Sinesgogor itxaropentsuak

Lurrak gizateriarentzako bizileku gisa iraun artean, ezin dugu itxaropena galdu. Ideia horrekin eman nion amaiera artikulu bati, El Siglo de Europa astekarian 2015eko urriaren 26an plazaraturik. Gaia, Parisko 21. Gailurra, Klima Aldakuntzari buruzkoa, azaroaren 29an hasiko zena. Adeitasuna izan zuen astekariko zuzendaritzak Madrilen Kongresuan Diputatu nengoen honi idazkia eskatzeko, talde guztietakoei eskatu zieten bezala.

Incredulidad” jarri nuen izenburu idazki hartan. “Sinesgaiztasuna” izan zitekeena euskaraz egiteko aukera izan banu. Sinesgaiztasuna, lehen itxura batean, nazioarteko Gailurraren aurrean. Baina bertze zentzu batean ere azaldu nahi nuen sinesgaiztasun hura.

 

Izan ere, alarma oihuak entzuten ditugu etengabe klima aldakuntza globalaren azelerazioa dela kausa. Komunitate zientifikoaren gehien-gehiengoak bere egiten ditu alarma oihuak. Tonu apokaliptikoko oihuak dira sarri, ezkortasun gehiago edo gutxiagokoak bertze batzuetan, baina beti ezkorrak. Ez dakigu, egia erran, zein neurrian asmatzen duten aurreikusitako degradazio erritmoei dagokienez, baina orain arte egiaztaturiko datuek aditzera ematen dute pronostiko horien zentzua justifikatua baino justifikatuago dagoela, bai zentzua behintzat, zantzuen larritasun maila eztabaidagarriagoa izan daitekeen arren.

Halarik ere, komunitate zientifikoaren bat etortzea bezain asaldagarri zaizkigu gobernu eta eragile ekonomikorik indartsuenen interes jokoa eta sinezgaiztasunerako joera. Jakina da eragile boteretsu hauek euren fundazioak-eta finantzatzen dituztela, oparo finantzatu ere, helburu zehatz batekin: klima aldakuntzari buruzko ikerketa akademiko eta zientifikoak gezurtatu, berauen izen ona zikindu eta sinesgarritasuna kentzeko; eta aldi berean presioa egiteko gobernuen gainean, halako marka zientifikoa eman nahian presio horiei, kasu gehienetan instantzia ekonomiko handien aldeko politika neoliberalak bultzatzen dituzten gobernuen gainean hain zuzen. Baina horrelako fundazioen zerbitzuan jarritako ikertzaileak askoz sinesgarritasun zientifiko gutxiagokoak izanik ere, izugarri handia da haien proiekzio mediatikoa. Ez dira benetan ikertzaileak, urrezko lumetako propagandistak dira.

Eta asaldagarria da, aurtengo Pariskoa bezalako Gailurren historian, zenbat porrot eta hutsegite erregistratu diren ikustea. Lorpen handiagoetako Gailur batzuetan ere, 1997ko Kiotokoa kasu, ez zituen akordioak sinatu gobernurik indartsuenak (AEB) eta sinatzaileek beraiek ez zituzten gero arrakastaz aplikatu adosturiko neurriak. Kutsadura mailarik altuenen erantzule diren potentzien gobernuek ez diote sinetsi nahi komunitate zientifikoari, joko eta itxaropen arriskugarri batekin jolastu nahiago dute, halako deus ex machina baten esperoan egon nahiago dute, halako mirari teknologiko baten zain, euren politiketan jarraitzea bermatuko liekeena.

 

Ez dirudi, oraingo honetan ere, Parisko akordioak irakurririk, lorpen handiegiak espero ditzakegunik. Hitzaurreko hitz potoloak gorabehera, hauetan bai orain arte baino kontzientzia handiagoa hartu dutela badirudi ere, eta parte hartzaile guztiak sinatzen amaituko direla espero badezakegu ere, ez dugu gero ikusten artikulu zehatzetan zinez bete beharreko konpromisorik. Asmo onetako aldarrikapenetatik harago doazen benetako konpromisoen zain utzi gaituzte, antza denez, azken Gailur honetan berriro ere.

Sinesgogorrak, sinesgogorrak direnez, potentzia politiko-ekonomikoak komunitate zientifikoaren aurrean, sinesgogorrak, sinesgogorrak garenez, gu geu potentzia politiko-ekonomikoen aldarrikapenen aurrean.

 

(Ezkerretik Berrituz aldizkarian, 2016ko urtarrila, 46. zenbakian argitaraturik)