Non dago gaurko Grezia?

Historia ez da errepikatzen, ez behintzat gertakariak, nahiz eta egoera historiko antzekoak ikus ditzakegun haren bilakaerako garai desberdinetan.

Adibidez, XVIII. mendeko Europan jatorri feudaleko aristokrazia zen nagusi maila sozial eta politikoetan. Odol urdineko aristokrazia. Gero, iraultza industrial eta burgesak zirela medio, ahuldu egin zen aristokrazia hura XIX. mendean, baina ez aristokrazia bera eta berez: gaur aristokrazia mota berri bat dugu, bertze zahar hark monopolizatzen zituen pribilegioak eskuratu dituena: odol horiko (edo odol beltzekoa, zein urre mota hartzen dugun metafora gisa) aristokrazia, alegia. Zahar hura bezain botereduna politikan eta pribilegioetan, zahar hura bezain endogamikoa, zahar hura bezain egoista eta itxia.

1789ko Frantziako Iraultza garaiko burgesiak bultzatu zuen, ideia pragmatiko eta guztiz logiko bat buruan: aristokrazia libre zegoelarik zergetatik, sistema ‘natural’ hura mantentzeko ahalegin ekonomikoak (zergen zama) burgesiak berak hartu behar ote zituen bizkar gainean, eskubide zehatzik gabe trukean sistemaren politika bideratzeko? Gauzak horrela, bere nazio burgesa sortu zuen eta aristokrata feudalak naziotik, ‘demos’tik kanpo utzi zituen. Gero, jakina denez, guztiei ordainarazi zizkien zergak, baina ‘res publica’ kudeatzeko eskubideak onartu, bakarrik diru-zerga kopuru batetik gora ordaintzen zutenei onartu zizkien: diru-aristokrazia, timokrazia, plutokrazia, ezarri zuen.

Amore eman behar izan zuen gero, langile mugimendua indartu ahala, eta, zehaztasun gehiegitan zertan sartu gabe, XX. mendeko bigarren erdialdian koka dezakegu ‘Demo’ graziako ‘Krazia’ren loraldia.

Gero, neoliberalismoak gidatu zituen 1970ko hamarkadako krisi haren irtenbideak, kostata hasieran, baina 1989ko SESBk sostengaturiko sistemaren hondamendiaren ondoren, ia mundu osoaren jaun eta jabe ezarri zen, guztiz garaile, guztiz ‘natural’ izanen balitz bezala, ditxosozko neoliberalismoa, Ancien Erregimen-eko aristokraziak uste zuen bezain ‘natural’tzat joz bere burua. Eta lehengo lepotik jarri zaigu atzera ‘Krazia’ berria, ‘Timo’ graziara, are ‘Aristo’ graziara ere, ostera itzuliz: Ertaroko jaun feudalen oinordeko zen Ancien Erregimen-eko Aristokraziak zergarik ordaintzen ez zuen bezala, gaurko handiki ekonomikoei ere zergak ordaintzeko zama kentzen ari zaie. Eta erakunde ‘demokratikoei’, herritar arruntek hauta ditzaketen kargudun ‘demokratikoei’ gero eta eskubide gehiago kendu ere, gero eta ahalmen gutxiago eman.

XVIII. mendeko odol urdineko aristokrazia endogamikoaren botere eta pribilegioak eskuratu ditu gaurko odol horiko aristokrazia endogamikoak: zergak ez pagatzeko pribilegioa, ‘res publica’ gidatzeko boterea. Historian, garai desberdinetan egoerak, errepikatu, errepika daitezke. Horren aurreko gertakariak dira errepikatzen ez direnak. Herritar arruntok izan beharko genuke gaurko aristokrazia naziotik, ‘demos’tik kanpo uzteko gai. Grezian saiatu dena 2015ean. Villonen antzinako elurrak bezala, non dago, baina, gaurko Grezia?

 

(Diario de Noticias de Navarra egunkarian, atzo 22, argitaraturik).