ABCko azalak guztiak gogoz irentsi eta sendo alfabetaturik zegoela sinetsi.
Month: otsaila 2015
Iman okerreko iparrorratza
Eskuindar naizen? Ezta inauterietan ere! Zentrokoa? Hori bai hori trilero-jokoa! Ezkertiar? Horrela ikusten nuen ene burua, harik eta jendea hasi den arte ezkertiartzat jotzen eskuin-ezker ardatza gainditurik daudela diotenak. Uko egiten diot horrelako Zirtzeren gonbitari.
Inbidia ote?
Demagogo gehiegi arruntean, egia arruntak ozen kezka gisa berba egiten dituztenei demagogia leporatzen dietenen artean.
Transmisioa
D eredukume aita gazteak bere haur kuttun bati (D eredukoa berau ere bai), orekan hezi nahian arlo guztietan, hala autoritate eta samurtasun artean, nola elebitasunean: “Etorri hona te he dicho y no me vengas con tontakeris!”. Ene kezka, ortografikoa baizik ez, badakizue: harridura ikurrak, ixtekoa bakarrik (!), ala ireki eta ixtekoa (¡!) jarri behar?
Sano ona?
Sanoegia, egiaz sano?
Estatistiken arte ederr(etsi)ak
Herritarron diru batez bertzekoak goikoek edertu adina itsusten dituzte behekoek.
Nor bere buruarekin eskuzabal
Euren buruak, ustez handiak, ongi zaintzerakoan, eskuzabalak, beharko!
% 100 nafar
ADN politikara ekarria? Ahal Dugu indar politiko berrian, eraketa eta definizio prozesuan bete-betean dagoela, artikulu hau plazaratu orduko Nafarroako idazkari nagusia hautaturik izanen da. Oraingoz, hiru hautagaitzetako bat %100 ADN omen da: “Candidatura 100% ADN Podemos en Navarra” aurkeztu du bere grazia. Ezusteko gatzdun grazia, bai horixe, hitz joko elebiduna: “100 % A(hal)D(ugu)N(afarroan) Podemos en Navarra”. Baina itsusia, itsusia denez, hitz jokoa, politikaren biologizatzailea. Ezin ahaztu garai latz haietaz, gizakiak-eta biologiaren arabera sailkatu zituzten mugimendu europar haietaz.
Hautagaitzaren izenak ez ezik, haren azalpen testuak ere ez du baztertzeko hitzik: “Oraingoa ez da unea, ez euskaldun, errioxar edo maño eginen ote garen eztabaidatzeko, ez jotak abestu edo Nafarroa osoan euskaraz egin behar ote dugun. Orain lehentasun gorenen alde apustu egin behar dugu. Lanaren alde borrokatu, osasun unibertsal eta doakoaren alde borrokatu behar, eta zerbitzu sozialen alde”. Gaztelaniaz testua, eta bi eslogan elebidun gero, nafar guztiok integratzeko asmotakoak, baina hari material horiekin bakarrik jositako integrazioa.
Lehentasun gorenak biologiara mugaturik: lana, osasuna… Ongizate materialera. Primum vivere, deinde philosophare aforismo zaharraren irakurketarik murritzen eta biologiko hutsena, pertsonok bizitzeko prest egonen bagina bezala kezkarik gabe landare baten antza, nahirik gabe, geure buruaz hausnartzerik gabe, geure gustuetan hautatzerik gabe, solas egin, abestu, jolastu, maitatu gabe… Hori politikaren biologizatzea hori, azken beltzean!, %100 ADN izenaren itzalpean.
Ikusi behar indar politiko berria zer-nolako programak eta ideiak joanen den jorratzen, kasta (bertze kontzeptu biologizatzaile bat, ezta?), ustelkeria, ongizate materialeko murriztapenak… salatzeaz gain, estatu ereduaz, instituzioen berrantolamenduaz, justizia sistemaz, militarismoaz, errepresio indarrez eta jokamoldeez, hezkuntzaz, kulturaz, estatu barneko kontzientzia nazional ezberdinez, nafarron erabakimenaz…; bizitza materiala eta giza bizikidetza bermatzeko behar-beharrezkoak diren bertze kontuez zer eskaini eta zeinekin lan egiteko prest agertzen den.
Orain arte indar berri honetan ikusitakoa ikusirik, ni kezkatsu: prest antzeman Ahal izanen ote Dugu Nafarroan Podemos gaurko erregimen %100 navarrrrista aldatzeko?
& & &
(Argia, 2450 zenbakian argitaraturik. Ez da izan ene asmoa hautagaitza bati kritikarik egitea, baina haren izen bitxiak eta nafar ustez peto-petoei begira eginiko planteamenduek aukera eman didate gogoetarik egiteko politikaren biologizatzeko joeraz, dezente ikus daitekeena gizartean eta hedabideetan).
Zeharkako autoestimua
Zure burua onean edo txarrean inork zeharka aipatutzat jotzea, hori autoestimua! Baina onean denean gaizkiago hartzen duzu zeharkakoa.
Oinak lurrean
Hanka-motza zen, konplexugabea: atseden bila esertzen ez zen artean, zutik/erne oinek ongi bai ongi heltzen zioten lurrari.