Urruneko tximeleten efektua

Poeta ikusten dut gaur ene burua
eta poemarik oparoenak idazteko gai izanen nintzateke
ordu txiki hauetan,
zuek irakurle entzuleok gai izanen bazinete neurtzeko
ene aukerak, nire diru beharra berdintzeko orduan.

Beharrak behar eta aukerak aukera,
“Horretarako gaude adiskideok” erran dit lagun batek,
eta “ahal duzunean itzuliko didazu hau” gaineratu,
geunden tabernatik bertatik,
internet lagun,
transferentzia egiten saiatu artean.
Ez dio bankuak baimenik eman dirutza hori
bat-batean mugitzeko, eta ordu hauek koskortzean egin beharko duela
bulego fisiko batetik ondorioztatu du lagunak.
Gauean gaude, ez goizean,
eta egun argitan eginen dit mesedea,
diru truke ene burua poeta batena bezain hunkiturik utzita.
Nire poemarik oparoena, alta,
gauez nago idazten,
datorren goizeko esperantzak bahiturik ene burua.

Beharrak behar eta aukerak aukera,
gurea bezalako giroan
behartsu egon gaitezke gutako edonor
edozein unetan,
baina aukerak ditugu
uneko beharrak berdintzeko
lagunei esker -erranik doa-,
bai eta -erran gabe doana- arrotz
izugarri arrotz zaigun
bertze hainbat ezezaguni esker ere,
ortziko logo izarrek urrunean esklabo dituzten
gure ezezagun berberei esker.

Ezezagun berauek gabe,
nondik helduko ote litzaizkiguke
ordu txiki hauetan
geure aukerak
poemarik hunkituenak idazteko
gertuko gure lagunen eskerronez?

Nafar errealitate instituzionalaz

Auzitegi Konstituzional bat, Konstituzioa betetzen den begiratu beharrean, Konstituzioa bortxatzeari ekiten diona, ekimen demokratikoak krimentzat jotzeko. Alderdi sistema bat, Konstituzioaren aurrean demokratikoki kritiko agertzen direnak satanizatzen dituena, baina Konstituzioa ez betetzea bere helburu nagusi aldarrikatuz jaio zen alderdi bat (UPN) gozo-gozo babesten duena alderdi konstituzionalista gisa.

Merezi du, merezi duenez, UPNren anti-konstituzionalismoa nabarmentzea, testu-liburuen inguruko afera berrian, alegia, gure Iribas inefableak erabakirikoaren harira. Askok hitz egin dute kultura-astakeria honetaz, baina inon ez dut ikusi espainiar konstituzioaren aldeko argumenturik. Badakit tabu bat dela, guztiz heterodoxo, mundu abertzalean konstituzio horretan oinarritzea NFE-EAEren artean harreman berezietarako eskubideen defentsan. Are gehiago, jakina, Auzitegi Konstituzionalak bere egin duen misio bitxia, goian aipaturikoa, kontuan harturik.

Guztiz konstituzionala da NFEko hezkuntza sisteman EAE eta NFEren arteko lotura kultural, historiko eta politiko-instituzionalak agertzea.

Ba, espainiar konstituzioak –oso eztabaidagarria, zer erranik ez, demokrazia kontzeptu sano baten aldetik– onartzen du bere testuan eta espresuki zerbait berezia dagoela NFE eta EAE artean, noraino eta bide bat diseinatzeraino egunen batean, nafarrok horrela nahi izanen bagenu (“geure burutik joanak” suertatuko bagina), erkidego autonomo bakarra osatzeko bion artean. Eta EAErekin bakarrik, ezen ez, demagun, Errioxarekin edo Aragoirekin edo Gaztela-Leonekin. Hau da, babes konstituzional zehatza du nafar gizartean badagoela zerbait berezia ikustarazteko nahiak, kritiko agertu ahal izateko gaurko euskaldunon zatiketa autonomikoan.

Aitortza horrekin batera, badakigu, konstituziogileek diseinatu zuten bidea oztopoz bete egin zuten, nahita, jorratu ezina geldi dadin. Baina aitortza berezia hor dago, Konstituzioan. Guztiz konstituzionala da, hortaz, NFEko hezkuntza sisteman EAE eta NFEren arteko lotura kultural, historiko eta politiko-instituzionalak agertzea, hezkuntzaren helburuetako bat herritar kritiko, autonomo eta ongi informatuak sortzea baldin bada, eta ez dut uste hezkuntza-helburu honi Iribasek uko eginen dionik, bere itsukeria inefablea gorabehera.

Lotura eta aitortza berezi hau, UPNk aitortu nahi ala ez, nafar errealitate instituzionalaren parte da, eta espainiar konstituzioaren aurka doa Iribasen agindua, horratx! Baina badakigu, konstituzioaren aurka sortu zen alderdi konstituzionalista hau.

(Argia astekarian argitaratua, 2433 zenbakia, 2014ko urrian).