San Jurjo eta (im)Mola zio.

Hanpuruskeria poetiko epikoan saiatuz ibiliko zen norbaitek sortuko ote zuen “Covadonga Berria”rena, espainiar II. Errepublikaren garaietan, eskuineko tradizionalistaren batek. Historikoki, badakigu horrelako poesia epiko eta mistikorako bere burua dohaindutzat zuen Maximo Ortabe untzuetarrak, ordurako La Tradición Navarra egunkariko zuzendari ohia berau, erabili zuela poema batean 1934ean.

 

Hego Euskal Herriari egokitu zion izendapena eskuin tradizionalista hark, seguruenik euskal Estatutuaren barnean legedia errepublikano laikoaren despit Vatikanoarekiko harreman diplomatiko propioetarako eskumena planteatu zen garaietako giroan, 1932tik aitzina. Gero, Francok, Molak eta Sanjurjok gerra piztuta, Nafarroari egokitu zioten bereziki. Bidenabar eta bitxikeria gisa aipatzeagatik, Asturiaseko fronte errepublikanoan komunistek ere erabili zuten artikulu batean gutxienez Covadonga Berriarena, Asturiasetik Espainia errepublikanoaren birkonkistaren beharra gogoan, fronteko bihotz asturiarrak berotu nahian.

 

Don Pelaioren, Covadongako Ama Birjinaren eta Birkonkistaren mito nazional-katoliko gisa iraun du hainbat burutan gaur arte, eta Nafarroa Garaian bereziki, horrelako erramoldeak. Eta horretan tematu nahian jarraitzen du, antza denez, Perez Gonzalez Iruñeko apezpikuak. Ez zuen eskola militarra alferrik galdu 2003-2007 tartean Apezpiku Militarra izan zenean eta bere hurrengo apezpikutza, 2007tik hona, nazional-katolikoen ustezko Covadonga Berri honetan eman zioten.

 

UPNren garaiak ziren, uste zutenean den-denak jarraituko zuela paraje hauetan “sekularki”, in sæcula sæculorum, klerikalismoaren eskuetan. Horren barnean, jakina, Francoren gurutzadaren aldeko memoria ukitu ezina. Aldatu dira gauzak, ordea, eta apezpiku militar ohiak noizbait hartu beharko zuenik uste ez zuen papera hartzera beharturik ikusi du bere burua, bere ustezko Covadonga Berri honetako apezpiku gisa orain: alegia, Gurutzada Saindu hartako San Jurjo eta Mola martiri(tzaile)en erlikiak euren orain arteko aldare-hilobian mantentzeko misio sagaratua. Lege-trikimailuak, frankismo garaietan apezpikutzari eman omen zioten auskalo zein eskubide astindu du oraingoz XXI mendeko Birkonkista kausaren gurutzatu berriak. Frankismoaren legedia betetzeko eskatzen ari da.

 

Egia erran, hitzik gabe ni neu Perez Gonzalezen jarrera gaitzesteko hainbatek erran dutenei gehitzeko, zain nago apezpikua lege-trikimailu frankistetatik bere eskumen kanonikoetara noiz pasatuko: erran nahi baita, Asiron, udal alkatetzari sostengua ematen diotenak, nafar gobernu osoa, eta udal erabakiaren aldeko kristo oro eskumikatzera.

 

(ARGIA aldizkarian (2.526 zenbakia, 2016/10/23) argitaratua).

One thought on “San Jurjo eta (im)Mola zio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude