Hau morala nirea!

Badakit inor gutxi etorriko dela bat ene planteamendu honekin: edo amoraltzat jo edota erlatibista naizela leporatuko didate gehienek. Amoral ez naizela, bistan da beherago diodanaren arabera. Erlatibista ote naizen ala ez, kasurik okerrenean, bakarrik erlatiboki erlatibista nauzue, nahiz eta ur erlatiboki handi horietan ez naizen gaur murgilduko (bertze nonbait azaldu nuen aspaldi ene erlatibismo moralaren erlatibotasuna). Ez da etika eta moralari buruzko ene ideia hau azaltzen dudan lehenbiziko aldia. Gaurko honetan, Viktor Franklen pasarte honek, Lontxo Oihartzabalek euskaratuta, bultzatu nau berriro ere Moral edota Etikaren inguruan jirabiraka hastera. Gizakia zentzu bila (Erein, Donostia, 2017) liburuko pasarte honek, alegia:

«Gizakia ez da inoiz portaera moral baterantz bultzatua: kasu jakin bakoitzean, moralki jokatzea erabakitzen du. Gizakiak ez du hala jokatzen bulkada moral bat asetzeko eta kontzientzia garbi edukitzeko. Gizakiak ez du moralki jokatzen kontzientzia garbi edukitzeagatik, baizik eta kausa batengatik, edo maite duen pertsona batengatik, edota bere Jainkoaren amoreagatik. Kontzientzia lasai edukitzeagatik jokatzen badu horrela, fariseu bat bilakatuko da, eta pertsona egiazki moral bat izateari utziko dio. Nago santuek ere Jainkoa zerbitzatzea besterik ez zutela gogoan, eta ez dut uste santu bihurtzeko asmoz jokatu izan zutenik inoiz. Hala izatera, perfekzionista bihurtu izango ziren, eta ez santu».

* * *

Formulazio nahasia, ene ustez, Franklena. Pasartearen hasiera hori (“Gizakia ez da inoiz portaera moral baterantz bultzatua; kasu jakin bakoitzean, moralki jokatzea erabakitzen du”) ez dakit itzulpen arazo bat den ala Franklen hitzena, baina nahasia suertatzen zait. Geroko bertze erramolde batekin (“pertsona egiazki moral bat izateari utziko dio”) lotuz gero, nahasia ez ezik, konbentzionalegia ere iruditzen zait ideia, moralari buruzkoa.

Izan ere, zer da moralki jokatzea, zer da “pertsona egiazki moral bat izatea”? Halako Ongiarekin bat jokatzea ote, halako inperatibo kategoriko kantiarrarekin, moralaren halako nozio unibertsal batekin bat jokatzea? Ematen du horrela ulertzen duela gure filosofo logoterapeutak eta, hortaz, erran dezakeela Franklek gizakiak moralki jokatzen badu, kasu jakin bakoitzean horrela jokatzea erabakitzen duelako dela.

Ene ustez, gizakiak arrazoi anitzengatik eta helburu desberdinen bila joka dezake, baina gizakia da beti bere jokamoldea moralki epaitzen duen izaki bakarra, hots, norberak jakinda zer egin duen ongi edo gaizki (norberaren iritzi moralen arabera): arazoa da zer den ongia edo gaitza gizaki bakoitzarentzat. Norbaiten Ongiaren kontzeptua guztiz arbuiagarria izan dakiguke bertzeoi guztioi edo gehienoi edo askori. Hitlerrek, Stalinek, McCarthyk, Mussolinik, Francok, Molak, Kardinal Goma Toledoko Artzapezpikuak, Pio XII.ak…, tankera horretako hainbatek eta hainbatek ez al zuten Ongiaren kontzeptu bat?, ez al zuten zeinek bere jokamoldea moralki epaitzen, gutako bertze askoren ustez guztiz arbuiagarria izanik ere haien morala?

Ados, bertzalde, Franklekin, dioenean gizakiak ez duela jokatzen bere kontzientzia garbi edukitzeko, baten batek horrela jokatzen badu “fariseu bat bilakatuko” edo “perfekzionista bihurtu izango” dela, hots, neurotiko bigarren kasuan.

Oroitzapenak egitasmo

Espetxe-zigor arbitrario eta isolatuen pean, iraganean baizik ez dira oinarritzen etorkizuneko egitasmoak, iragana bera da etorkizun eta etorkizuna nostalgia huts. Adierazgarriak, bai horixe, Viktor Franklen hitz hauek Gizakia zentzu bila liburuan, Lontxo Oihartzabal eta Miren Arratibelen euskal hizkeraz:

«Bizi izandako iraganean pentsatuz bizitzera behartu omen zuen etorkizun-eza hain sakonetik bizi izanak, hildako baten iragana omen zirudien-eta bere bizimoduak han […].

»Etorkizunean inolako xederik jarri ezin zuela-eta, […] iraganekotzat baino ezin jo zezakeen han zeraman barne-biziera».

Espetxeratu guztien sentipena: iragana dutela etorkizun alegia. Ene espetxealdian bururaturiko poematxo batean, erdaraz baizik ezin nuena egin garai haietan, horixe aipatu nuen, gaur honela euskaraturik. “Hautsaren zama hau” jarri nion titulu, egoera hartako sentimena zerion poemari, sentimen uherregia estetika primarioegian zehar irazirik, baina lerro eta erdi hau zuen, hain justu Franklek dioenaren adibide garbia: “Zenbat ordu // oroitzapenak egitasmoz jantziz…”.

