Tortura sistema ilustratua

Legezko tautologia: legeak debekatzen duenez tortura, ez dago torturarik; legeak debekatzen duenez ustelkeria politikoa, ez dago agintarien ustelkeriarik. Tortura bat da, alta, espainiar Justizia sistemarentzat, hogei aldiz jada Estrasburgoko Auzitegiak Espainia zigortu izana tortura kasuengatik. Baina irmo jarraitzen du mesetako sistemak horrelako tortura europarraren aurrean hondoratu gabe, ez psikologikoki, ez fisikoki. Are gehiago, mesetako Justizia sistemari galdezka joatea legediaren kontrakoa da, kalumnia, ustezko torturatuaren lagun eta kolaboratzailetzat jotzeko arrazoi nahikoa. Inolaz ere aitortu gabe ezen torturaz galdetzea legediaren kontra joatea baldin bada, tortura lege duelako seinale dela. Hots, legezko tautologiaren ondorio paradoxikoa. Hain begi-bistakoa, ondorioa, non ezin daitekeen egia izan. Torturaren praxi zabala bezain begi-bistakoa eta, hortaz, bezain sinestezina. Horixe da ez ikusiarena egiten duen hainbat herritarren ikusmoldea. Paregabeko kontzientzia-garbigarria, Don Limpio edo Mr. Proper klasiko hura baino efikaz eta seguruago!

Ezin ahaztu, dena dela, torturaren praxia eta defentsa gizakien arteko etsaigoa bezain zaharra dela historia osoan. Eta Europan mende luzeetan, prozedura judizialaren parte, guztiz legezkoa, Jainkoak eta Erromako Elizak bermatua, izan zen Inkisizio garaietan tortura. Halako Jainkoaren epaia: oinazetan hiltzen zenaren erruduntasunaren froga dibinoa, oinazetan kulpak guztiak bere egiten zituenaren erruduntasunaren froga eztabaidaezina, oinazetan bere errugabetasunean tematzen zirenen deabruak lagunduriko burugogorkeriaren sufrezko froga begi-bistakoa…

Ilustrazioa etorri zen gero, eta bertan behera utzi horrelako sistema, bertan behera utzi zuen tortura legezko prozedura gisa. Ez, aldiz, haren praxia: tortura erabiltzen jarraitu zuten botere zibilek, polizia sistemek. Ez halako inertzia batengatik, baizik eta zientifikoki ere frogatuz haren komenentzia eta teorizatuz haren funtzioak eta metodoak. Eskuragarri du Interneten irakurle interesatuak CIAren (ia mundu osoko poliziei tortura-master tituluen emailea berau) hainbat eta hainbat paper desklasifikatu.

Hori bai, aurrerakuntza begi-bistakoa egin zuen Ilustrazioak: tortura, ikuskizun publiko izatetik, publikoki ezin onartuzko prozedura izatera pasatu zen. Hortik aurrera, herritar zintzoek halako Don Limpio kontzientzia-garbigarriarekin (ez ikusiarena egiten) zuritzen dute euren burua. Kasurik onenean, jakina, zeren bertze anitzek, garai haietako Erromak bezala, ez jada prozedura judizial gisa, merezitako zigorraren parte gisa baizik, aintzat hartzen baitu tortura: betiere, errudunak ez, ustezko “etsaiak” baizik, jasaten badu.

Ezin kexu ibili gu, Ilustraziokoa da espainiar Justizia sistema.

* * *

(Ezkerretik Berrituz aldizkarian, 55. zbk, 2018ko apirila, plazaratua).

Berreziketa mendeku

Ilustrazioaren fruitu zentzudun bat izan zen espetxe-zigorrak, delituarekiko proportzionala izateaz gain, delitugilea birgizarteratzen saiatzeko balio behar zuela. Birgizarteratze nozioak badarama berez, jakina, osagai berrezitzaile bat, baina betiere delitu bakoitzarekiko espetxealdi proportzional horrek iraun artean. Ezagunak dira gero historian diktadore zoro amorratuak (latinezko vesania-k jotakoak), zeinek Ilustrazioaren arrazionaltasuna erabili baitute euren helburu zoroak lortzeko. Hala nola Hitler, bere kontzentrazio-zelaiekin; edo Stalin, auto-inkulpazio eta damu bila espetxealdi berrezitzailea birgizarteratzeko asmoez mozorrotu zuena; edo diktadore izatera heltzeko aukerarik gabe ere diktadoreen antzera vesania-k jotako sorgin-ehiztari izan zen McCarthy, Stalinen helburu berdintsuak buruan… Hitlerren gogoan, badakigu, ez zegoen inor berrezteko xederik, bere gizaki arioaren eredutik kanpoko guztiak (bera izan ezik, bere irudiak zerikusirik ez baitzuen bere eredu arioarekin) garbitzekoa baizik, hots, genozidio garbia. Stalin eta McCarthyk, aldiz, zigortuen aitortzak (“krimenen” auto-inkulpazioak) zituzten helburu, gero epaileek nahi zutena erabakitzeko, zirela heriotz-zigorrak, zirela lan-eremu “berrezitzaileetan” ixteko zigorrak. Labur erranik, justizia berrezitzailea mendeku hutsaren mozorro.

Ildo horretan dabiltza gaurko justizia berrezitzailearen aldekoak: zigor proportzionaltasuna, delitura ez, berreziketaren beharretara egokitzearen alde, espetxealdiaren iraupena kasuz kasu zigortzaileek beren gustuko berreziketan aditu vesanikoen eskuetan jarri, eta horra hor biziarteko espetxealdi berrikusgarriaren irudi penala! Ildo horretan dabiltza paraje hauetako gaurko agintariak, hain ilustrazio handikoak denok dakigunez.

Hitlerren kontzentrazio-zelaietan hausnartzeko “aukera” izan zuen Viktor Frankl psikologo eta neurologoa mintzo, «kontzentrazio-zelaietan […] bizi ohi zen gauzarik mingarrien eta ikaragarriena izaten zen, hango egonaldia noiz arte luzatuko zen ez jakin ahal izatea». Eta “amaierarik gabeko behin-behinekotasun” gisa definitu zuen zelai haietako egoera.

Ba, holaxe: edozein zigor sistematan, zigor jakinaren ordez halako konbertsio bat eta damua jarrita aurre-baldintzatzat askatasun-agiria lortzeko (sistema berrezitzaile diktatorial “gizatiarrenak” eredu), amaierarik gabeko behin-behinekotasun bihurtzen da zigor berrikusgarria. Sistema guztiz arbitrario bat, bertze baten iritzien menean bizitzera behartzen baitu zigortua betiko. Hain zuzen kartzela-zigorrari izaera berrezitzailea, paradoxikoki baina nahita, guztiz kentzen dion eta mendeku huts bihurtzen den sistema bat.

Eskaintza bat luzatzen diet gure mendekari hauei: euren justiziaren helburua guztiz humanitario berrezitzailea denez, ez ote litzateke errazago izanen delitugileei guztiei biziarteko espetxe-zigor berrikusgarria ezartzea, gure epaile txit zintzoek erabakitzeko gero kasuz kasu noiz nori eman askatasun-agiria? Erranen bainuke azken beltzean horixe dutela helburu.

* * *

(Atzo, apirilak 1, Nafarroako Diario de Noticias-en argitaratua)