Inauteriak eta Naturaleza edo Inauterien naturaleza

Oroitzen naiz zein inpresio ona sortu zidan Edu Zabalari irakurri nion lehen liburuak, Aiako fantasiazko eleberri fantasiatsuak (Hiria, 2008), bere generoan, euskal mitologia eta bere xehetasunetan ezezagun zaigun historiaurreko gertakari funtseko bat uztartzen zituena. Banenbilen orduan BERRIAn literatura iruzkinak egiten, bi astetan behin, eta honelako iruzkin egin nion, “Nafar periferiatik” ene blogean aurki daitekeena: http://www.berria.eus/blogak/bixente/index.php?blog=26&cat=149&page=1&disp=posts&paged=35. BERRIAn, aldiz, 2008-06-15ko alean. Eta Susaren webgunean, esteka honetan: http://kritikak.armiarma.eus/?page_id=4003&non=libu_e&tes=Edu%20Zabala.

 

Trilogia baten lehen emaitza gisa aurkezten zuen egileak. Pena, hurrengo emaitzak nik ez ezagutzea, ez dakidala Edu Zabalak hurrengo horiek eman dituen ala ez. Nik behintzat, EIEren webguneko egilearen bibliografian sarturik, ez dut aurkitu aginduriko trilogiaren jarraipenik. Eman dizkigu, bai, bertze lan batzuk, horietan poema-bilduma bat, Zaude (Hiria, 2008), gustura ere irakurri niona.

 

Egilearen lanetan mitologiak, kultura anitzen mitoek, antropologia kulturalaren kondairek… dute habia, bere hausnarketetan, sormen lanetan eta enparauetan murgiltzerakoan. Aipaturiko bere poema liburuan ez die zehazki erreferentziarik egin kontu mitologikoei, baina bertzeetan nabaritzen zaizkion giza-kezka berberen inguruan badabil ibili.

 

Orain berri, 2015eko amaieran, bertze liburu bat, labur-laburra, plazaratu du, berriro ere mitologian-eta sarturik, ikuspegi antropologiko eta filosofiko batetik. Zehazkiago, inauterien interpretazio bat da. Ez preseski euskal interpretazio bat, nahiz eta inauterietako euskal adibideetan gehienbat oinarritu (“Ituren eta Zubietako iyoteak”, “Altsasuko momotxorroak”, “Lantzeko inauteria” eta “Zuberoako maskarada”). Ez da saiakera akademiko bat, “gogoeta literario” deitzen dio bere liburuxkari Edu Zabalak berak. Ez bilatu, hortaz, bibliografiarik, nahiz eta nabaritzen zaion espezialisten irakurketak baitaratu dituela. Lastima, autoedizioetan ohi den bezala, orri eta paragrafoetan diseinu-edo akatsak daudela, irakurketa zaildu gabe baina estetikari kalte egiten diotenak. Bere lanaren funts gogoetatzailea, paragrafo hauetan ikus dezakegu:

 

«Kaosak bezala, bide bat urratu dugu entsegu edo gogoeta honetan, hilezkortasun desiora iristeko. Bidean aztertu ditugu naturaren fenomeno anitzak, kataklismoen ikuspuntutik eta horrek gizakiarengan sortzen zuen beldurra gainditzeko mitoak sartu ziren. Mitoek garai ilun haietan gizakiaren neurrira egindako azalpen sasi-logikoak ziren, nahikoak beraientzat.

 

»Mitoak uztartuta, antzezpen bat antolatu genuen, garbiketa erritual batzuen itxuraz eta inauteri deitu genion, beste azepzio askoren artean.

 

»Hor antzezten dena, nire ustez, gizakiaren eta naturaren artean dagoen etengabeko borroka da, gizakiak berak sortutakoa, nola ez. Natura meneratu nahi dugu eta historian zehar urratsak ematen ari gara helburua erdiesteko, erlijioaren aldetik, zientziaren aldetik, baina naturak, aldiro-aldiro, egoskor erantzuten digu ohiko kataklismoekin.

 

»Azken erronka, batzuentzat, natura, heriotza menperatzearena izango da baina ene uste apalean, gizateria beste etapa batean sartu behar da eta energia unibertsalarekin bat egiten saiatu, bere tokia bilatzeko unibertsoan. Eboluzioa, baldin badago, ez da etorriko gehiago ekoizteagatik, edukitzeagatik, izatetik baizik; bestela Natura, Amalurra bera izango da gure epaile gupidagabea, beti gertatu ohi den bezala».

 

[Edu Zabala Garagartza: «Inauteria, gizakia naturaren kontra», Autoedizioa (www.librosylibritos.com), 2015].

 

Azken paragrafoan apuntatzen duen ideiak bidea irekitzen dit inauterien interpretazioetan historia, bilakaera bat ikus dezakegula errateko. Izan ere, bai mitoen, bai haien antzezpenen, bai erritual “folklorikoen”, bai inauterien… interpretazioetan, ez al ditugu, gaur bertan eskola desberdinei dagozkienak ez ezik, baita gizateriaren epe historiko desberdinei ere dagozkien oso bertzelako azalpenak?