Biziarteko espetxe-zigor berrikusgarria

Ilustrazioaren fruitu bat izan zen espetxealdi zigorrak, delituarekiko proportzionala izateaz gain, delitugilea birgizarteratzea izan behar zuela helburu. Birgizarteratze kontzeptuak badu bere barnean osagai berrezitzaile bat, dudarik ez, baina betiere espetxealdiaren proportzionaltasunaren barnean. Ezagunak dira gero historian diktadore zoro amorratuak, zeinek Ilustrazioaren arrazionaltasuna erabili baitute euren helburu zoroak lortzeko. Hala nola, Víktor Frankl kontzentrazio-zelaietan sartu zuen Hitler, auto-inkulpazio eta damu bila espetxealdi berrezitzailea birgizarteratze asmoz mozorrotu zuen Stalin, edo diktadore izatera heltzeko aukerarik ezean, sorgin-ehiztari zoro amorratua izan zen McCarthy, Stalinen helburu berdintsuak buruan…

 

Ildo horretan dabiltza gaurko berrezitzaileak: zigor proportzionaltasuna, delitura ez, berrezitzeko beharretara egokitzearen alde, espetxealdiaren iraupena kasuz kasu zigortzaileek beraiek hautaturiko berreziketan aditu zoro amorratuen eskuetan jarri, eta horra hor biziarteko espetxealdi berrikusgarriaren irudi penala! Ildo horretan dabiltza paraje hauetako gaurko agintariak, hain ilustrazio handikoak denok dakigunez!

 

Ikus dezagun pasarte hau, Viktor Franklena, “amaierarik gabeko behin-behinekotasuna” hizpide Hitlerren kontzentrazio-zelaietan hausnarturik:

 

«Kontzentrazio-zelaietan egondakoengandik behin eta birritan entzun eta irakurri dugunez, egoera hartan bizi ohi zen gauzarik mingarrien eta ikaragarriena izaten zen, hango egonaldia noiz arte luzatuko zen ez jakin ahal izatea. Ez du askatasun-agiririk jasoko! Inoiz askatasun-uneaz eztabaidatu izan bazen –gure zelaian ez genuen horretaz inoiz hitz egin–, inolako zehaztasunik gabe amaitzen zen beti kontua: ezin zehaztu zitekeen ezer, berez zehaztezina baitzen gaia. Eta psikologiaren arloan ezaguna den ikerlari batek, kontzentrazio-zelaiko bizieraren ezaugarri nagusia “behin-behinekotasuna” izan zela adierazi badu ere inoiz eta zeharbidez, honako beste hau gehituz ezaugarritu beharko dugu existentzia haren nolakotasuna: “amaierarik gabeko behin-behinekotasuna” izan da hara zigortutakoaren bizipenik larrien eta nagusietakoa».

 

[Viktor E. Frankl: «Gizakia zentzu bila». (Itzultzaileak: Lontxo Oihartzabal eta Miren Arratibel). Erein, (Donostia, 2017)].

 

Horretan datza bizi osoko kartzela zigor berrikusgarriaren injustizia sendoena: kontzentrazio-zelaietan bezala, edozein zigor sistematan, bai eta zigor jakinaren ordez halako konbertsio bat jartzen denean baldintza gisa (hala egiten zuten disidente politikoekin sistema berrezitzaile diktatorial “gizatiarrenetan”, ezta?), “amaierarik gabeko behin-behinekotasun” bihurtzen baita “zigor berrikusgarria”. Eta guztiz arbitrario izanen den sistema baten pean, bertze baten iritzien menean bizitzera behartzen baitu zigortua. Hain zuzen kartzela-zigorrari izaera “berrezitzailea”, paradoxikoki, guztiz kentzen dion sistema.

 

Baina kontuan harturik gure justiziaren helburu guztiz humanitarioa, zigortuaren berrezitzailea dela alegia, ez ote litzateke errazago izanen delitu guzti-guztiei biziarteko espetxe-zigor berrikusgarria ezartzea, gure epaile txit zintzoek erabakitzeko gero kasuz kasu noiz nori eman askatasun-agiria? Erranen nuke horixe dutela helburu.

Galeno-talde eskasa

Demokrazia abizendunekin ez fio, organiko abizendunarekin adibidez. Demokrazia organiko baten kume da 78ko erregimen hau, haren geneak daramatza ADNan. Analogia bat egitera eramaten nauena, organismo horren osasun arazoez.

 

Gorputz bati urdaila nahasi eta gasek presio egiten diotenean paretetan, irtenbiderik eman behar gas horiei, paretak lehertzen edo zulaturik ez badira amaituko. Sabel gotortu eta bunkerizatuenak ere horrela bukatzen dira, ezinbertzez. Izanen dute gero nolabaiteko konponbidea, agian, horrelako sabelek, baina kirurgiaren aldetik. Kontua da demokrazia abizendunei aplikatzen zaizkien kirurgiak badakigula zer diren, hots kirurgia diktatorialak, demokrazia izena bera desagerturik eta organismoari zatiren bat kendurik.

 

Borborka dabiltza adibidez gas katalanak, eta bertze anitz, 78ko organismoaren sabelean. Gasei irtenbiderik ez, eta 155eko tapoi astringentearen terapia erabaki zuen Rajoy eta Sanchezek osaturiko talde medikuak. Terapia erabaki, praktikante talde baten eskuetan utzi terapiaren zaintza eta jarraipena, Goreneko Auzitegikoen eskuetan zehazki, eta desagertu egin da talde medikua, missing dago, ezta galeno-parteak emateko ere ez da noizbehinka agertzen. Diskrezio osoz ibiliko ote dira ekipo kirurgikoa prestatzen?

 

Baliteke. Baina gaur egun Primo de Riveraren tresneria kirurgikoa EBko merkatuan aurkitzea hain erraz ez dutenez, horregatik euren B planarekiko, kirurgia diktatorialarekiko, diskrezioa ote? Edonola ere, galeno-talde eskasa da 78ko organismoaren osasun zaintzaren arduraduna.