Gosearen adarkadak

Ezin izan dut Blasco Ibáñezen artikulu hau euskaratzeko tentazioari eutsi , hain erranguratsua, hain gaurkotasun handikoa, PPk eta bertzek espainiar jai-ikuskizun sagaratutzat jo eta UNESCOk munduko ondare artistiko gisa izenda eta babes dezala eske dabiltzan garai hauetan.

 

“Erraten zien “Guerra”k, zezenketen arriskuez hitz egiten zuten lagun batzuei:

̶ Latzak dira zezenen adarkadak; baina zer erremedio!…, latzagoak gosearenak.

Egia. Giza gorputza jotzen duten min guztietan, gosea da oinazerik txarrena, gehien iraun eta heriotzara beranduen eramaten duena baita.

Zahar zarenean, gaixorik zaudenean eta indarge, bazter batean hil zaitezke gosez; baina bizitzaren eskubidea duen gazte indartsu eta eraginkorrak, bizitzari eusteko kemena duen horrek, euskarri guztiei heltzen die bizirik irauteko gizarte absurdo eta guztiz gaizki eratu honetan, zeinak arrakasta meritua baino gehiago gurtu eta ausarkeria eroari ikasketa neketsuei baino gehiago ordaintzen dion.

Joan den igandean Carabanchelen debuta egin zuen zezenketari José Mediavilla jaunak, Filosofia eta Letretan lizentziadun eta Figueraseko Instituko katedradun ohia berau. Jende kultuak, titulu akademikoez hornituak, protesta egin du horren kariaz, Mediavillarena irakasle toga zezen-plazako hondarretara botatzea delakoan; baina horrelako protestek ez diote haren garrantzia moralik kentzen gertakariari.

Mediavilla etsi bat da; zezen adarretara bere burua botatzen dutenetan bat gehiago, adarkadarik txarrenei iheska, gosearenei alegia.

Zezenketaren ikusleek, haren toreatzaile manerak atzemanik, aditzera eman dute zerk bultzatu duen hondarretara jaistera.

Artea eskas, erdipurdiko trebezia, baina baretasun handia eta ausarkeriazko adorea.

Baliteke Mediavillak inolako zaletasunik ez izatea zezenketekiko; baina gaina hartzen die bere zainei, kemen handikoa da, badaki menderatzen perilaren aurrean sen hutsez atzera bultzatzen duen iraupen grina, Mazzantini bezain sinetsita dago Espainian eroso bizitzeko zezenak hil edo goiko do eman behar delakoan, eta lehenera jo izan du, zeren eta, zezenketen zaleek uste izan ala ez, zailagoa da opera bat ongi abestea adardun bat akabatzea baino.

Ez nauzue protestari horietako bat, ezta Mediavilla etsiaren zirt edo zarteko hautuaren aurrean espantuka ibiltzen direnetakoak  ere.

Hemen, non eta espainiarretatik hamarrena auzirik gabeko abokatuak garen, non eta eskola maisuak limosna eske dabiltzan, non eta doktore agiriak ezta iskribau lanposturik lortzeko ere balio ez duen, zenbat jendek eginen ez ote lukeen Mediavillak egin duena kemenik izanen balu horretarako edo jite ahuleziak ez balu isilean azkenetan egotera bultzatuko?

Espainian adorea uste bezain ugari ez delako frogarik handiena dugu hau, alegia, letradunak hertsatzen dituen miseriaren despit, ez dutela berauek monopolizatu etsien zezenketa lanbide hori, hemen dirua ematen duen bakar horixe. Mediavilla lizentziadunaren lanbide aldakuntza guztiz logikoa da.

Haserreak hartzen digu gaina idazle frantsesek gure herria deskribatu eta toreatzaile letradunak pintatzen dituztenean eta gure lehen arte gisa jotzen dutenean zezenketa zaletasuna.

Gezurra diote hori erratean; haien pintura konbentzional samarra da; baina horrela izan beharko du logika osoz, horrela izanen da, luzaro jarraitzen badu lehen planoan hemengo kulturarik eza nazionala.

