Bruselako prozesuak: Abiadura Handiko Prozesuak kontu neoliberaletan. Abiadura Geldoko Prozesuak, herritarron eskubide bideetan.
Month: iraila 2017
Espainiarren Justizia
Horrela da Justizia espainiarra. Ez espainiar izateagatik, Justizia aldatu nahi duten espainiar nahikoak ez egoteagatik baizik.
Jainko birtualen menpean
Fatalismo zahar hura, oraindik ere bizirik jarraitzen duena hainbatengan, kontsolagarria azken buruan: “Jainkoak eman zidan, Jainkoak kendu dit”. Ateoentzat, ordea, kontsolamendurik ez. Baina jainko berriak sortu dira, jainko birtualak alegia, gure kontrol kanpoko horrelako egoeretan gurtu beharrekoak.
Larunbat goizez, etxetik 40 minututara dagoen hirixka batera abiatu aurretik, bere desordenagailuan sartu zen ohi bezala Inazio. Sartu eta eskaintza prometagarri bat agertu zitzaion, Windowsen bertsio berri bat instalatzekoa. Hasteko zuen lanean hobe murgiltzeko irrikan, azkeneko oihuen zaleen irrikan, instalatzeari ekiteko tentazioari ezin eutsi, eta hara, aurrera, minutu batzuen kontua izanen litzatekeelakoan. Alta, bi ordu eta erdi pasatuta oraindik ere tramankulua bere barne lanean, inolako trazarik gabe amaiera hurbil egonen ote zenik, alderantziz, lanaren martxa ehunekoetan adierazten duen leihotxoak zifra baxu-baxuak erakusten zizkion etsigarriki. Eta bazen ordua Inazio hirixkako konpromisora garaiz heltzeko.
Instalazioa geldiarazi, eta hirixkara. Egun ederra, eguraldi eta giza-klimaren aldetik. Aspaldiko bere lagun batek eman behar zuen hitzaldia aukera polita izan zuen hainbat lagunekin biltzeko, izenez baizik ezagutzen ez zuen bertze batzuk aurrez aurre agurtzeko, bertze batzuen berri izateko, giro alai eta patxadatsuan bazkari on batez gozatzeko gero…
Arratsaldez itzulia, zortziak aldera, instalazioari ekin zion berriro. Bertze lau ordu, eta bukaezina atzera ere desordenagailuaren digestioa, bertsio berriaren elikagaiena. Etsirik, berriro geldiarazi eta ohera.
Igande goizean goiz saio berria. Ordu erdi bat orain, eta bertsio berria bere eginik itxura osoz tramankuluak, berrabiarazteko agindua eman zion Inazio koitaduari. Berrabiarazten ez al zen hasi ba? Bitartean, bere gorputzaren eskakizunak bete egin, dutxarenak, gosariarenak, hortzeriaren garbiketarenak, eta hara non bertze agindu bat: “Hainbat aldiz berrabiaraziko da PCa, hartu lasai kontua!”, horrelako zerbait erraten. Azkenik, hortzetako eskuila oraindik ahoan hurbildu zen berriro pantailara eta, miraria!, bere betikoa zuen begien aurrean, aldakuntza batzuekin, baina ohikoa funtsean. Egiaztatu gabe sar ote litekeen bere artxibo eta programetan, jarraitu zuen Inaziok igurtziz gelditzen zitzaizkion hortzak.
Pantailara pozik gero, lanean hasiko zelakoan, baina bai zera! Orduan hasi zitzaion ustekaberik larriena: hutsik zegoen pantaila, pizturik baina huts-hutsik! Dantzari bakikoen antza hasi zitzaizkion hatzak teklatu gainean, kurtsorea behinka agertzen eta mugitzen, tarteka marratxo bertikal bihurturik, orain marratxo orain gezi, baina ezin: pantaila huts-hutsik, noizean behin, hori bai, klik batzuekin halako soinu txiki bat jaurtitzen, ez beti, orain bai orain ez… Pantaila itzali eta berriro piztu: berdin. Harik eta bertze hitzordu batera, ohiko lagunekin bermuta eta bazkaria egiteko hitzordura etxetik atera behar izan arte.