 

Ez ditut bakarrik aipatu nahi interpretazio historizistak (Jose Antonio Urbeltzek deuseztatu dituenak, kasu, Bordon Dantzaren inguruan edo Mairu eta Kristauak deituriko ospakizunen inguruan, edo argi eta garbi errefusagarri direnak, hala nola Hondarribiko edo Irungo Alardeei edo bertze askori buruz mintzo, zorroztasun historiko pixka batekin mintzatzekotan). Epe historiko bakoitzak, tokian tokiko gertakari dezente ezezagun baina zehatz batzuk hartu eta horren arabera interpretatu nahi izan ditu bere ospakizun erritual folklorikoak, tradizio ukitu-ezin berriak sortuz, betidanikoak izan balira bezala: eta bai, “betidanikoak” dira, estetika batekin edo bertze batekin, hain betidanikoak non interpretazio historizistek aipaturiko gertakari horiek baino askoz zaharragoak diren.

 

Badaude hausnartze historikoak egiteko, nola interpretatu diren inauteriak gizateriaren historia luzean zehar. Nola interpretatu eta nola bizi izan zituzten Antzinatean Ekialdeko kulturakoek, edo greziarrek edo erromatarrek euren mitoen narratiba/antzezpenak/festetako erritualak? Ertaroan, Europan adibidez, eliza kristauen interpretazioak ditugu bertzalde, deabruzko eta infernuko indarrek edo mentalitate paganoek (‘pagano’ terminoaren ulerkerarik gaiztoenean) sorturik izan balira bezala horrelako ospakizunak, debekagarriak hortaz, eta urkatu beharrekoak haietan parte hartzen zutenak. Tira, Ertaroan, eta Aro Modernoan, eta XX mendean ere guk ezagutu dugun nazional-katolizismo madarikatuan…

 

Ilustraziotik hona garatu dira bertze interpretazio asko Mendebaldean, gehien bat espezialistek (eta irakurleok ere, hala-moduan izan arren) egin dituztenak. Arrazionalagoak betiere. Baina, hori ere bai, Ilustrazioak berak ekarritako bi korronte funtsezkoen arabera interpretaturik: korronte arrazionalista positibista zientifista batetik, eta korronte erromantikoa bertzetik. Lehena, ez gutxitan, aipaturiko historizismo baldarretan erori dena. Edo, era serioago batean, pentsamenduaren ustezko bilakaeraren arabera (pentsaera magikoa, erlijiosoa, zientifikoa) ikusi nahi izan dituena.

 

Bigarren korronte intelektualak, erromantikoak, herri-jakinduria eta herri-gogoa/izaera/nortasun sakona historian zehar era batean edo bertzean azaltzen zaiguna ikusi nahi izan ditu mitoetan, festetan, folklorean, inauterietan.

 

Baina, kontuz, Ilustraziotik datozen bi korronte artean ez dago lubaki sendorik, zeharkaezinik, positibismoaz baliatu izan nahi du askotan erromantizismoak. Eta gaur, oraindik orain biak daude indarrean, beztidura desberdinetan azaldu arren: biek ala biek zientifismoari eutsi nahian. Elkarrekiko diferentziak? Interpretazio arrazionalistek natura eta gizakiaren arteko borroka gisa ikusi nahi dute, funtsean, ikuskizun horietan; erromantikoek, funtsean, garapen industrial teknikoaren beldurrez, naturarengana itzultzeko desioaren antzezpen gisa interpretatzeko joera dute.

 

Hori, ikerlarien interpretazio eruditoak, bale. Baina ikusten dituzten manifestazio horiek interpretazio eruditoak ezagutzen ez dituzten hainbat eta hainbat ikuslek, gaur egun? Nola ikusten dituzte ospakizun folkloriko erritual hauek, inauteriak barne, ikusle turistikoek, ikusle herrikoiek, bai eta antzezpenetan parte hartzen duten antzezleek ere?

 

Utz ditzagun aparte turista hutsak, hauek ez baitira horrelako hausnarketetan sartzeko gai, nahikoa dute gidariek erraten dietenarekin, gehienez jota exotismoak liluratzeko prest agertuko dira ikuskizunetan. Baina bertzeok, gaurkook, halako mistizismo batek edo arbasoekiko enpatia edo kuriositate estetiko batek ikusle bihurtzen gaituenok, nola interpretatzen ditugu inauteriak, kasurako?

 

Erranen nuke nik Zabalak hona ekarririko azken paragrafoak dioenaren arabera interpretatzen dugula gaur egun holakook. Kaosera itzultzeko nahia ikusten eta bizitzen dugula, askatasun naturaleko festa-giro batean murgiltzeko grina, gizarteak ezartzen dituen konbentzionalismoetatik ihesa ludiko gisa.

 

Edu Zabalak dioen “beste etapa batean sartu behar” horrekin sinetsi nahian hurbiltzen gara gaur egun horrelako ikuskizunetara, batzuk halako mistizismo batekin, bertze batzuk naturaren inguruko bizimoduekiko halako enpatia batekin, bertze batzuk gizartearen konbentzionalismoetatik ihesaren inguruko halako estetika baten bila: naturaren kontrako borroka bainoago, bizimodu naturalago batera itzultzeko borroka estetikoa.

Zabala, E.