Edur loreak
opari egin dizkigu
udaberriak.
Edur loreak
opari egin dizkigu
udaberriak.
Bere kontraerranak bertzeek begi bistan jartzea onartzen zuen. Ez ordea bere erranak zalantzan inork jartzea.
Ideia karratuak dira hain zuzen errazen eta desegokien koadratzen direnak proiektu karratuetan.
Maitatua hiltzen duten amodioak, eta are gehiago ere: maitatuari gorroto diotenak.
Bibaka eta kanoikadaka mikro-eltxoa hilko dutelakoan daudenen patetismotik, gehienon tragediara pasatzeko arrisku bizia.
Dena dago birusak kutsaturik, baina dena ez da birusa: ARGIAn plazaraturiko artikulua:
Distortsioak
Jakina, edozein Zuzenbidezko estatutan Zuzenbideak eta Estatuak talka egiten dutenean Zuzenbidea ateratzen da beti galtzaile. Ez du alferrik Estatuak definitzen zer den Zuzenbidea. Diktadurapeko Estatuetan begi-bistakoa da zuzenbide-estatu terminoaren oximoron tranpatia. Alta, demokrazietan halako mikro-zomorrotxo biral bat dugu kontzeptua, pozoi ikusezin txertatua.
Nafarroan foru-zuzenbide zibilaren gaurkotzearekin gertatzen ari dena: Espainiako Konstituzioak, hain defizitario demokrazia aldetik, definitzen duenez zuzenbide-estatua, ustezko konstituzionalistek erabaki dute gure zuzenbide zibilaren erreformako zenbait xedapenek talka egiten duela Konstituzioarekin, gaurko espainiar zuzenbide-estatuarekin. Bitxiki, estatu eremuko PSOEk eta Podemosek erabaki dute antikonstituzional dela eta Konstituzio-auzitegira eraman Nafarroako erreforma hori, nafar alderdi (euren nafar alderdikideak barne) eta aditu guztien artean adosturikoa berau.
Mikroskopio bat edo betaurreko distortsiogileak daude horren atzetik, bistan dena. Konstituzioaren zuzenbide-estatua demokraziaren berme bakartzat eta eskubide historikoak halako zaharkintzat ikusarazten dituen mikroskopio distortsiogilea alegia. Eskubideak oro historiko ez balira bezala, hots, historian sortuak, iraganeko gorabeherek sortuak, direla bake- edo desegigo-itunak, direla lorpen politiko-sozialak, direnak direlakoak, eta berdintsu ezabagarriak modu batean edo bertzean, zilegitasunez edo zitalki. Konstituzioak beraiek historiko dira, hots, “eskubide historikoak” bezalako zaharkin, horrela hitz egiten jarriz gero.
Endemas Espainiako Konstituzioaren zuzenbide-estatuak bere egin zituen nafar eskubide historikoak, gure zuzenbide zibila nafarrok eraikitzeko eskubideak. Ezinbertzekoa da beraz galdera (eta ezinbertzekoa bezain inozoa Estatua eta Zuzenbidearen arteko talkarena erran ondoren, baina galdera inozoak dira sarri adituen jakinduria sakonkien aztoratzen dituztenak): zer da antikonstituzionalago, gure zuzenbide zibilaren erreforma, ala Espainiako Gobernuaren mikroskopio distortsiogilea?
Zein fier eusten diogun egunerokotasun hutsalari, jakinik ere hutsaltasunak suntsituko gaituela! Alta, horri esker gaude oraindik ere kalaka ematen.
Mundu ikuskera gisako ideologietatik mundu begitazioetara.
Hanka-sartzeak trakets berez, ateratzea artez zure hobe beharrez.