Biztanleen erdiak irakurtzen ez dakien nazio batean; non eta letra-obrarik famatuen eta prentsak goraipatuenek gehienez jota hiru mila ale saltzen dituzten; non eta Cajal bezalako jakintsu batek, europarren mailako jakintsua berau, bizi eta bere esperimentuak egiteko irakasle gisa hilean hirurogei duro baizik ez duen; non eta idazleek, janen badute eta atorra garbia eraman, lanpostu baten eske ibili behar duten; non eta ministroek letrak babeste aldera komisio antzu eta ongi pagatuak ematen dizkieten alfer eta ezezagunei; non eta egunkariek, lau lerro mamigabe eskaintzen diotelarik azken eleberriari, zutabe osoak betetzen dituzten “Conejito” (oi, izen polita!) zezenketari oso bihurtu izana hizpide; non eta “Guerra”, “Reverte”, “Bomba” eta bertze pertsonaia estimagarriek, Espainiaren loria horiek, urtero hogeita hamar edo berrogei mila duro gordetzen duten odol printzeen antza bizi izanik ere. Natural da, oso, horrelako herri batean letradun jende bizkor eta kementsuak, suizidio eta miseria arteko aukeran, deabrura bidal dezan ezertarako ere balio ez dioten ikaste beilak frogatzen dituzten pergamino puskak eta eman dadila lankide berriekin parera ibiltzera, toreatzaileen galtza, estimuzko eta emankor den toga bakar hori jantzirik, aberats eta ospetsu bizitzera, Andaluziako larreetan edo Madrilgo Hiltegian eginiko ikasketak baizik ez eskuetan.

Etorkizun galanta, hemen irakasle bokazioa dutenei eskaintzen zaiena!

Faboritismoa eta konpaikeria, Unibertsitateetan nagusi; jesuitismo edo karlismoaren agiria, ezinbertzekoa oposizioetan; ondoren, katedra lortuz gero, esklabotza intelektuala, kargugabetzearen beldur azalpenek ortodoxiarik hertsien eta goibelenari jarraitzen ez badiote… eta dena hamabi edo hamalau mila errealen truk, ken deskontuak, inolako itxaropenik gabe zientzietako jornaleroen klasetik ateratzeko.

Argi eta garbi ikusi du Mediavillak. Larrua arriskatu eta “loria”ren aldaretik ospitale ohatilako oihal ziratura erori ahal izanen da, baina miseria zientifikoa baino gehiago balio du zezenketari-jantziak, kapelez eta tabakoz beteriko plazak, odolez eta ardoz hordituriko jendetza ergel baten txaloaldi zoratuak, nor den Pérez Galdós ezta agian Cervantes ere nor zen ez dakien jendetzarenak, baina, ordea, zehatz-mehatz dakiela zekorketarien biografia eta Kordoban erretiratu “Lagartijo” eta “Frascuelo” Torrelodoneseko bakartia buruan dituela, orain hogeita hamar urte Frantziak Guerseyn erbesteratu Victor Hugo zuenaren pare.

Ongi etorria, Mediavilla, zezenketen mundura.

Zorte ona opa behar diogu, nahiz eta bakarrik izan espainiar zentzudun gutxietako bat izanagatik eta bizi duen aroa sakonki ezagutzagatik.

Bi zezenketari dugu dagoeneko gosearen adarkadek hondarretara botata.

Lehenbizi Mazzantini, gizon kultu eta poliglota hori.

Gero Mediavilla, irakasle ohi etsia.

Falta zaigun bakarra apaiz jaunaren baten “debuta” da, mezarik aurkitu ez eta aita-ama ponterik ezak ere apezpiku izatera helduko ez direlako ziurtasuna duten apaiz horietariko baten bat”.

 

[Blasco Ibáñez, V.: “Las cornadas del hambre” (El Pueblo egunkarian, Valentzia, 1897ko abuztuak 28)].