia naiz. Adibidez, egiaztatu dut emozio emate edo lortze hori erritmo batetik, esplizitutik (errima, bertso-lerroen neurketa, azentua…) edo barne erritmo inplizitutik (lerro zuriak, ez errima ez neurketa zehatzik ez dutenak baina halako musikaltasuna dutenak ozen irakurtzerakoan), etorri datorkit emozio hori. Bertze iturrietatik ere: hala nola erreferentzia sinbolikoetatik (hain desberdinak izan direnak poesiaren historia luzean: mitologiari estu-estu lotuak –poesia klasikoan, Errenazimenduan, barrokoan…–, sinesmenei eta bizi gogoei –Ertarokoan, erromantizismoan, barrokoan–, metaforen metaketari –barroko kulterano deiturikoan–, filosofiari, teologiari, paradoxei, hiperbolei, hitz-jokoei, herri-erramoldeei –barroko kontzeptistan, erromantizismo desberdinetan…–, mota desberdinetako sinbolismoei –Ruben Dario edo Juan Ramon Jimenezenak, Baudelairena, Machado, Hernandez, Lorca, Aleixandre, Lizardi, Lauaxeta, inpresionista edo surrealistena…–, engaiamendu sozialei loturiko sinboloak –Aresti, Hierro, Celaya…– nik zer dakit zenbat tankeratako erreferentzia sinbolikoetatik. Horiek guztiek eta, erran gabe doa, aipatu gabe utzi dudan bertze pilo batek emozio puntu bat sortzen didate, nahikoa poema baten barnean gogoz murgiltzeko.
Gehiago aitor behar dut: ez iturri horiek bakarrik, pentsamendu eta gogoetarik biluzienek ere sortzen didate emozio poetiko puntu hori, nola adierazten diren betiere, halako erritmo misteriotsua, ni gai ez naizena zehazki deskribatzeko, izan behar dutelarik. Eta are gehiago, izugarrizko emozio puntu bat sortzen dit gaurko poesia korronte batzuek egiten duten esfortzu ia tragikoa poesia emozio erreferente literario historiko guztietatik libre garatzeko (Beñat Sarasola adibide bat?): nolabait erranik, emozio mota guztietatik libre izan eta euren burua adierazi nahi duten ahaleginek ere hunkigarritasun puntu hori, nik poema guztiei eskatzen diedana, lor dezakete. Agian, ezinezkoaren bila dabiltzalako, iparra galdu ostean hegoaldean jarri dutelako jo puntua.
Ez dakit. Ni neu, poesia irakurle bai, baina inondik ere ez naiz poesia teorilari. Bortz urte ibili naiz BERRIAn iruzkingile literario, eta argi eta garbi adierazi nion horretan nahastea proposatu zidanari prest nengoela narrazio eta saiakera arloetan etsaiak lortzeko (bertze garai batzuetan etsai politikoak lortu nituen antzera), baina inolaz ere ez nuela ene burua ikusten poesia iruzkintzen, eta horrela ibili nintzen bortz urte horietan, ene iruzkin batere eskaini gabe poesiari.
Beheko aipu hau poesia liburu batekoa da. Hain zuzen, zuzen zuzenean emozio erreferente literario historiko guztietatik libre ibili nahi duen poema liburu batekoa. Filosofia du oinarri liburu honek. Ideia interesgarriak, erramolde zirraragarriak, eta, alde horretatik, benetako poemen bilduma, segurik. Halarik ere, ene inpresio orokorra bildumaz -agian, gorago erran dudan bezala, moderniako eta moderniaurreko tankerako poesian hezia naizelako- ezbaikoa da: inpresioa dut, alegia, poema bilduma baino gehiago aforismo bilduma ez ote den, poesia izanen balitz bezala aurkeztua. Eta, zer erranik ez, aforismo zale amorratua naizenez, baita egile kaskarra ere, gustura, oso, irakurri dut Felipe Juaristiren emanaldi berri hau. Poemak diren ala ez, Eliza Ama Sainduak bere doktoreak ditu hori erabakitzeko, eta ene jakinezean haien eskuetan uzten dut azken hitza.
«“Nahi ezazu”, esaldi okerra da. Nahiak nahi duena nahi du.
Tirano ergel batek soilik agindu dezake halakorik.
Tiranoa portzelana bihotza bezala da.
Hausten bada; mendeak igaro ditzakegu puskak biltzen.
“Ez ezazu nahi”, esaldi okerra da. Nahiak beti nahi du».
[Felipe Juaristi: Piztutako etxea. Erein, (Donostia, 2014)].
Eder ederra, aipua. Gizakiak, gizaki denetik, nahia izan du bizitza bilatzailearen motorra, ene ustez arrazionaltasunaren gainetik: hots, arrazionalki ikusirik, nahi okerra ala zuzena izan daiteke, baina nahiak bultzatu (eta bultzatzen) du gizakia funtsean; arrazoimenak bakarrik ikertuko ditu gero emaitzak (emaitzak guztion hilgarriak izatera heltzen ez badira behintzat), baina Juaristik ederki dioen bezala, okerra da, okerra denez, “Nahi ezazu” erratea, “Ez ezazu nahi” erratea bezainbertze. Diktadurek (formalek eta demokraziaz mozorrotuek) inolaz ere uler ez dezaketena, guztion nahimenaren jabe bakarrak direlakoan.
Baina nahimenak, nork bere nahiari apaindura guztiak kendu nahi dizkionean ere, berak bakarrik sor dezake poesia.