Atsekabetik libratu ezinean, Inazio. Pentsa dezakezue: igandea, jai eguna beraz, gehi biharamunean goizez eguerdi gabe abiatu beharra bortzehun kilometrotara zuen hiri batera, asteazkenean gauez edo ortzegunean arratsaldeko lehen orduetan etxeratu arte. Egunak, ba, desordenagailua bere ohiko tailer/dendara eraman ezinean, egunak eta egunak bere lan pribatuetarako tramankulurik gabe, jakin gabe artxiboak-eta galdurik ote zegoen… Jainko erlijiosoek, deabruek, jainko birtualek, den-denek izan zituzten lan eta nekeak beren irudiak garbitzeko, hainbertzetan kakaztu baitzituen Inaziok haien izenak eta sinbolo sagaratuenak.
Arratsaldez, berdin. Tramankulua piztu, eta pantailak barreka Inaziori. Dantzaldi frenetikoak berriro teklatu gainean, teklak banaka edo bina/hirunaka behin eta berriz sakatu, desordenagailua piztu eta itzali, wifia erreseteatu…, alferrik. Ohera berandu, “cuatro esquinitas tiene mi cama, cuatro hideputas que me la guardan” otoitz egiten loak hartu arte.
Astelehen goiz goizean bururatu zitzaion tranpa bat jartzea gailu madarikatuari. Holaxe tranpa: enpresak Inaziori bere kargurako emaniko Ipadetik, bakarrik laneko kontu eta postentzat erabiltzen zuen arren, ba, hortik mezu bat autobidaltzea desordenagailuko bere ohiko posta helbide pribatura. Zer bidali hautatu, huskeria bat, eta Ipadek benetan igortzen dueneko soinuak adierazi zion bere etxeko buzoiak jaso zuela auto-mezua. Alta, oraindik ere pantaila pizturik bai baina berdin huts-hutsik. Minutu batera-edo hasi zitzaion desordenagailua musika instrumentaleko doinu bat jaurtitzen. Doinu horrekin hasi zen berriro Inazio teklatu gainean dantzatzen, harik eta bertze minutu batera-edo, batek daki zergatik baina horra hor miraria!, hiruzpalau leiho agertu zitzaizkion arte, bata bertzearen gainean, eta, lehen planokoan, horrelako mezu bat: “Galdurik ibili da PCa, baina auto-berreskuratu egin da”, ez barkamenik eskatu, ez zorionik opa eginik. Leiho guztiak itxi zituen Inaziok amen batean, ez jakin zer erraten zion horietako bakoitzak, eta, orduan bai, bere ohiko pantaila agertu zitzaion azkenik. Eta ibili gainera!
“Jainko birtualak kendu zidan, jainko birtualak eman dit berriro, bejondeiola!” marmarka ekin zion Inaziok bidaiako fardela prestatzeari, desordenagailu madarikatua ere fardelaren parte.
& & &
“Ezkerretik Berrituz” aldizkarian argitaratua, 2017ko urrian, 53 zenbakia.
Koherentzia judiziala
Espainiar justizia sistema, independentzia guztien kontra. Berea barne.
Estatu-politikari nazionalistak
Estatu eta nazio izan nahi duen estatu-nazio horrek zail ditu bi asmoak, bere estatu-politikari eskas eta nazionalista burugabeekin.
Espainia marka
Espainia, bi mende eta koska duela, bere burua nazio bihurtzeko ahaleginetan huts eginiko estatuen paradigma.
Aut(oritar)ismoa.
Autistak, politikagintzan, autokrata. Hots, dependentzia arazorik zabalenak sortzen dizkigutenak: herritar guztioi.
Lege malgutasuna
Burdinazko erregimenek, txiklezko legedia.
Ez da boikot
Hain “jarto” naute nazionalista horiek, non Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko jan-edariak soilik erosten hasi naizen. Osasun kontua.
Borges itsua?
Borgesek ezagutu balu Rajoy bere Historia universal de la infamia idatzi orduko!