Lorpen baten gazi-gozoa

Bipartidismoaren bizkarrezurra apurtzeko jaio eta jada apurturik zegoen lekuetan baizik ez lortu. Lorpen baten gazi-gozoa: alegia, espainiar nazionalismoak jende gehiagori nazka ematen dioneko lurralde periferikoetan baizik ez lortu izana. Izan ere, espainiar nazionalismoak elikatu duen bipartidismoak (eta viceversa) ahulago bai, baina tente jarraitu du. Gainditzeke du proba hori, oraindik, 2011ko M15en uberan jaio eta 2015eko A20an koskortu egin zen izaki politiko berri hark.

Kontuan hartzekoa da, interesgarri eta eskertzekoa, Gorka Bereziartuak aldizkari honen 2016/05/15eko zenbakian dioena izaki berri politiko horren lorpenaz, EAEri dagokionez (Euskal Herria aipatzen du Bereziartuak, baina azterketa EAEtik bakarrik begiraturik agertu zait niri). Nik bertze hari batetik tiraka azaldu nahi dut, labur-zurrean, fenomeno horri buruzko hausnarrean, Gorkarenaren osagarri: hau da, espainiar nazionalismoaz bertzelako nazionalismoek gainditzeke duten erronkaz.

Frankismoa ofizialki desagertu zenetik hona, fenomeno ezaguna da hauteskunde emaitzetan: nazio “periferikoetako” emaitza desberdinak, zer-nolako hauteskundeak diren; nabarmenago edo apalago, joera bat ikusi izan da hauteskunde deialdi guztietan: estatu obedientziazko indarrek boto gehiago lortu ohi dute hauteskunde orokorretan, eremu autonomikoetako hauteskundeetan baino (horietan ere indar bozkatuenak beti ez izanik). Zerbait adierazten du horrek, Hego Euskal Herrian (bereziki argiago Nafarroan) ere: badagoela masa bat, zeinarentzat autonomia kontuak kontu espainiar bat baitira. Erran nahi baita, masa bat, lasai asko uste duena estatu eremuko gobernagarritasuna estatu eremuko indar politikoei dagokien kontua dela, nahiz eta onartu etxe-eremuko (nazio edo erkidego autonomoetako) indar politikoei dagokiela etxeko kudeaketa. Arrunt bezain bitxia: hauteskunde autonomikoak kontu lokalak izanen bailiran, udal hauteskundeen mailakoak, hor nonbait. Mentalitate horrek elikatu du estatu eremuko bipartidismoa gure eremuetatik ere, lagungarri izan zaio espainiar nazionalismoak elikaturiko bipartidismo “naturalari”. Eta nekez bai nekez lortuko da bipartidismo horri bizkarrezurra apurtzea estatu eremuan mailua PSOEk izan artean, eta bereziki eremu “periferikoetako” indarrak gihartsu agertu ezean, “sorpasoa” eta guzti.

Bipartidismoa kontserbadore (orain artekoa) edo irekiagoa izan, nola ez oparitu indar “periferikoek” txeke zuri bat espainiar eremukoei, hauxe gainditzeke dugun ikasgaia. Nabarmenago utzi digutena 2015eko A20an koskortu egin zen izaki politiko berri horren lorpenek gurean eta haren porrotak Espainian.

& & &

ARGIA astekarian, 2.509 zenbakia, 2016-05-29koan plazaratu eta hil bereko 15ean idatzi/bidalia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude