Lurraldetasuna.

Koronabirusaren lurraldetasuna ez dagokio lurraldetasun administratibo-politikoari. Mikro-zomorrotxoak deus ere ez daki ez geografiaz ez historiaz ez politikaz. Zerbait jakitekotan, eta betiere metaforikoki hitz egiten, demografia multzoez eta berauen barneko giza harremanez daki dakiena. Haren kutsadurak ez du lurralde mugarik, ez behintzat administratiborik. Giza harreman eta ukimen arabera hedatzen da, eta demografia multzoen arabera aurkitzen du bere habitat ekologikoa.

Bertze kontu bat da hari aurre egiteko nola antolatzen garen gizakiok: terapia kontuak zehazterakoan, bai, lurraldetasunaren kudeaketa dugu tresna bat. Alta, ez dirudi lurraldetasun administratiboak egiteko handirik duenik terapiak antolatzerakoan. Kontrolak eta arauak ezartzeko, estatua eskuaira eta kartaboiz banatuko bagenu bezala da probintzietan banatzea. Zergatik, bada, hartu ote du probintzia unitate bezala espainiar gobernuak bere neurrien onurak eta akatsak kontrolatzerakoan? Inertzia burokratikoaz lurraldetasun administratiboa hartu nahi izan badu horretarako, zergatik ez du hartu gaurko lurraldetasuna, erkidego autonomikoena? Aditzera eman duten arrazoia, kontrol unitateen tamainarena, ahulegi dirudi bere hutsean lehen begiradan.

Ados, kontrol unitateen tamaina garrantzizkoa da kudeaketan. Batere ez egokia, ordea, probintzien tamaina mikrobioaren portaera geografikoari mugak jartzerakoan: burokraziaren inertziak eraman du, itxura osoz, eskuaira eta kartaboiaren ordez mentalitate zaharkitu baten arabera kontrol sistema antolatzera.

Ulergarria, zentzu horretan, erkidego autonomikoak unitate gisa hartu ez izana. Baina ulergarria, jada inposaturiko premisa batetik begiratuta bakarrik: agintaritza bakarrekoaren inposaketatik alegia. Badute zerikusirik horretan bertze eragile batzuek ere, hala nola zein era penagarrian antolatu zen trantsizioan Espainia autonomiko hura, “kafea guztientzat” lemapean. Autogobernu sendoa eskatu eta behar zuten lurraldeak batzuk soilik ziren: Euskal Herria, Galizia, Herri Katalanak, Kanariar Uharteak, horiek seguru, eta Andaluzia eta Aragoi agian (hauetako herri eskaera hain zabaldurik ezta hurrik ere ez zegoen). Baina garaiko bunkerrekoak ez zeudenez prest nazionalismo espainiarra ez bertze nazionalismorik onartzeko nazio batasun sakrosantuaren izenean, mozorrotu egin zuten autogobernu nahiei amore emate hura autonomia-Estatuaren antolamenduaz, muzin nabarmenik gabe onartu zutelarik kafeina gabeturiko denentzako kafea, bai bipartidismoa ezarri nahi zutenek, bai lurralde “separatistetako” hainbat alderdik.

Hortik datorkigu espainiar gobernuaren agintaritza bakarreko gaurko probintziakeria zaharkitua. Aitzakia zentzuduna, jakina, erkidego autonomikoen tamaina.

Baina, kontxo!, ez al dago bertze lurraldetasun mota bat indarrean, erkidego autonomikoek eta zonalde mugakide batzuetan euren arteko itunek kudeatuta, tamaina askoz txikiagoko eta hala osasun beharrei nola koronabirusaren habitat demografikoari askoz egokituagoa, osasun barrutiena kasu?

 

⁎ ⁎ ⁎

 

[Esplizituki erran gabe doa, inplizituki bai ordea, artikuluaren intuizioa: autonomia Estatuaren konstituziogile haiek ez zutela sinesten erkidego autonomoen autogobernuarekin. Hortaz gaurko probintziakeria hau.

 

Atzoko nafar D. de Noticias-en plazaraturiko artikulua].

2 thoughts on “Lurraldetasuna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude