Artikulu zaharra dagoeneko baina batere ez zaharkiturik, honako hau. 2019ko maiatzaren 9an idatzirik Ezkerretik Berrituz bihilabetekariarentzat, joan den astean plazaraturikoa paperezko euskarrian. Hauteskunde orokorren ondoren idatzia, beraz, baina Foru eta Udal hauteskundeen aurretik. Gaur, hilabete bat igarota azken hauetako egunetik, galdera berdinek jarraitzen dute bizirik geure neuronen barnean, metafora ezberdinak erabil ditzakegularik egunez egun kezka berberaren inguruan. Hauxe da artikulua:
“HAUR PSIKOPATOLOGIA KASU BAT?
Ez dago zertan izan ez psikologo ez psikologista ene buruari maiz egiten diodan hau bezalako galdera egiteko: alegia, PSNren arazo bat ez ote dagokion haur psikopatologia arloari.
Antso ene lagun onak bere txio batean aditzera eman berri duen bezala, Chivite ez da Sanchez, eta PSNri buruz ari naiz honetan, ez PSOEri buruz, direnak direlakoak, ene ustez, Sanchezen eskasiak.
Zertan datza ene galderaren funtsa? Bada, arazo zaharra da honezkero PSNrena, berau Urralburuk hondamendira eraman zuenetik datorrena, hau da, nafar gobernutik kanpo gelditu zenetik (Otanorena fede oneko saio frustratu bat baizik ez zen izan, ene ustez, Urralburuk sorturiko ekaitzan ez hondoratzeko). Ene susmoa, bada: garai haietatik halako umezurtzean gelditu zelako traumak jota ez ote dirauen PSNk. Nafar gizarteak umezurtz utzi izan balu bezala, bere kariñoa faltan.
Horrelako traumak jotako haurrak oraindik ere traumatizaturik hel daitezke gaztarora, eta hortik espezialitate hori, haur eta gazte psikopatologiarena. Horrelako haurrak, nerabezaroan, apetatsu huts izatetik bihurrikerietan ibiltzera igarotzen dira maiz, eta gaztaroan gurasoen kontra jokatzera, halako errebeldia tematsu batekin, auzoko lagun txarrenekin biltzeraino. Horixe nire galdera, hortaz: holaxe ibili ez ote den PSN ordutik hona, UPNren eskutik beti, nafar gizartea zigortu nahian beronek kariñoa berriro ere itzultzen ez dion artean.
Irudi hori dabilkit buruan jiraka, PSNri gaur behin eta berriz entzuten diodanean berak izan behar duela eskutan nafar gizartearen gidaritza nafarrok ongizatean mugiarazteko. Badago mehatxu tonu bat mezu horretan: ez badidazue ahalmen hori neuri ematen, hor konpon zuek. Hau idazten dudanean pentsaezina da, hauteskunde orokorretako nafar botoekin, ez PSNk, ez PSN-IE-Ahal Dugu arteko gobernu-koalizio batek (hots, PSNren ustezko indar abertzale batere gabeko koalizio batek) indar aski lor dezakeenik Navarrasumari gobernu posibilitatea ixteko. Eta auskalo, azken urteotako aldaketaren aldeko indarrekiko lankidetzan ibiltzeko behartuta ere, Foru-hauteskundeetan berreskuratuko ote duen PSNk nafar gobernurako giltza. Lor dezake, dena da posible, baina auskalo lortuko duen.
Eta lortuko balu eta bere esku egonen balitz aldaketaren aldeko esperientzia onartu ala errefusatzea, zer eginen luke? Jarraituko luke nafar gizartearen kariño osoaren esperoan, Navarrasumari (UPNri lehen bezala) gobernua baimentzen, nafar gurasoek (gizarteak) ikasi arte PSN ez bertze maitatzen? Maria Chiviteren aldarriek, bere burua gobernuburu ikusten duela behin eta berriz garrasika, eta lau urte hauetan lauko koalizioak aldaketaren alde eginiko urrats guztiak Esparzaren uberan errefusatzen nafar identitate kontra eman direlako aitzakia bueltaka, ez dute ezer onik iragartzen: haur eta gazte psikopatologia mota batek jotakoengan sortu ohi den identitate arazoren bat duela erranen nuke nik.
Iruñean, 2019ko maiatzak 9.
Bixente Serrano Izko.”