Ezin idatzi historia denon gustura. Baina bai arestiko historia, askoren disgustura: protagonista batzuen gustura bakarrik.
Month: maiatza 2016
Lo-ezina, ohekide.
Ohekide espero zenuen horren absentziak lo-ezina ekarri dizu ohekide.
Basamortu mentalak
Itzalik gabeko paisaia eguzkitsua, euskarririk gabeko paisaia mentala, hutsa.
Proben emaitzak
Narrazioa abangoardista agertzeko modelo pasarela, ala abangoardismoa narrazio biziago eta adierazkorragoa lortzeko baliabide?
Lorpen baten gazi-gozoa
Bipartidismoaren bizkarrezurra apurtzeko jaio eta jada apurturik zegoen lekuetan baizik ez lortu. Lorpen baten gazi-gozoa: alegia, espainiar nazionalismoak jende gehiagori nazka ematen dioneko lurralde periferikoetan baizik ez lortu izana. Izan ere, espainiar nazionalismoak elikatu duen bipartidismoak (eta viceversa) ahulago bai, baina tente jarraitu du. Gainditzeke du proba hori, oraindik, 2011ko M15en uberan jaio eta 2015eko A20an koskortu egin zen izaki politiko berri hark.
Kontuan hartzekoa da, interesgarri eta eskertzekoa, Gorka Bereziartuak aldizkari honen 2016/05/15eko zenbakian dioena izaki berri politiko horren lorpenaz, EAEri dagokionez (Euskal Herria aipatzen du Bereziartuak, baina azterketa EAEtik bakarrik begiraturik agertu zait niri). Nik bertze hari batetik tiraka azaldu nahi dut, labur-zurrean, fenomeno horri buruzko hausnarrean, Gorkarenaren osagarri: hau da, espainiar nazionalismoaz bertzelako nazionalismoek gainditzeke duten erronkaz.
Frankismoa ofizialki desagertu zenetik hona, fenomeno ezaguna da hauteskunde emaitzetan: nazio “periferikoetako” emaitza desberdinak, zer-nolako hauteskundeak diren; nabarmenago edo apalago, joera bat ikusi izan da hauteskunde deialdi guztietan: estatu obedientziazko indarrek boto gehiago lortu ohi dute hauteskunde orokorretan, eremu autonomikoetako hauteskundeetan baino (horietan ere indar bozkatuenak beti ez izanik). Zerbait adierazten du horrek, Hego Euskal Herrian (bereziki argiago Nafarroan) ere: badagoela masa bat, zeinarentzat autonomia kontuak kontu espainiar bat baitira. Erran nahi baita, masa bat, lasai asko uste duena estatu eremuko gobernagarritasuna estatu eremuko indar politikoei dagokien kontua dela, nahiz eta onartu etxe-eremuko (nazio edo erkidego autonomoetako) indar politikoei dagokiela etxeko kudeaketa. Arrunt bezain bitxia: hauteskunde autonomikoak kontu lokalak izanen bailiran, udal hauteskundeen mailakoak, hor nonbait. Mentalitate horrek elikatu du estatu eremuko bipartidismoa gure eremuetatik ere, lagungarri izan zaio espainiar nazionalismoak elikaturiko bipartidismo “naturalari”. Eta nekez bai nekez lortuko da bipartidismo horri bizkarrezurra apurtzea estatu eremuan mailua PSOEk izan artean, eta bereziki eremu “periferikoetako” indarrak gihartsu agertu ezean, “sorpasoa” eta guzti.
Bipartidismoa kontserbadore (orain artekoa) edo irekiagoa izan, nola ez oparitu indar “periferikoek” txeke zuri bat espainiar eremukoei, hauxe gainditzeke dugun ikasgaia. Nabarmenago utzi digutena 2015eko A20an koskortu egin zen izaki politiko berri horren lorpenek gurean eta haren porrotak Espainian.
& & &
ARGIA astekarian, 2.509 zenbakia, 2016-05-29koan plazaratu eta hil bereko 15ean idatzi/bidalia.
Osasun tremendismorik gabe
̶ Baina utziko al diozu behingoz erretzeari?
̶ Laster, oso laster, laztana! ̶ eztulak jota ̶ . Eta betiko, lasai egon!
Kast(ak)o izatea zer den
– Kastitatea, galduriko balio hori!
– Et, et, et…, gero eta zahar gehiagotako gizarte hauetan, etorkizun luzea du kastitateak.
Efikazia kriminala
Polizia itaunketak: haien gustuko erantzunik ezean, zeu susmagarri; haien gustura erantzutekotan, auzipetua, hain ziur.
Bikaina eta aparta.
Amandre horren erretratua egiteko kontratatu artista in albis gelditu, eta ezin ergelago atera zitzaion. Meritu osoa, ereduarena.
Euskoñolaz
Zer euskara koño da idazten duzuna, ba(ba)lore berri hori?