Hain umore senik gabea, non barregarri izan ohi zen.
Month: uztaila 2017
Potrohandiko ideologia
Ideologia maltzurragorik ideologia ez dela dioena baino?
Nartzisita aurrerakoiak?
Itxura hutsak bere eragin aurrerakoia izan dezake, baina itxura hutsa denik agerian utzi ezean. Nartzisistek ulertu ezin dutena.
Ustezko harrizko errealitatea
Errealitatean harri asko dago, bera harrizkoa zertan izan ez, eta betiere harriak eraikuntzan bezain moldagarria.
Gaixotasun nazionalak?
Nazionalismoak gaixotasun gisa diagnostikatu zituztenek euren burua diagnostikatu ondoren egin zuten aurkikuntza.
Sare birtualak
Gizarte sareei buruz zerbait entzutean, buru ahalegin kimiko-fisiko bat egin behar dut jabetzeko sare birtualei buruz ari direla.
Ezjakingintza
Kultur eza masiboaren magma hori, negozio haztegi hobeezina lixtoentzat.
Buru-hilketaren tabua hausten?
Ene begirune osoa buru-hilketa guztiekiko. Areago batzuetan, agian egilearen ekintza humanitario bakarra izan delakoan. Sinetsiko didazue ala ez, baina bi perpaus horiek sarean zintzilikatu nituenean joan den 19an, Blesaren heriotzaz jakin genuen egunean, ez nuen ene buruan gertakari hori. Kasualitatez, egun batzuk neraman irakurtzen Svetlana Aleksievitx-en Gerrak ez du emakume aurpegirik lan mamitsua, Iker Sancho Insaustik euskara eder bikainean jarria, non bertzeak bertze hainbat buru-hilketa aipatzen den. Lan hori ez ezik, aldi berean irakurtzen nenbilen eta nabil António Lobo Antunesen eleberri zoragarri bat, No es medianoche quien quiere titulupean gaztelaniaz argitaratu berria; honetan buru-hilketa da narrazio luze osoaren gai errepikakorrenetako bat. Horietan murgildurik nengoen, eta Hitlerren buru-hilketa gurutzatu zitzaidan gogoan, hasierako bi perpaus horiei bidea irekitzen. Baina hara non, eta Blesarena ere gurutzatu zen sareetan, ene hitzak zintzilikatu orduko.
Edonola ere, finantza-buru gisako bere jokamolde bihozgabeen ondorioz hainbat eta hainbat suizidio bultzatu duen Blesari ongi dagokio goiko bigarren perpausaren sarkasmoa. Nork ez ote dugu jasan geure inguruko jende gutxi-askoren buru-hilketen esperientzia mingarria? Nik neuk dezente behintzat. Eta erranen nuke buru-hiltzaile gehiago ezagutu ditudala aldez aurretik sakon mamituriko asmo kontzienteek hartara eramanak, depresioren batek jotakoak baino. Ene begirune osoa, bada, eta dolua, horrelakoen aurrean, bai kontzienteen bai depresiopekoen aurrean. Begirune eta dolua, non Blesa bezalako jendearekikoa ez den kabitzen.
Tabu sendoa da gure gizartean buru-hilketa. Bai buru-hiltzaileen senitartekoek bai hedabideek ekiditen duten hitza. Errazago hausten dugu tabua eta onartu hitza suiziden lagunok edo ezagunok. Begirunez eta doluz, errana doan bezala, errukiz ere bai depresioa tartean ibili ei denean.
Eta errazago hausten da tabua hedabideetan ere Blesarena bezalako kasuetan. Aspaldiko Naseiro hartan eta oraingo Gürtel honetan, adibidez. Berez etorri ez diren heriotza asko bi auzietan, batzuk erailketa ukaezin, bertze batzuk istriputzat mozorroturik, bertze batzuk aho bilorik gabe buru-hilketa dela plazaraturik. Bere fruitu ona ematen ari dira horrelako ustelkeria tramak alde batetik behintzat, tabuaren hausturaren aldetik alegia. Erran liteke albistegiak ustel uzten ari direla buru-hilketaren tabua gurtelkeria giroan.
Alabaina, tabu izaten jarraitzen du buru-hilketa izenak ustelkeria sareen biktima inozoen inguru. Zenbat suizidio ez ote dute bultzatu finantza jukutriek preferenteen biktimen artean, etxe-desjabetuen artean…? Eta zein hedabide gutxik eman duen horien berri! Bertze bide batzuetara jo behar dugu horietaz jakiteko.
Alta, beldur nago hedabide handi horien jokamoldeak, hala tabua hausterakoan nola hura mantentzerakoan, ez ote diren ezpal berberekoak: euren deontologia eskasaren emaitza, alegia. Ustelkeria putzuetan murgilduriko euren nagusien interesen arabera, alegia.
* * *
(Atzo argitaratua Diario de Noticias de Navarra-n).
Ohituren menpe?
Zaindu itzazu ongi zeure ohitura onak: izan itzazu zeuk kontrolpean.
Giza eskubideak
Giza zibilizazioak ezarri ei zuen giza bizitza balio gorenekotzat. Gizaki zein zen botere “zibilizatzaileek” erabaki zuten gero!