Esparzari eskertu beharko?

M26ko hauteskundeetako nafar emaitzak (Foru Parlamentukoak) 27an goizean goiz ikusi eta urgentziazko artikulu hau idatzi nuen ARGIA aldizkarirako edizio digital eta paperezkorako (digitala 27an bertan eta paperezkoa 2.646 zenbakian (2019/06/02) plazaraturikoa), aldizkariak berak eskaturik.

“Esparzari eskertu beharko?

 

Esparzari eskertu beharko ote diogu PSN ez batzea Navarrasumarekin nafar gobernua osatzeko?

 

Horrela dirudi Esparzaren lehen hitzak entzunda emaitzen ostean: “Ez dugu Chivite presidente eginen, ez gure botoekin, ez abstentzioarekin”. Chivitek, berdintsu Esparzari buruz, bere jarraitzaile sutsuen oihuen (“Esparzarekin ez!”) aurrean. Ba al dago fidatzerik Chiviteren hitzekin? Chivite ez da Sanchez eta ez du lortu lehen indarra izatea, bere berreskurapenaren despit. Alde handia hartu dio Navarrasumak, eta ezinen du berez GB, Ahal Dugu eta I-Erekin bakarrik gehiengoa lortu, Chivitek nahi duen bezala EH Bildu baztertuz gero. Zaila du, Sanchezek baino zailagoa, gaien araberako akordio puntualak lortzea ezker-eskuinera jokatzen. Hitzarmen sendoagoa lortu beharko luke bere balizko kide ezkertiar nafarrekin, EH Bilduren abstentzioaz gain. Chiviteren temak ez du ezer onik iragartzen.

 

Gerri fina du Chivitek, inbidiagarria ere, baina fina bezain zurruna, behintzat ezkerraldera gorputza makurtzeko. Ezin du ulertu Nafarroan ezkerrak eta aurrerakoiek gai sozioekonomikoak soilik ez, gai kulturalei ere (euskara barne) eutsi behar dietela giro demokratiko integratzaile bat sortu nahi badute. Chiviteren ikuspegi kulturala, batik bat Nafarroako hizkuntza aberastasunari dagokionez, gertuago dago UPNren diskurtsotik bere balizko kideenetik baino. Aberastasun horren aldeko eskaerak identitate kontu gisa, eta ez kontu demokratiko gisa, ulertzen tematzea ez da batere integratzailea. Eta hain gogor ikuskera horri eustea nafarron ideien pluraltasunari uko egitea da. Chiviterengatik izanen balitz, gustura jasoko lituzke PSNk Navarrasumaren botoak presidentetza lortze aldera.

 

Espero dezagun, bada, Esparzari eskertu behar diezaiogun PSN-UPN-C’s gobernu koalizioa, agerikoa edo itzalpekoa, ez gauzatzea.

 

Iruñean, 2019ko maiatzak 27.

Bixente Serrano Izko”